’Xabier Lete. 60 Poems’, Leteren poesia nazioarteko irakurlearen esku
’Xabier Lete. 60 Poems’, Leteren poesia nazioarteko irakurlearen esku
Oiartzungo poeta eta kantari handiaren ingelerazko antologia elebidunaren aurre-aurkezpena egin dute Gipuzkoako Aldundian. Liburua New Yorkeko Sundial House zigiluan argitaratuko da. Kristin Addisek euskaratik itzuli ditu poemak, Kirmen Uribek idatzi du hitzaurrea, Lurdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak hautaketa eta azterketa kritikoa

Xabier Lete. 60 Poems liburuaren aurre-aurkezpena hartu du gaur goizen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunea Aretoak. Leteren poesiaren ingelesezko antologia elebidunak hirurogei poema biltzen ditu, jatorrizko euskarazko testuarekin eta ingelesezko itzulpenarekin. Argitalpenaren helburua ez da soilik izan Leteren poemak ingelesez eskaintzea, baizik eta haren obra nazioarteko irakurlearen esku jartzea, kalitatezko itzulpenarekin eta haren poesia ulertzeko beharrezko aparatu kritikoarekin.
Proiektua Kirmen Uribe idazlearen ekimenez sortu da eta, hainbat urtez egindako lanaren ondoren, New Yorkeko Sundial House zigiluan argitaratuko da. Kristin Addisek zuzenean euskaratik itzuli ditu poemak, bitarteko hizkuntzarik erabili gabe. Poemen hautaketa eta azterketa kritikoa Lurdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga EHUko irakasleek egin dute. Biek ezagutza berezia dute Leteren obraz: aurretik haren poesia osoa bildu eta prestatu zuten Elkar argitaletxearentzat. Uribek berak idatzi du liburuaren hitzaurrea.
Gaurko aurre-aurkezpenean parte hartu dute Kirmen Uribek, Lurdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak. Haiekin izan da, baita ere, ekimena babestu duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Eider Mendoza diputatu nagusia. Mendozak eskerrak eman dizkie “arnas luzeko lan eder eta eskuzabal” hau gauzatzeko ekarpena egin duten pertsona guztiei. “Leiho berri bat zabaltzen dugu, mundu zabalean ere, Leteren poesia hedatzeko; nazioarteko irakurleek modu errazagoan ezagutu, gozatu eta maitatu ahalko dute aurrerantzean. Gainera, nazioarteko begiradatik, euskaran eta euskal literaturan sakondu nahi duen orok gure herriak emandako poeta nagusietako baten obra esku-eskura izango du aurrerantzean”, nabarmendu du.
Proiektuaren abiapuntua
Kirmen Uribe Sundial House argitaletxeko Board-eko kidea da, NYUko Writer in Residence izateaz gain. Uriberen iritziz, “beharrezkoa” zen Xabier Leteren lana ingelesez irakurri ahal izatea “kalitatezko argitaletxe batean, itzulpen zuzenarekin eta testuinguru kritiko sendoarekin”. “Proiektuak hainbat urteko lana eskatu du, baina azkenean Leteren poesiak lehen aldiz izango du halako edizio bat ingelesez”. Euskal poesia modernoaren funtsezko egileetako baten 60 poema, alegia, euskaratik zuzenean ingelesera itzulita.
Liburua Sundial House zigiluan argitaratuko da, Columbia University Pressen barruan. Sundial Housek Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako hizkuntzetatik egindako literatura-itzulpenak argitaratzen ditu, eta arreta berezia eskaintzen die nazioarteko argitalpen-zirkuituetan presentzia txikiagoa izan duten hizkuntza eta literatura-komunitateei.
Xabier Leteren liburua Iberiar penintsulako bildumako lehen lana izango da. Ondoren etorriko dira Méndez Ferrínen eta Xuan Belloren lanen itzulpenak. Horrek kokapen berezia ematen dio Leteren liburuari: ez da soilik euskal poeta baten ingelesezko argitalpena, Sundial Housek Iberiar penintsulako hizkuntza eta literaturak ingelesezko irakurlegoari zabaltzeko abiatu duen ildo editorial berriaren lehen liburua ere bada.
Egitasmoa gauzatzeko garaian, Joxemari Sorsen laguntza ezinbestekoa izan da, argitalpen honen garrantzia ikusita eskubideak doan uztea erabaki baitu. Aldi berean, aurre aurkezpenean gogoan izan dute Joxan Artzeren bikote Carmen Esteban, eskubide horiek eman zituelako gauzatu ahal izan baita broiektua.
Aurkezpen ofiziala New Yorken
Donostiako agerraldia liburuaren preview edo aurre-aurkezpena izan da, proiektua Euskal Herrian lehen aldiz aurkezteko eta liburua jendaurrean erakusteko unea. Liburuaren nazioarteko aurkezpen ofiziala 2026ko azaroaren 12an egingo da Columbia Universityn, New Yorken. Ekitaldian parte hartuko dute Eunice Rodriguez-Fergusson, Sundial Houseko arduradunak; Kristin Addisek, liburuaren itzultzaileak, eta Kirmen Uribek, hitzaurrearen egile eta proiektuaren sustatzaileak.
1080