Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 1.400 milioi eurotik gorako foru aurrekontua, Gipuzkoari “ziurtasuna eta etorkizunerako konfiantza” eskaintzeko

1.400 milioi eurotik gorako foru aurrekontua, Gipuzkoari “ziurtasuna eta etorkizunerako konfiantza” eskaintzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2027ko aurrekontu proiektua aurkeztu du, % 10eko hazkundearekin, ezegonkortasuna ezaugarri duen testuinguru globalean lurraldearen "gihar soziala eta ekonomikoa indartzea” helburu. Aldundiak 14,3 milioi bideratuko ditu Gipuzkoa Zainduzera, lau egoitza berriren eraikuntza sustatzeko; enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntza plana indartuko da; eta etorkizuneko industriaren aldeko apustua egingo da, Irungo polo bioteknologikoa bultzatuz eta MUBIL zentroan eraikin berri bat kokatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du 2027rako aurrekontu proiektua. 1.433 milioi euroko zuzkidura aurreikusi dute, 2026an baino 137 milioi gehiago (+%10). Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, diru kontuen igoerari esker, "ziurtasuna eta etorkizunerako konfiantza” eskaini nahi dizkio foru erakundeak Gipuzkoako gizarteari, egungoa bezalako "ezegonkortasun handiko testuinguru globalean". "Gipuzkoaren gihar sozial eta ekonomikoa indartzen lagundu nahi dugu Aldunditik, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta ehun ekonomikoa babesteko, aukerak sortzeko, pertsonei eguneroko bizitzan eta bizi-proiektuetan laguntzeko", defendatu du Mendozak.

Datorren urterako aurrekontu proposamenaren berri eman du gaur diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio diputatuordearekin eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera. Aurkeztutako partidek, jakinarazi dutenez, urte hauetan Aldundiak bultzatutako proiektu estrategikoei jarraipena eman eta horiek sendotuko dituzte. Aldi berean, jarduera ildo berriak irekiko dira hainbat arlotan, hala nola zaintzan, ekonomia sustapenean, jasangarritasunean, bide-azpiegituren hobekuntzan eta zerbitzu publikoetan.

Diputatu nagusiak zehaztu duenez, 2027ko proiektuak hiru lehentasun nagusitan jartzen du arreta: gaur eta bihar kalitatezko zaintza bermatzeko azpiegitura sozial berritzaileak sustatzea; enpresa sarea indartzen eta etorkizuneko industria garatzeko lanean aurrera egitea; eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzian urrats berriak ematea. "Azken urteotan, Gipuzkoak asmatu du bere indar ekonomikoaz baliatzen, norabide argi batekin: anbizio sozial eta ekonomikoarekin jardutea, sustraiko eraldaketei aurrea hartzea lankidetzaren bidez eta etorkizuna markatuko duten proiektu berritzaileak aktibatzea. Aurrekontu hauekin, pauso berria ematen dugu norabide horretan ", adierazi du.

Mendozak nabarmendu dituen inbertsio sozial eta ekonomikoen artean, Gipuzkoa Zainduzera bideratutako 14,3 milioi euroak daude. Horiei esker, adinekoentzako lau egoitza berri sustatuko dira Deban, Iraurgin, Buruntzaldean eta Donostialdean, 400 egoitza-plaza berri guztira. Gainera, lau egoitza horietako bat aitzindaria izango da Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonentzako arreta espezializatuan. Mendozak azpimarratu du, halaber, osasun mentalaren arreta indartzera eta bazterkeria-egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzera bideratutako ekimenen garrantzia.

Ekonomia Sustapeneko alorrari dagokionez, aurrekontu proiektuak egitasmo berriak jasotzen ditu 2027ra begira. 4 milioi eurorekin, Biofoundry biozientzien poloa sustatuko dute Irungo Aduana eraikinean; Mubil Mugikortasun Jasangarri eta Adimentsuko Zentroa handitzeko proiektua gauzatuko da, eraikin berri batekin (6,2 milioi); eta teknologia kuantikoak bultzatzeko 2 milioi bideratuko dira. ETEen errotzea, lehiakortasuna eta talentua indartzeko laguntza-planaren aurrekontua 32,5 milioi eurora arte zabalduko da, bestalde.

Mendozak, halaber, herritarren ongizatean "eragin zuzena eta positiboa" izango duten beste zenbait proiektu ere azpimarratu nahi izan ditu, hala nola, udalerri txikietan etxebizitza sustatzea Etorlur Sozietate Publikoaren bitartez, zeinak datozen urteetan 52 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen; Loiolako tren-trukagailua; Aritzetan suhiltzaile-etxe berri bat eraikitzea; Bidasoako eskualdean bide-mugikortasuna hobetzea, eta Andoainen A-15 eta N-I errepideen lotura berria eraikitzea.

Bere aldetik, Jose Ignacio Asensio diputatuordeak azpimarratu du gaur aurkeztutako aurrekontu proiektuak "baliabide publikoak herritarrei gehien axola zaion horren zerbitzura" jartzen dituela: "Pertsonak zaintzea, haien eskubideak bermatzea eta aukerak eskaintzea". Horrela, "1.433 milioi eurorekin, 2026an baino % 10,6ko igoerarekin, Gipuzkoak gizarte politiken, zainketen eta kalitatezko enplegua sortzeko eta trantsizio berde eta iraunkorrari aurre egiteko gai den ekonomiaren aldeko apustu garbia egiten du.

Aurrekontu banaketa departamentuen arabera

Zainketen eta Gizarte Politiken departamentuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu zuzkidura nagusia izango du 2027an, 687 milioi euro guztira, 2026an baino 89 milioi gehiago. Baliabide horiei esker, departamentuak artatutako kolektiboetako pertsonen arreta eta laguntza indartu ahal izango da. Horrela, aurrekontu proiektu honek biztanleko 937 euro inbertitzea proposatzen du, 2026an baino 121 euro gehiago.

Aurrez, Gipuzkoa Zainduzen esparruaren barruan aipatutako proiektuez gain, Zainketen eta Gizarte Politiken arloak aurrera egiten jarraituko du adinekoentzako egoitza sarea eraldatzen eta modernizatzen, eta 72 milioi euroko aurrekontu partida bat bideratuko du jarduera horietara guztietara. Horien artean, Berioko (Donostia) eta Egogaingo (Eibar) zentroak egokitzea landuko da, baita Zarauzko Santa Ana eta Zumaiako San Juan egoitza-zentroak birmoldatzea ere. Era berean, Donostiako Txara auzoan hasitako eraberritze-obrekin jarraituko da.

Aldi berean, egoitza-baliabide berriak eraikitzeko bultzada mantenduko da, Pasaian Adinberri, Irunen Arbes eta Elgoibarren Errezabal obrekin jarraituz. Egoitza baliabide berri horiek garatzea urrats garrantzitsua da 2024-2030 aldirako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen aurreikuspenak betetzeko.

Era berean, Zainketen Ekosistema lokalak bultzatzen jarraituko da, 2027an 600 mila euroko zuzkidurarekin, Gipuzkoako zaintza ereduaren eraldaketan aurrera egiteko foru estrategiaren esparruan. Gaur egun, ekimenak 31 ekosistema ditu, 32 udalerritan zabalduta.

Bestalde, aurreikusten da 2027an 17 milioi euro baino gehiago bideratzea nahasmendu mental larria duten pertsonen arretarako foru sarera. Gainera, Osasun Mentala Foru Baliabideetan Artatzeko Estrategia abian jarrita, arreta departamentuan artatutako kolektibo guztien osasun mentalaren arretan jarriko du.

Desgaitasuna duten pertsonentzako arretaren arloan, aurreikusitako jarduketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Azpeitian etxebizitza berriak prestatzea, Berion (Donostia) autismo-zentro berria abian jartzea eta, Irunen, Porcelanas eraikinean eguneko zentro berri bat sortzea.

Gizarteratzeari eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei dagokienez, departamentuak baliabide eta zerbitzu espezializatuak indartzen jarraituko du, Lazkaon Hariberria zentro berri bat abian jarrita.

Aldundiak Gipuzkoako gizarteratze estrategia sustatzen ere jarraituko du, Elkar-Ekinen bidez. 900 mila euro bideratuko dira estrategia horretara, esku-hartze goiztiarra indartzeko, ibilbide pertsonalizatuak sustatzeko eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen autonomia eta gizarteratzea bultzatuko duen harrera eredu inklusibo baterantz aurrera egiteko. Era berean, bazterketa arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko ekintzak garatzeko milioi 1 euro bideratzea aurreikusten du Aldundiak.

Departamentuak 16 milioi euro gehiago bideratuko ditu haur eta nerabe politikak indartzera, haur eta nerabeen eskubideak eta ongizatea bermatzeko.

Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen departamentuari dagokionez, Aldundiak 81,7 milioi euroko aurrekontua bideratzea aurreikusten du, 2026an baino 6 milioi gehiago. Aurrekontu-partida honen helburua konfiantza eta egonkortasuna indartzea da, bai eta ekonomiari eta industriari aurre egin beharreko erronketan laguntzea ere.

Enpresa txiki eta ertainen errotzea, lehiakortasuna eta talentua indartzeko laguntza planera bideratutako 32,5 milioi euroko aurrekontu partida xehatuta, besteak beste, Aldundiak 5,2 milioi euro bideratuko ditu talentua erakartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko programetara; 1,7 milioi euro enpresei digitalizaziorako eta lehiakortasuna hobetzeko aurrerapenean laguntzeko; eta 2,3 milioi euro ekintzailetzara. Era berean, partida horren baitan, 800 mila euroko laguntza ere bideratuko da autonomoentzat eta autoenpleguarentzat, eta, gainera, 9 milioi euro bideratuko dira enpresen lehiakortasunera, errotzera eta Gipuzkoako parke teknologikoa handitzera.

Bestalde, 3 milioi euro bideratuko dira urtero datozen hiru urteetan, Lurralde Estrategiako departamentuarekin batera, industriaguneak birgaitzeko.

Jasangarritasun departamentuak 58 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurreko ekitaldian baino 4,3 milioi gehiago, trantsizio energetikoan aurrera egiteko, ekintza klimatikoa indartzeko, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta herritarren ongizatean laguntzen duten azpiegiturak hobetzeko.

Lehentasun nagusien artean, energia-komunitateen hedapena nabarmentzen da, lurralde osora iristeko, biltegiratzea eta energia kudeatzeko sistema adimendunak txertatuz.

Klima aldaketaren aurkako borrokara bideratutako baliabideak % 39,5 handituko dira, udalerriei eta enpresei laguntza handiagoa emanez, arintze eta egokitzapen politikak garatzeko.

Ekonomia zirkularraren sustapena ere indartzen da, Gipuzkoaren autonomia estrategikoaren zerbitzura dagoen industria politika gisa. Esparru horretan, Eskuzaitzetako Ehungintza Berrerabiltzeko Prestakuntza Zentroa jarriko da abian, 3,5 milioi euroko inbertsioarekin.

Mugikortasun jasangarri aktibora bideratutako aurrekontuak % 20 baliabide gehiago izango ditu bizikleta-konexioak osatzeko, tokiko bideak babesteko eta lurralde eremuko bizikleta publikoko lehen proiektu pilotua bultzatzeko. Era berean, obra hidraulikoetako inbertsioa % 43 haziko da saneamendu sarea eta ur hornidura hobetzeko, uholdeak prebenitzeko jarduerekin batera.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak 122,4 milioi euroko proposamena egin du 2027rako. Kopuru horri esker, Gipuzkoan mugikortasuna eta konexioak hobetzeko proiektu estrategikoak sustatzen jarraituko dugu. Horrela, datorren urtean, Bidasoaldeko eta Andoaingo errepideen mugikortasuna eta inpaktua hobetzeko bi plan handiak garatzen jarraituko da. Irunen, Arbes-Oinaurreko lotunea eraikitzeko lizitazioa egingo da, eta aurreikusitako azpiegitura berrien proiektuek eta obrek aurrera egingo dute. Andoainen, berriz, Bazkardon lazo itxurako lotura berria eraikitzen hasiko dira, eta Bazkardo eta Sorabilla arteko hobekuntza proiektu osagarrien tramitazioa amaituko da, ondoren gauzatzeko.

Aurrekontu proiektuak bide sarea hobetzeko jarduketa berriak ere bultzatzen ditu, AP-8ko lotune berriaren obrak hasiko baitira Galarretan, Hernanin, eta autobidearen lotunea osatuko baita Orion.

Lurralde osoko bide-sarea hobetzea eta mantentzea izango da lehentasunetako bat, udalerri txikiei eta bertako biztanleen mugikortasun-beharrei arreta berezia eskainiz. Arlo honetan, 4,5 milioi euro bideratuko dira.

Lurralde Estrategiak, berriz, bi esparru estrategikotan zentratuko ditu ahaleginak 2027an, lurralde kohesioa indartzeko: mugikortasunean eta jarduera ekonomikorako espazioen birsorkuntzan.

Gobernantza departamentuaren 2027rako aurrekontu proposamena 96 milioi eurokoa da. Aritzetako suhiltzaileen parke berria bultzatzeaz gain, Suhiltzaileen Foru Zerbitzuaren baliabideak indartuko dira, 3,3 milioi euroko aurrekontu igoerarekin. Era berean, zerbitzu publikoen modernizazioak eta digitalizazioak bultzada nabarmena jasoko dute, IZFEren (zerbitzu informatikoen foru sozietatea) aurrekontua 5 milioi euro handituta.

67,6 milioi euroko aurrekontuarekin, Ogasun eta Finantza Departamentuak barne digitalizaziorako eta datuen tratamendurako hasitako proiektuak bultzatzen jarraituko du, zerga betebeharrak betetzea errazteko eta iruzurraren aurkako borroka indartzeko. Era berean, 2027an 1,5 milioi euro bideratuko dira herritarren arretarako bulegoen sarea hobetzera, eta Aldundiaren plataforma teknologikoa modernizatzen jarraituko da, kontabilitate, aurrekontu eta finantza kudeaketako sistemak integratuz eta eguneratuz.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak 108,6 milioi euroko aurrekontu globala izango du, 2026an baino 5 milioi gehiago, eta horren lehentasuna Gipuzkoan garraio publikoa bultzatzea izango da aurrerantzean ere.

Mugikortasun Zuzendaritzak 82,3 milioi euro izango ditu Lurraldebusen zerbitzua indartzeko eta zabaltzeko eta sortzen ari diren eskaera berrietara egokitzeko.

Turismo Zuzendaritza 3,5 milioi euroko inbertsioarekin indartu da, eskualdeak indartzen jarraitzeko, sektorearen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzen jarraitzeko eta turismo-tasa ezartzea bezalako erronka berrietan laguntzeko.

Azkenik, Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak 15,2 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du, Adinberri, Via Irun eta Oñatiko Unibertsitatearen Plan Zuzentzailea bezalako proiektu estrategikoetara bideratuko da.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuaren aurrekontuak 76 milioi euro izango ditu. Bere proiektua helburu bera duten lau lehentasunen inguruan egituratzen da: eskubideak finkatzea, desberdintasunak murriztea eta gizarte kohesioa indartzea, kulturaren, kirolaren, elkartasunaren eta gazte-politiken bidez. Nazioarteko Lankidetzari dagokionez, finantzaketak gora egin du, 315 mila euro gehiagorekin, % 0,7ko helbururantz aurrera eginez eta Gipuzkoak giza eskubideekin esta justicia globalarekin duen konpromisoa indartuz. Eskola Kirolaren eremuan, 6,2 milioi euro bideratuko dira 2027-2028 ikasturterako Multikirola programara, 60 euroko kuota bakarrari eutsiz eta zaurgarritasun egoeran dauden familientzako doakotasuna bermatuz. Gazterian, 200 mila euro aurreikusi dira arkitektura-lehiaketarako eta Kontadoresen oinarrizko proiekturako, Gazteriaren Foru Bulegoa izango denerako. Azkenik, Kulturan, 1,5 milioi euro bideratuko dira Koldo Mitxelena Kulturuneko obretan, altzarietan eta sistema digitaletan egindako azken inbertsioetara, 2027aren hasierarako berriro irekitzea aurreikusita baitago espazio hau.

Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak 52,6 milioi euro izango ditu lehen sektorerako, basoen kudeaketarako eta biodibertsitatearen zaintzarako laguntzak sendotzeko, bai eta sailak bultzatutako proiektuetan aurrera egiteko ere, Baserritar Misto Profesionala edo Gaztenek programen bidez belaunaldi erreleborik eza bezalako erronkei erantzuteko; sektoreak biodibertsitatea zaintzen egiten duen lana aitortzeko, zerbitzu ekosistemikoetarako laguntzen bidez; baso jabeen beharrei erantzuteko, Basotik Fundazioaren baso kudeaketa jasangarriaren ereduaren bidez; edo udalerri txikiagoetan mugikortasun autonomoaren proiektuan aurrera egiteko, LandaGo ekimenaren bidez.

Diputatu nagusiaren kabineteari dagokionez, Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzak euskarazko tokiko komunikazio proiektuak sendotu, garatu eta normalizatzen laguntzen jarraituko du datorren urtean, eta, aldi berean, Gipuzkoa Harigune ekimena indartzea aurreikusten du, aktibazio komunitarioaren bidez euskararen erabilera soziala sustatzeko. Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak gazteen artean kultura demokratikoaren inguruko sentsibilizazioan eta pedagogian jarriko du arreta, ikasleen arteko kanpainak eta elkarrizketa-guneak bultzatuz. Horretarako, bere aurrekontuak 100 mila eurotik gorako partida bat jasotzen du sentsibilizazio kanpainetarako, 2026an baino % 20 gehiago. Berdintasun Zuzendaritzari dagokionez, partida nagusiek lehentasuna emango diote Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2025-2027 Foru Planaren garapenean aurrera egiteari.

Sarreren atalean, Aldundiak aurreikusten du 7.802 milioi euro lortzea 2027an. Kopuru horretatik 5.637 milioi konpromiso instituzionalak finantzatzeko erabiliko dira, honela banatuta: 5.090 milioi euro Eusko Jaurlaritzari; 773 milioi udalei, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez; eta 506 milioi Estatuari. Gainerako 1.433 milioiek osatuko dute, adierazi den bezala, Aldundiaren berezko aurrekontua. Zenbateko horretatik, 1.395 milioi kudeaketa-aurrekontura bideratuko dira, eta gainerako 38 milioiak, finantza-zamara.

  

2114