195,7 milioi euro eta 73 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda
195,7 milioi euro eta 73 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda
Foru erakundeak Gipuzkoako Ogasunarekin 600.000 euro baino gehiagoko zorra dutenen pertsona fisiko eta juridikoen hamaikagarren zerrenda kaleratu du

Gipuzkoako Foru Ogasunak gaur argitaratu du bere zordun handien hamaikagarren zerrenda, guztira 195,7 milioi euroko zorra eta 73 subjektu biltzen dituena. Plazaratutako zerrendak 2025eko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisikoak edo juridikoak identifikatzen ditu. Erantzule solidarioak diren subjektuak ere sartuta daude zerrendan.
Aurreko urteko ekainean argitaratutako zerrendarekin alderatuta, 6 zergadun berri sartu dira, 7,4 milioiko zorrarekin guztira, eta 15 zergadun atera dira 14,05 milioi euro zor zituztenak.
Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsulta daiteke iragarki taulan, konkretuki esteka honetan: www.gfaegoitza.eus. Izen hauen plazaratzea foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan kokatzen da, eta gaizki ikusiak dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea du xede. Beste era batera esanda, foru Ogasunaren helburua zerrenda kaleratuta pedagogia egitea da zerga betebeharrak borondatez betetzearen inguruan eta, era honetara, gizartearen gaitzespena lortu eta zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragotzi.
Zerrendan, 2025ko abenduaren 31n Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorrak zituzten zergadunen identifikazioak jasotzen dira, borondatezko ordainketa aldiko zorrak eta geroratu, zatikatu edo etendako zenbatekoak sartu gabe.
Zerrenda horren ezaugarri bereziak direla eta, zordun berberen izen asko errepikatzen dira urtero, eta daukaten zorraren gehiengoa kobratzea zaila izatea, zordun horiek aurretiaz beren ondasunak likidatzeko prozesu batetik igaro baitira porrot batean edo aurretiazko konkurtso prozedura batean egon baitira. Ildo horretan, zehaztu behar da zordunak zerrendatik ateratzeko arrazoi nagusia ez dela zorra ordaintzea, baizik eta zorra kobratzeko Zerga Administrazioaren eremuan dauden aukera guztiak agortzea, horretarako legez ezarritako epea igaro ondoren.
Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta honek 10 egun ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egiten da eta hiru hilabetez egoten da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.
3060