Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2025ean, Gipuzkoak 190 milioi euro erregularizatu zituen iruzur fiskalaren aurkako prebentzio ekintzen bitartez

2025ean, Gipuzkoak 190 milioi euro erregularizatu zituen iruzur fiskalaren aurkako prebentzio ekintzen bitartez

Joan den urtean, Foru Ogasunak 95.156 jarduketa egin zituen iruzurra prebenitzeko, zergadunen zerga informazioa lortu eta aztertzeko, eta aitortu gabeko zenbatekoak erregularizatu eta kobratzeko

2026/04/23
Gipuzkoako Foru Aldundia

Zerga Iruzurraren aurkako Planean jasotako jarduketen ondorioz, Gipuzkoako Foru Ogasunak 190 milioi euro erregularizatu zituen iaz. Zifra hori honela banatzen da zergen arabera: 60,3 milioi euro pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan; 24,8 milioi euro sozietateen gaineko zergan; 99,7 milioi euro balio erantsiaren gaineko zergan; eta, azkenik, 5,8 milioi euro gainerako zergetan.

Gaur goizean, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek zerga iruzurraren aurkako jarduketak joan den urtean izandako emaitzaren berri eman du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, Ogasuneko zuzendari Irune Yarzarekin batera. Agerraldi berean, 2026. urteko Zerga Egiaztapenerako Plana ere aurkeztu du.

Foru Ogasunak 90.586 jarduketa egin zituen guztira joan den urtean: 36.721 PFEZaren eta ondarearen gaineko zergaren kasuan; 3.974 sozietateen gaineko zergaren kasuan; 40.469 BEZean; eta 13.992 gainerako zergetan. Kuotagatik erregularizatutako zorra 161,5 milioi eurokoa da orotara, eta horri 18,5 milioi euro gehitu behar zaizkio interes eta errekarguengatik eta beste 10,7 milioi euro gehiago zehapenengatik.

Egindako jarduketen xehetasunera jaitsita, hiru esku-hartze mota aipa daitezke: informazioa lortzera bideratutakoak, prebentzio jarduketak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Informazioa lortzera bideratutako jarduketei dagokienez, nabarmentzekoa da, azken urteetan garatutako proiektuei esker, foru ogasunak 76 milioi faktura jaso dituela Gipuzkoan, eta beste administrazio batzuekin egindako informazio trukearekin bidez beste 102,6 milioi faktura iritsi zaizkiola, kasu bietan Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) bidez; gainera, TicketBAI proiektuaren bitartez, 326 milioi faktura ere jaso ditu 2025ean.

Aurrekoaz gain, aipatu behar da 5 zerga administrazioen artean 13,5 milioi zerga eredu trukatu direla. Era berean, Foru Ogasunak, beste datu ekonomikoen artean, atzerrian finantza kontuak dituzten 45.041 zergaduni buruzko informazio jaso du 86 herrialdetatik, eta Estatu Batuetatik ere 233 zergadun gehiagori buruz informatu zaio.

Prebentzio jarduketen esparruan, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak nabarmendu du TicketBAI proiektuak 51.877 zergadun dituela, eta 2025ean 208.804 pertsonak eskatu dutela kalkulagailua, 2024an bi halako (proiektua urte horretan ezarri zen). Kalkulagailu zerbitzu horrek BEZaren aitorpenak betetzen laguntzen die zergadunei. Era berean, adierazi du aurreko ekitaldian 1.906 zergadunek erabili dutela BIH sistema.

Bestalde, Foru Ogasunak zergadunei ematen dien laguntza zerbitzuari dagokionez, Agirrek azaldu du iaz 1.248 zerga kontsulta kudeatu zirela, eta urte osoan zehar 435.630 deiri erantzun zitzaiela. Azpimarratu duenez, "bi zerbitzu horiek berebiziko garrantzia dute iruzurra prebenitzeko jarduketetan, edozein eragiketa egin aurretik zalantzak argitzen laguntzen dutelako eta zergadunei segurtasun juridikoa ematen dietelako". Horretaz gain, azpimarratzekoa da Errenta Zergan 50 kexa eta iradokizun baino ez zirela jaso, eta hori eskainitako zerbitzu onaren erakusgarri dela.

Ekintza horiez gain, Foru Ogasunak egiten duen kontzientziazio eta hezkuntza lana ere aipatu du Agirrek. Alde horretatik, Gipuzkoako 92 ikastetxetan 3.100 ikasleri baino gehiagori emandako unitate didaktikoa nabarmendu du. Aurreko urteetan bezala, iaz ere Ogasunak urteko foroa antolatu zuen zerga arloko profesionalekin. Ekimen hori sendo ari da gauzatzen duela hamar urte baino gehiagotik, eta aurreko edizioan erreforma fiskalari buruzko neurriak jorratu ziren.

Azkenik, erregulazio eta kobrantza jarduketen atalean, hainbat zergatan antzemandako inkoherentziek 62,26 milioi euro inguru erregularizatzea ahalbidetu dute. Bestalde, Agirrek adierazi du oraindik beharrezko gertatu dela aitorpena aurkeztu ez dutenei 670 likidazio baino gehiago egitea 2,9 milioi eurotik gorako iruzurragatik. Puntu horretan, foru diputatuak agerian jarri du enpresen eragiketa bolumena egiaztatzeko 64 espedientetan 47,5 milioi euro ere erregularizatu direla.

2026ko Egiaztapen Plana

Zergen 2026ko Egiaztapen Planari dagokionez, planaren hiru esku-hartze motak kontuan hartuta –informazioa lortzeko, prebenitzeko eta erregularizatu eta kobratzeko jarduketak–, Ogasuneko zuzendari nagusi Irune Yarzak urte honetarako aurreikusitako ekintzak zehaztu ditu.

Informazioa lortzeko jarduketak

Informazioa lortzeko jarduketei dagokienez, Yarzak azaldu du Foru Ogasunaren helburua dela lanean jarraitzea, besteak beste, honako arlo hauetan: informazioa trukatzeko indarrean dauden nazioarteko akordioak ustiatzen; nazioarteko fiskalitatearen eremuan jarduten duten zergapekoak aztertzen; informazioa trukatzeko prozesuak sendotzen; informazioa lortzeko beste modu batzuk indartzen eta eguneratzen (informazio-ereduak); informazio masiboa biltzen; jarduera ekonomikoak egiten dituztenek aitortutako etekinak osorik kontrolatzen; TicketBAI egiaztatzeko jarduketetan; negozio-eredu berriak aztertzen (merkataritza elektronikoari lotutako plataforma digitalak, txanpon birtualak, etab.).

Prebentzioko jarduketak

Prebentzioko jarduketei dagokienez, 2026an, departamentuak jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen fakturazioari buruzko informazioa lortzea izango du helburu, Informazioa Berehala Hornitzeko Sistemaren (SII), TicketBAIren eta BEZ-hidrokarburoen prozedura berrien inguruko hobekuntzak eta garapen teknologiko berriak ezarriz.

Atal honetan, Yarzak nabarmendu duenez, "LIBURUBAIren estrategia lantzen jarraitzen da, epe ertainean ezarri ahal izateko". Ogasuneko zuzendariaren hitzetan, "horri esker laguntza eskainiko zaie zergadunei PFEZaren jarduera ekonomikoen etekinen eranskina egiteko eta BEZaren eredu osoa egiteko".

Era berean, departamentuak garatzen dituen eta bultzatzen jarraitzea aurreikusten duen prebentzioko jarduketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: heziketa zibiko-tributarioa sustatzea, dibulgazioko aplikazioak eta materialak garatzea (gidak, bideotutorialak, kanpainak, etab.) eta Zergabidea plataforma eta Errenta+ aplikazioa eguneratzea eta hobetzea, kanal horien bidez informazioa emateko eta Foru Ogasunarekin egin beharreko izapideak errazteko.

Erregularizatzeko eta kobratzeko jarduketak

Azkenik, erregularizatzeko eta kobratzeko jarduketei dagokienez, arreta berezia jarriko da enpresa taldeen, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen edo ondare sozietateen kontrolean. Era berean, zerga autolikidaziorik aurkezten ez duten edo, duten eragiketa bolumenagatik, zerga administrazio desberdinetan jarduten duten zergadunak behatuko dira, arreta berezia jarriz edozein irregulartasun dutenetan. Puntu horretan, zerga guztien gaineko kontrola landuko da, iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrera egiteko.

Yarzaren hitzetan, "zerga-bilketaren arloko jarduketak ez dira mugatzen zorra kobratzera, ezta iruzur fiskalaren aurkako borrokaren bidez kobrantza hori bermatuko duten ondasunak eta eskubideak aurkitzera ere. Bilketa-fasean iruzurra egiteko asmoa kentzeko eta borondatezko ordainketa sustatzeko helburua ere badute. Horregatik, enbargoak, errekerimenduak, erantzukizun-deribazioak eta konkurtsoen jarraipena egiten jarraituko da, besteak beste».

Bestalde, Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak, amaitzeko, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako herritarrei iruzur fiskalaren aurkako borrokan duten inplikazioagatik, eta azpimarratu du "ekonomia eta gizarte garatuago baterantz aurrera egiteko, beharrezkoa dela iruzurra desagerrarazteko lanean jarraitzea".

  

1035