Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2025eko errenta kanpainan 446,5 milioi euro itzuliko zaizkie Gipuzkoako zergadunei

2025eko errenta kanpainan 446,5 milioi euro itzuliko zaizkie Gipuzkoako zergadunei

Foru Ogasunak aurreikusten du errenta kanpainak 92,5 milioi euroko saldo positiboa izango duela zergadunen alde. 295.852 autolikidazio-proposamen egin dira kanpaina honetan. Atzo arte, Foru Ogasunak 115 milioi euro itzuli dizkie Gipuzkoako zergadunei errenta kanpaina honetan.

2026/04/15
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 446,5 milioi euro itzultzea eta 354 milioi euro ingresatzea aurreikusten du 2025eko errenta kanpainan. Foru Ogasunaren estimazioen arabera, kanpainaren azken saldoa 92,5 milioi eurokoa izango da, lurraldeko zergadunen alde.

Itziar Agirre Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, kanpainari buruzko xehetasunak emateko eta haren bilakaera eguneratzeko.

Guztira, Foru Ogasunak 422.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du. Horietatik, espero da 304.000 itzultzekoak edo zero emaitzakoak izatea, eta 118.000 ingresatzekoak. Egindako kalkuluen arabera, itzuli beharreko emaitza duten zergadunek 1.469 euro jasoko dituzte batez beste, eta ordaindu behar dutenek, berriz, 3.000 euro ordainduko dizkiote batez beste Foru Ogasunari.

Itziar Agirrek bere hitzaldian azaldu duenez, “aurten 295.852 autolikidazio proposamen bidali dira, aurreko kanpainan baino 10.257 proposamen gehiago, 328.833 zergaduni eragiten dietenak (zergadun guztien % 70). Horietatik, 202.254 itzultzekoak dira, eta 93.598, berriz, ordaintzekoak”.

Zerga erreforma

Errentaren kanpaina honetako berrikuntza nagusi gisa, Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak gogorarazi du “lehen aldiz aplikatuko direla erreforma fiskalean onartutako PFEZeko kenkari berriak”. Kalkuluen arabera, “horiek zergadunen % 80ri egingo diete mesede". Agirrek gaineratu du onartutako kenkari hauek "eragin berezia izango dute Gipuzkoako gazteengan". Zehazki, kenkari horiek 18 eta 36 urte bitarteko 45.000 gazteri mesede egitea aurreikusten da.

Foru diputatuak gogorarazi du, halaber, zerga erreforma onartu ondoren, “20.000 eurotik beherako lan etekinak dituzten pertsonak ez daudela aitorpena aurkeztera behartuta”. Era berean, ezabatu egin da 2024ra arte indarrean zegoen derrigortasuna, zeinaren bidez 14.000 eta 20.000 euro arteko bi lan etekin edo gehiago jasotzen zituztenek errenta aitorpena egin behar baitzuten.

Aurten errenta kanpainako izapideak inoiz baino errazagoak dira

Zerga erreformaren ondoriozko aldaketen aurrean, eta zergadunek egin beharreko prozedurak eta balizko aldaketak arintzeko eta errazteko, Foru Ogasunak ahalik eta gehien sinplifikatu ditu aitorpena aurkezteko izapideak.

“Gure konpromisoa da gure zergadunei zerbitzurik onena eskaintzea, eta, helburu horrekin, IZFEko taldearekin batera lan egin dugu. Horrela, adibidez, zure proposamena edozein kontzeptu aldatuz onartu nahi dutenek IFZ eta proposamenaren kodearekin bakarrik egin ahal izango dute, autentifikazio gehigarririk behar izan gabe”, adierazi du Agirrek.

Modalitateak eta erregistratutako lehen datuak

Kanpaina abian dela, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak lehen onarpen eta erregistratutako datuak eman ditu, aurkezpen modalitatearen arabera.

Autolikidazio proposamenak

Autolikidazio proposamenei dagokienez, Foru Ogasunak 230.500 aitorpen jasotzea aurreikusten du modalitate honen bidez. Joan den apirilaren 7tik jada proposamen horiek onar ditzakete zergadunek.

Atzo eguneratutako datuekin, Ogasuneko zuzendariak adierazi du “84.770 autolikidazio proposamen onartu direla”. Erabilitako kanalei dagokienez, % 65,3 Internet bidez izapidetu da, % 29,4 telefonoz eta % 5,3 Errenta+ aplikazioaren bidez.

Internet bidezko modalitatea

Internet bidezko errentaren aurkezpenari dagokionez, aurten 115.000 aitorpen jasoko dira Zergabidearen bidez. Yarzak berriro zergadunak animatu ditu bide hori erabiltzera.

Modalitate hori apirilaren 7an aktibatu zen, eta, ordutik, 9.782 aitorpen erregistratu dira kanal horren bidez.

Errenta Mekanizatua

Bestalde, “oraindik ere aitorpena egin ahal izateko aurrez aurreko arreta behar duten kolektiboak daudela ulertuta, zergadunen eskura jarri dugu gure lantalde teknikoa, lurraldeko 9 udalerritako 11 bulegoetan banatuta”, azaldu du Yarzak. Kanpaina honetan 76.500 aitorpen jasotzea aurreikusten da bide horretatik.

Atzotik, apirilaren 14tik, posible da aitorpena modalitate honen bidez aurkeztea. Lehen egunean 1.001 aitorpen egin dira.

Gogoratu behar da deklarazioa aurrez aurre egin ahal izateko beharrezkoa dela aldez aurretik hitzordua eskatzea telefonoz, Internetez edo Errenta+ aplikazioaren bidez. Hitzorduak ekainaren 8ra arte eskatu ahal izango dira.

Joan den astelehenean, apirilak 13, epea ireki zenetik, 20.821 pertsonak eskatu dute hitzordua.

Ondarearen gaineko zerga edo fortuna handien gaineko elkartasun zerga

Bestalde, Ondarearen gaineko zergari eta fortuna handien elkartasunaren gaineko zergari dagokienez, Yarzak gogorarazi du apirilaren 7tik aurrera ondarearen gaineko zergaren eta fortuna handien elkartasunaren gaineko zergaren aitorpena telematikoki egin daitekeela, Zergabidea plataformaren bidez. Bi zerga horien artean, Foru Erakundeak aurreikusten du 9.900 aitorpen aurkeztea eta 87,5 milioi euro inguru ingresatzea.

Kanpaina hasi zenetik gaur arte zerga horiei lotutako 134 aitorpen erregistratu dira.

Lantaldea

Lantaldeari dagokionez, 181 pertsona inguruk lan egingo dute 2025eko errentaren kanpainan. “Zergadunei ahalik eta zerbitzurik onena ematea da helburua, kudeaketak ahalik eta ondoen egin ditzaten”, adierazi du Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak. Dominguezek 2024ko errenta kanpainaren balantzea egin du, eta azaldu du iaz 66.751 telefono dei jaso zirela proposamenak aldatzeko edo kontsulta konplexuak egiteko; guztiak, 651 dei izan ezik, lehenengoan erantzun ziren. Hala, emandako datuek erakusten dute egunean batez beste 1.077 dei jaso zirela.

Itzulketei dagokienez, proposamenak eta aitorpen mekanizatuak (presentzialak) ordaintzeko batez besteko epea 1,36 egunekoa izan zen (229.326 aitorpen), eta Internet bidez aurkeztutako aitorpenen kasuan, % 99,8 hamar egun baino gutxiagoko epean itzuli ziren.

Zergadunek 10etik 9 batekin balioetsi zuten 2024ko errenta kanpainan jasotako arreta. “Bikain hau  lantaldeak egunero egiten duen lanari esker da, bereziki kanpaina honetan zergadunen eta Foru Ogasunaren arteko kudeaketak errazteko eta arintzeko daukan konpromisoari esker”, amaitu du Dominguezek.

Uztailaren 2an 2025eko errenta kanpaina amaituko da

Azkenik, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak gogorarazi du errenta aitorpena aurkezteko epea uztailaren 2an amaitzen dela, eta izapidea azken unerako ez uzteko deia egin du.

Halaber, aitorpena euskaraz egiteko deia egin die Agirrek herritarrei. “Zerga Administrazioa prest dago zerbitzu hori euskaraz eskaintzeko, bai aurrez aurre bai telefonoz bai online kanalen bidez“, adierazi du; eta gaineratu du iaz 83.000 zergadunek egin eta aurkeztu zutela aitorpena hizkuntza horretan, eta aurten ere horretara gonbidatzen duela. Bestetik, gogorarazi du gaur egun Gipuzkoan 98.335 herritarrek euskara aukeratuta daukatela Ogasunarekin dituzten harremanetan; errenta aitorpenaren bidez aukera hori egitera animatu ditu zergadunak, aurtengo kanpainan erronka departamentuarekin 100.000 zergadunek euskarazko harremana izatera iristea baita”.

Agirrek, eskerrak eman dizkie, prentsaurreko bukaeran, "beste behin ere, Foru Ogasuneko talde teknikoari eta IZFEri egiten duten lanagatik, bai eta zergadunei ere, gure ongizate sistema mantentzeko egiten duten ekarpenagatik”.

  

1151