2025eko Errentaren kanpaina apirilaren 7an hasiko da
2025eko Errentaren kanpaina apirilaren 7an hasiko da
Egun horretatik aurrera, autolikidazio-proposamenak onartu ahal izango dira. Proposamen hauek martxoaren 30etik aurrera ikusi ahal izango dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko Errenta kanpainaren egutegia argitaratu du gaur Ogasun eta Finantza departamentuaren webgunean. Informazio horren arabera, autolikidazio proposamenak apirilaren 7tik aurrera onartu ahal izango dira. Aldez aurretik, martxoaren 13tik aurrera, informazio fiskala kontsultatu ahal izango da Gipuzkoatarian eta informazio hau postaz bidaltzeko eskatu. Autolikidazio proposamenak, bestalde, martxoaren 30etik aurrera ikusi ahal izango dira.
Hona hemen 2025eko Errenta kanpainaren data garrantzitsuenak:
- Autolikidazio proposamenak onartzea: 2026/04/07-2026/07/02
- 25 errenta telematikoa eta Ondarearen eta Fortuna Handien gaineko Zergaren kanpaina: 2026/04/07-2026/07/02
- Errenta mekanizatuko modalitaterako hitzorduak: 2026/04/13-2026/06/08
- Mekanizatutako errenta 25: 2026/04/14-2026/07/02
Aurten aplikatuko dira lehen aldiz maiatzaren 9ko erreforma fiskalari buruzko 1/2025 Foru Arauan onartutako aldaketak. Testuinguru horretan, Ogasun eta Finantza departamentuak PFEZean erreformaren neurriak aplikatzeko irizpideak argitaratu ditu. Bertan, modu sinple eta argian, galderen eta erantzunen bidez, zergadunak gidatzen dira, kontsultatutako gaiaren azalpena eta aplikazio modua aurkitu arte. Irizpide horiek Ogasunaren webgunean kontsulta daitezke (gip.eus/errenta).
Gogoratu behar da erreforma fiskalak lurraldeko zergadunen % 80ri egingo diola mesede. Onartutako neurriek lurraldearen erronka nagusiei heldu nahi die, eta, ildo horretan, PFEZn eragin zuzena izango dute hauek, besteak beste, ondoko gaietan: etxebizitza, erronka demografikoa eta kontziliazioa, trantsizio ekologikoa, zaintza eta zerga sistemaren progresibitatea.
Datozen asteetan, Foru Ogasunak errenta kanpaina honetan zergadunen eskura egongo diren tresna desberdinen berri emango du. Ildo honetan, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foro diputatuak azpimarratu du baliabide horien helburua dela “aitorpena egitea erraztea, Gipuzkoako zergadunek modu sinple eta erosoenean aurkeztu ahal izan dezaten, nahiago duten kanalaren bidez”.
Herritarren arretarako bulegoek bikain atera dute urtero egiten den inkestan
Bestalde, lurraldeko zergadunei emandako zerbitzua hobetzen jarraitzeko, Foru Ogasunak herritarren arretari buruzko gogobetetze inkesta bat egiten du urtero. Aurtengo inkestaren emaitzek azken urteetako puntuaziorik altuena lortu dute, 10etik 9,42.
Inkestak, besteak beste, honako alderdi hauek neurtzen ditu: jasotako tratua, arreta emateko hizkuntza aukeratzeko aukera, aurretiko hitzordua eskatzeko prozedura, itxaronaldiak bulegoetan, bulegoen irisgarritasuna edo zerga-gaiei buruzko erantzun egokia.
Emaitza horien ildotik, baloraziorik onena jaso duen alderdia herritarren arretarako bulegoetako langileek emandako tratua izan da, inkestatu gehienek egokitzat, errespetuzkotzat eta atsegintzat jo baitute ondoko hau, 9,73ko batez besteko puntuazioarekin (2024an 9,69koa zen).
Era berean, aipagarria da Gipuzkoako Ogasuneko herritarren arretarako 7 bulego guztietan 9tik gorako notak eman direla, eta kasu denetan gainditu dela 2024-2025 aldirako Herritarren Arretarako Zerbitzuen Gutunean ezarritako konpromisoa (8,75).
Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak positibotzat jo du galdetegiaren emaitza. “Departamentuaren helburuetako bat kalitatezko zerbitzua eta arreta ematea da. Bikain bat lortzea eta kalifikazio honekin Arretarako Zerbitzuen Gutunean ezarritako helburuak gainditzea, zalantzarik gabe, oso berri ona da. Zentzu honetan, langile guztiak zoriondu nahi ditut lorpen honengatik, eta arreta bikaintasun maila horrekin jarraitzera animatzen ditut, erakunde honek Gipuzkoako herritarrekin duen konpromisoaren isla” azpimarratu du Agirrek.
6772