Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

“Makina-erremintaren mundu mailako erreferentea izaten jarraitzea da Gipuzkoaren bokazioa”

“Makina-erremintaren mundu mailako erreferentea izaten jarraitzea da Gipuzkoaren bokazioa”

Markel Olano diputatu nagusiak “babes irmoa” helarazi dio sektoreari BECeko Bienalera egindako bisitan.

Foto “Makina-erremintaren mundu...

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoako makina-erremintaren "indarra" nabarmendu du gaur, eta sektorea babesten jarraitzeko konpromisoa agertu du, “egungo ziurgabetasunari aurre egiteko, batetik, eta etorkizuneko eraldaketa handietan laguntzeko, hala nola digitalean eta ekologikoan”. Aste honetan Barakaldoko BECen egiten ari den Makina-erremintaren Biurtekoan Aldundiko talde ekonomikoak enpresekin eta eragileekin izandako bilera-sortan egin ditu adierazpenok Olanok: “Industria lehiakorra, berritzailea eta iraunkorra ezinbesteko elementua da ekonomia indartsu bat izaten jarraitzeko, gure etorkizuneko ongizatea bermatu ahal izateko. Gipuzkoak azoka honetan duen parte hartze zabalak, bi urteko pandemiaren ondoren, mundu mailan makina-erremintaren erreferente izaten jarraitzeko gure bokazioa eta ilusioa irudikatzen ditu”, azpimarratu du.

Gaurko egunean zehar, diputatu nagusiak egungo egoeraren diagnostikoa eta sektorea bultzatzeko Aldundiaren programak partekatu ditu Biurtekoan parte hartzen duten lurraldeko enpresa eta zentro teknologikoekin, eta, horrez gain, zuzenean ezagutu ditu haien berrikuntza teknologikoak eta etorkizuneko proiektuak. José Pérez Berdud AFM Clusterreko presidentearekin ere batzartu da. “Inflazioak, bai energiarenak, bai lehengaienak, hornidura-arazoek edo egoera geopolitiko nahasiak baldintzatutako testuinguru batean, bere erresilientzia-gaitasuna erakusten ari da makina-erreminta. Gure konpromisoa da elkarlanean jarraitzea epe laburreko beharrei erantzuteko, eta epe ertain-luzera lehiakortasun-posizioari eustea ahalbidetuko duten hobekuntza eta berrikuntza prozesuei ekiteko. Bereziki ETEen kasuan, Gipuzkoan 50 enplegatu baino gutxiagoko enpresek biltzen baitute enpleguaren % 63 baino gehiago”.

Olanok Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua eta Iker Estensoro eta Jon Gurrutxaga Ekonomia Sustapen eta Berrikuntzako foru zuzendariak izan ditu ondoan. Aldundiko lantalde ekonomikoak Gipuzkoako enpresa talde zabal baten eta I+G+b zentroen erakusketa-guneak ezagutu ditu: Berkoa, Ger, Danobat Group, Tekniker-Ideko, Smart PM, Alteyco, Mosnic, Tecnifuelle, CEIT, Izadi, Tecnalia, Ikerlan, Maherholding. Ibarmia, Gurutzpe, Geminys, Fresmak, Scuder, Cometel, Fagor Automation, Korta, Shuton-Ipiranga, Intza, Addit3D, Zitu, Vixion, Burgelu, Loire, Lasa, Dimeco edo Couth. "Sektorea mundu osoan proiektatzeaz gain, Biurtekoa aukera bikaina da enpresa eta eragile ezberdinen arteko lankidetzan eta esperimentazioan sakontzeko", adierazi du.

Aldundia sektoreari laguntzeko estrategia integral bat hedatzen ari da, eta estrategia horren barruan, ‘Gipuzkoa Digitala’ laguntza-programaren “erantzun bikaina” aipatu du. Programa hori iaz jarri zen abian, industriaren eraldaketa digitala sustatzeko, ez bakarrik teknologiaren ikuspegitik, baita pertsonei, prozesuei eta antolaketari lotutako berrikuntzari helduz ere. Iaz, Aldundiak 2,7 milioi bideratu zituen, horietatik 1,42 fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren merkatura bideratutako produktu eta aplikazio berriak garatzeko, eta guztira 34 proiekturi eman zitzaien laguntza. Laguntza-lerro hori % 43 handitu zen eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Era berean, programak Datekin izeneko beste laguntza-lerro berritzaile bat jaso zuen, enpresaren eraldaketa digitalerako datuen balorizazio-prozesua eta negozio-eredua bizkortzeko, eragile adituen kanpo-kontratazioa lagunduz. Kasu honetan 17 proiektu babestu ziren. Aldundia aurtengo laguntzen deialdia ebazten ari da, eta guztira 73 proiektu aurkeztu dira. “Makina-erremintak deialdi honetan duen presentzia zabalak agerian uzten du sektorearen dinamismo teknologikoa eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua. Alegia, etorkizunari prestatzen jarraitzen duela, nahiz eta egoera zaila izan”, goraipatu du diputatu nagusiak.

Era berean, nabarmendu behar da sektoreko enpresek eta sektore horri lotutako proiektuak dituzten ikerketa-zentroek parte-hartze handia dutela foru-laguntzen beste deialdietan –lehiakortasuna, barne-ekintzailetza, nazioartekotzea, zibersegurtasuna, I+G+b sistemari laguntzea –, lurraldeko ekoizpen-sarean duen pisuaren isla. Zibersegurtasun industrialaren esparruan, Ziur zentroak, Etorkizuna Eraikizen barruan abian jarritakoak, Gipuzkoako 30 makina-erreminta konpainia baino gehiagori eman die zerbitzua. Azkenik, talentuari eta pertsonei dagokienez, Aldundiak AFMren proiektu bat babestu zuen iaz, fabrikazio aurreratuaren esparruan etorkizuneko enplegua jorratzen duena: profilak, enplegagarritasunerako ikaskuntza...

  

260