Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abaltzisketako zeharbidea eraberritu eta trafikoa baretzeko neurriak hartzeko lanei ekingo die astelehenean Foru Aldundiak

Abaltzisketako zeharbidea eraberritu eta trafikoa baretzeko neurriak hartzeko lanei ekingo die astelehenean Foru Aldundiak

Bi hilabeteko epea izango dute lanek. Galtzada berritu egingo da zoladuraren egoera hobetzeko, eta udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak kota berean jarriko dira horrela oinezkoen irisgarritasuna ere hobetuz

2026/05/08
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketako zeharbidea (GI-3670 errepidean) hobetzeko lanei ekingo die, herrigunea seguruago egiteko, ibilgailuen abiadura murrizteko eta oinezkoen joan-etorria errazteko. Proiektu honek 125.463 euroko inbertsioa du, eta errepidearen tarte bat herritarrentzat irisgarriagoa eta seguruagoa izango den gune bihurtzea du helburu.

Jarduera horren barruan, zenbait hobekuntza egingo dira zeharbidean, hala nola galtzadaren kotak eta espaloiak egokitzea udaletxeko plazaren inguruan, irisgarritasuna bermatzeko. Oinezkoentzako pasabide seguruagoak ere ezarriko dira, batez ere elizaren eta kale nagusiarekiko bidegurutzetik hurbil dagoen ostatuaren arteko tartean. Horrez gain, 30 km/h-ko abiadura-muga ezarriko da zeharbideko tartean, zirkulazioak hiri-ingurunean duen eragina murrizteko. Bide hori hirigunean integratuta, oinezkoen segurtasuna bermatu nahi da, haur eta adinekoena bereziki.

Ildo horretan, antzeko jarduerak garatzen ari dira Tolosaldeko hainbat udalerritan ere. Berrobin, dagoeneko gauzatu dira trafikoa baretzeko eta segurtasuna hobetzeko esku-hartzeak. Villabona-Amasan, berriz, oinezkoentzako lotura berriaren lehenengo fasea bukatzear dago N-I errepideko lotunean eta  GI-3751 errepidearen eta Amasa auzoaren artean errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko proiektua (bigarren fasea), dagoeneko Udalarekin hitzartu da eta ekainean aterako da lizitaziora. Amarotzen ere N-I azpian bidegorria zein espaloia eraikiko dira (ekainean aterako da lizitaziora). Aldi berean, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko beste hainbat proiektu ere aurrera doaz beste hainbat herritan.

Jarduera hauen bidez, Aldundiak aurrera egiten jarraitu nahi du zeharbideen segurtasuna eta herriguneetan duten integrazioa hobetzen, 2026 eta 2027 urteetarako lurralde osoan 7 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten duen ekintza-planaren baitan.

  

734