Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abaltzisketako zeharbidean hobekuntza eta konponketa lanak egingo ditu Aldundiak

Abaltzisketako zeharbidean hobekuntza eta konponketa lanak egingo ditu Aldundiak

Galtzada konpondu eta berritu egingo da zoladuraren egoera hobetzeko, eta udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak kota berean jarriko dira.

2026/02/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketako herrigunetik igarotzen den errepidean hobekuntza lanak egingo ditu. Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak gaur atera du proiektua lizitaziora eta hilabeteko gauzatze-epea izango du esleitzen denean, 134.400 euroko aurrekontuarekin. Horrela, errepideko zenbait puntutan beharrezkoak diren konponketak egingo dira eta tarte horretan oinezko, ibilgailu eta txirrindulari ugari dabilenez, beharrezko hobekuntzak gauzatuko dira. Lanak, gutxi gorabehera, San Juan elizatik Muñoeta izeneko etxera bitarteko tartean egingo dira.

Horrela, lehenik eta behin, galtzada konpondu eta berrituko da, zoladuraren egoera hobetzeko. Era berean, Udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak kota berean jarriko dira, oinezkoen irisgarritasuna errazteko. Horrez gain, abiadura 30 km/h-ra mugatuko da, eta herriko bi sarreretan estuguneak aurreikusi dira ibilgailuen abiadura jaisteko..

Hobekuntza gehiago Tolosaldean

Abaltzisketako jarduketa hau Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako tokiko ekintzen planaren barruan kokatzen da; plan horren bidez, Aldundiak herriguneetatik igarotzen diren errepide eta zeharbideetan bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko irtenbide zehatzak bultzatzen ditu; Tolosaldean bertan Berrobin ala Villabonan, besteak beste, egiten ari diren antzeko esku-hartzeen ildotik.

Hain zuzen, Berrobiko jarduketan segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanetan dihardu Aldundiak antzeko ikuspegi batekin eta Villabonan, aldiz, pasabide berria eta N-I eta GI-3751 errepideen arteko segurtasun-neurriak hartuko dira. Obra horiei ekin zaie dagoeneko, eta, ondoren, oinezkoentzako ibilbidea jarraituko da Amasaraino. Hala nola, Ibarran, Berastegin, Zizurkilen eta Ikaztegietan lantzen ari dira hobekuntza-proiektuak.

Lan horiekin, Aldundiak urratsak egiten jarraitu nahi du zeharbideen segurtasuna eta integrazioa herrietan hobetzeko ekintza planaren barruan, zeinak aurreikusten baitu 7 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea lurralde osoan 2026 eta 2027 urteetan.

  

1710