Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Abelgorrien osasuna bermatzeko programa jarri du martxan Aldundiak

Foto Abelgorrien osasuna bermatzeko programa jarri du martxan Aldundiak

Abelgorrien osasuna bermatzeko programa jarri du martxan Aldundiak

Aurten lehen aldiz, Gipuzkoako mendietako larreetara igoko den abelburu bakoitza IBR gaitzaren aurkako txertoa hartuta joango da

Abelgorrien osasuna bermatzeko programa jarri du martxan Aldundiak

Behien Infekzio-Errinotrakeitisa (IBR) gaitzaren aurrean, estatu mailan aitzindari den programa bat jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak. Programa honi esker, maiatzaren 1ean larreak irekitzen diren unetik aurrera, mendira doan abelburu bakoitza IBR gaitzaren aurkako txertoa hartuta eta beharrezko kontrol guztiak pasata igoko da. Sektoreko eragileek eskatutako neurria izan da hau eta Aldundiak ekimena hartzea erabaki du. Izan ere, txertatzeari esker, gaitzik ez duten animaliek gaitza hartzea ekiditen da eta baita gaitza duten animalien kutsagarritasuna murriztea ere.

Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendariak azpimarratu du COVID-19 birusak sortutako krisi egoera honek “lehen sektorearen garrantzia oso modu argian” azaleratu duela, eta ondorioz, Aldundia inoiz baino ahalegin handiagoa ari dela egiten sektorearen “errentagarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko. IBR gaitzaren aurkako osasun programa hau horren adibide dela”, gaineratu du.

IBR gaitza herpes motako birus batek eragindako gaixotasuna da eta abelgorriei erasotzen die; gaixotasuna pasa duten abereak ez dira inoiz sendatzen eta bizitza osoan zehar beste animaliak kutsatzeko gaitasuna dute. Gaixotasun honek, ugalketa aparatua, arnas aparatua eta nerbio sistemak erasotzen ditu eta ondorioz, ume galtzeak, ugalkortasun jaitsierak, arnas bide arazoak eta entzefalitisa sufritzen dituzte, besteak beste. Hori dela eta, gaitzak kalte ekonomiko handiak sortzen dizkie abeltzainei.

IBR gaitza ibilbide luzea duen gaixotasuna da eta Europako herrialde batzuk, duela urte batzuk jarritako osasun programei esker gaixotasuna erradikatzea lortu dute; ondorioz, gaur egun gaitzetik libre dauden herrialde moduan izendatuta daude. Espainiaren kasuan, 554/2019 Errege Dekretuak abelgorrietan IBR gaitzaren aurkako programa martxan jartzeko irizpideak finkatu zituen eta borondatezko programa bat eskaini zien ustialekuei. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, gaitzaren aurkako osasun programa ofizial bat jarri du martxan eta mendietako larreetara doazen abelgorriak txertatuta izatea beharrezko neurri moduan hartu da, estatu mailan aitzindari bihurtuaz. “Neurri honi esker, Gipuzkoako abeltzainen ustialekuek osasun bermea duen kalifikazioa izango dute eta horrek ganadua atzerrian saltzea erraztuko die”, nabarmendu du Arrutik.

Egindako kontrol eta txertaketa kopuruen arabera, ustialeku bakoitzak kalifikazio bat lortzen du eta horren arabera kategoria batean edo bestean sailkatzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen osasun programa honen helburua etorkizunean Gipuzkoa osoa IBR gaitzetik ofizialki libre dagoen herrialdea izatea da.

Online enkante arrakastatsua

Aiako Testaje Zentroko lehen online enkantea berezia bezain arrakastatsua izan zen. Apirilaren 17tik 19ra bitarte zentroko web orriaren bitartez – www.testajeaia.com – abeltzainek eskaintzak egiteko aukera izan zuten eta 109 ganaduzalek hartu zuten parte; salgai jarri ziren 36 abelburuetatik 30 saldu ziren. Euskal Autonomi Erkidegoko abeltzainez gain, Nafarroa, Zamora, Salamanca, Avila, Soria eta Huelvako erostunak ere izan ziren.