Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da MUBIL Mobility Expo azoka, lankidetzan oinarrituta mugikortasun jasangarriaren industria babestu eta indartzeko

Abian da MUBIL Mobility Expo azoka, lankidetzan oinarrituta mugikortasun jasangarriaren industria babestu eta indartzeko

Imanol Pradales Lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak inauguratu dute Europa hegoaldean erreferente den hitzordu honen 5. edizioa. Aurtengoan, 110 enpresak parte hartzen dute, eta gero eta profil industrialagoa eta nazioartekoagoa dute. Lehendakariak mugikortasun jasangarriaren industriaren euskal sektorearen sendotasunean konfiantza izateko eta aukera-unea aprobetxatzeko eskatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean ireki da Ficoban MUBIL Mobility Expo azokaren bosgarren edizioa, Europan mugikortasun jasangarriaren arloan gero eta nazioarteko eta erreferentziazko izaera handiagoa duen azoka industriala. Imanol Pradales lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izan dira buru irekiera ekitaldian; aurten 110 enpresa elkartu dira beren azken berrikuntzak, aurrerapen teknologikoak eta etorkizuneko mugikortasunerako joerak adierazten duten proiektuak aurkezten.

Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomiko eta energetikoaren testuinguruan, MUBIL Mobility Expo erakusketak berriz ere agerian uzten du lurraldearen eta, oro har, Euskadiren gaitasun industrial, teknologiko eta berritzaileen beste adibide bat, pixkanaka-pixkanaka mugikortasunari lotutako industriaren eraldaketan aurrera egiten jarraitzeko deia eginez, enpresen, erakundeen eta eragile ekonomikoen arteko lankidetzatik abiatuta.  Edizio hau “Eraldatzen duen mugikortasuna” lelopean egingo da, eta digitalizazioak eta berrikuntza teknologikoak bultzatutako mugikortasun jasangarria industrian, erregulazioan, hiri-garapenean eta pertsonen bizi kalitatean sortzen ari den inpaktu ukigarrian jarriko du arreta.

Bere hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak gogorarazi du azken hilabete hauetan ziurgabetasun globalak kezka sortu duela. Hala ere, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi izan dio sektoreari. "Gaur, hemen eta orain, gaitasunak eta indarrak ikusten ditut, sektore oso bat abian ikusten dut, eta abagune bat ikusten dut", nabarmendu du. Era berean, "hobeto egiten ari direnengandik" ikastea proposatu du, eta gogorarazi du Euskadi 2030 Industria Plana hurrengo urteetarako ibilbide-orria dela, eta bertan Euskadik Europako "Industria Azelerazioko Arloa" izatea lortu behar duela.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak adierazi duenez, MUBILek eta Ficobak antolatutako azoka mugikortasun jasangarri eta adimendunarekin lotutako enpresa, teknologia zentro, entitate eta erakundeetarako "elkargune eta lankidetza erreferentzial" gisa sendotu da azken urteotan. "Aurten ere, gure industria sareak Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasunaren sektoreko eraldaketaren punta-puntan kokatzeko dituen gaitasunak eta erabakitasuna erakusten ditu azokak. Aukera bikaina da sinergiak sortzeko, lankidetza sustatzeko eta Europarekiko loturak indartzeko, gure mugetatik kanpo datorren gero eta parte hartzaile gehiago baititugu”, adierazi du Mendozak.

Ildo horretan, Mendozak azpimarratu duenez, "ezinbestekoa da industria babestea, laguntzea eta indartzea, bereziki enpresa txiki eta ertainak, Ekialde Ertaineko gerraren ondorioz gero eta egoera zailagoan baitaude". Adierazi duenez, mugikortasun jasangarria eta adimenduna ardatz duen MUBIL zentroa abian jartzea, hain zuzen ere, "gure industriaren aldeko apustua" izan da, "lankidetza eta berrikuntza proiektuak sortzearen aldekoa", enpresei aukera emango diena sektorean gertatzen ari diren aldaketei "aurrea hartzeko" eta abian den eraldaketak sortutako "aukerak aprobetxatzeko". "Ondoan jarraituko dugu, erabakiak azkar eta indarrez hartzeko, automobilgintzari eta mugikortasunari lotutako industriaren alde, gaur egun eta etorkizunean lehiakor izaten lagunduz", laburbildu du.

Azokaren irekieran, lehendakariaz eta diputatu nagusiaz gain, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Cesar Gutierrez MUBILeko zuzendari nagusia eta mugikortasun jasangarriaren ekosistemari lotutako beste erakunde eta enpresa batzuetako ordezkariak ere izan dira.

MUBIL Mobility Expo Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren azoka profesionalaren bosgarren edizioa gaur eta bihar (martxoak 25 eta 26) izango da Ficoban. 2018an lehen aldiz antolatu zenetik, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren balio kate osorako erreferente bihurtu da azoka, eta hazkunde jasangarria eta heldutasun nabarmena erakutsi ditu. Guztira 110 enpresa eta erakundek aurkeztu dituzte beren produktuak, zerbitzuak eta azken berrikuntzak: automobilgintzako enpresak, ekipamendu elektrikoa, bateria fabrikatzaileak, energia hornitzaileak –elektrikoa, petrolioa, gasa eta hidrogenoa–, azpiegitura eta sare enpresak, zerbitzu integratzaileak, konektibitate enpresak, adimen artifizialekoak eta Big Datakoak, erakunde publikoak eta flota operadoreak. Parte-hartzaile guztietatik, % 16 nazioarteko enpresak dira, batez ere Frantziakoak, Alemaniakoak eta Herbeheretakoak; % 40, berriz, Estatuko gainerako lurraldeetatik datoz, eta % 44 EAEtik.

Partner Country: Frantzia

Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat Partner Country ekimena da, azokaren nazioarteko profila indartzera datorrena. Aurtengoan Frantziaren txanda izango da, ID4Mobility, NextMove eta CARA Frantziako klusterrekin egindako akordio estrategiko bati jarraituz. Itun horri esker, Frantziako 12 enpresak parte hartu dute, eta teknologia eta enpresa lankidetzarako aukera berriak ireki dira mugikortasun jasangarriaren alorrean Europako industria ekosistema indartsuenetakoarekin. Horrek ateak zabaltzen dizkie erakusketan dauden enpresei nazioarteko merkatuetara iristeko eta proiektu eta lankidetza sare berrietan parte hartzeko.

Programa estrategikoa eta goi mailako bilera sektorialak

Irekiera ekitaldiaren ondoren, eduki programa oso bat jarri da abian, eta mahai-inguru bat egin da: 360º-ko mugikortasun elektrikoa: balio-kate osoa birmarrazten duen transformazioa, ACICAE - Euskadiko Automobilgintza Klusterreko zuzendari tekniko Mikel Lorente moderatzaile dela. Hortik aurrera, bi egunez, elkarrizketa, hitzaldi eta mahai-inguruetan  etorkizuneko mugikortasunerako funtsezkoak diren gaiak aztertuko dira, hala nola azpiegiturak eta energia aro berria; mugikortasun automatizatua, adimenduna eta segurua; adimen artifiziala eta zibersegurtasuna; intermodalitatea eta lurralde kohesioa; hiri kudeaketa adimenduna; hidrogenoa eta mugaz gaindiko lankidetza, PHYRENE proiektuaren esparruan, besteak beste.

Gainera, gaurtik aurrera, azokan bilera sektorial estrategikoak, klusterren batzarrak, energia foroak eta topaketa espezializatuak egingo dira, eta erreferentziazko espazio gisa finkatuko da erabakiak hartzeko eta aliantzak sortzeko. Aurtengo hitzordu nabarmenen artean, honako hauek aipa daitezke: Salgaien Hiri Banaketari buruzko II. Bilera Sektoriala, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren Batzar Nagusia, BASQUENERGY klusterraren Elektrizitatea Kargatzeko Foroa, PHYRENE proiektuaren bilera pribatua, BH2Cren mugikortasunaren bertikalaren VII. Topaketa eta Direbus Enpresa Elkartearen Batzarra.

Ezagutza ekosistema horri City Market Place ekimena gehitu behar zaio, hirien benetako erronkak enpresa irtenbideekin lotzeko sortua. Ekimen horren barruan, “Mugikortasun aitzindaria: arrakasten hiri-istorioak eta mugikortasunean ikasitakoak” mahai-ingurua egingo da, EIT Urban Mobilityrekin lankidetzan, eta erabiltzaileentzako eta enpresentzako mugikortasun jasangarriko finantzaketa mekanismoei buruzko elkarrizketak ere izango dira.

Test drive gunea: berrikuntza mugimenduan

2026ko edizioak erakustaldi dinamikoak egiteko eremu bat du; bertan, enpresek eta teknologia zentroek irtenbide aurreratuak aurkeztuko dituzte, hala nola autobus elektrikoak, ibilgailu autonomoak eta industria prototipoak. Gainera, unibertsitateek eta lanbide heziketako zentroek ibilgailu elektrikoen inguruan egin dituzten lanak jarriko dituzte ikusgai, eta, horrela, urte gutxiren buruan industrietan izango den tokiko talentua erakutsiko dute.

MUBIL Mobility Expo

Azokak Europan mugikortasun jasangarriaren etorkizuna eraikitzeko ekitaldi estrategiko gisa duen zeregina berresten du. MUBILek sustatua da, Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren industria sustatzen duen erakundea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan sortu eta Foru Aldundiak babestua, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) babesa duena.

  

711