Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aburuza sagardotegiak irabazi du XXV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Aburuza sagardotegiak irabazi du XXV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Gipuzkoako Sagardo Lehiaketaren 25. edizioak Gipuzkoako sagardogileak, dastatzaileak eta sektoreko ordezkariak bildu ditu GOe-n, tradizioa, berrikuntza eta lurralde-identitatea balioan jarri dituen ekitaldian. Basque Culinary Centerrek aitortza berezia jaso du sektorearen sustapenean eta ezagutza belaunaldi berriei transmititzeko egindako ekarpenagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean banatu ditu Gipuzkoako XXV. Sagardo Lehiaketaren sariak. Aurten, lehiaketa honek mende laurdena ospatu du gure ekoizleen kalitatea, tradizioa eta talentua aitortuz. Sagardogileek, dastatzaileek, sektoreko ordezkariek, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkariek eta Foru Aldundiak berak parte hartu dute ekitaldian.

Parte-hartze handia nabarmendu da aurten. Izan ere, 25. edizioak 22 lagin izan ditu sagardo naturalaren kategorian eta 14 sagardo apardunen (5) eta bereizgarrien (9) kategorian, Gipuzkoako sagardogileen sektorearen aniztasuna eta aberastasuna islatuz.

Horrela, Aburuza sagardotegiak eskuratu du lehiaketako txapela, bigarren saria Zapiain sagardotegiarentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Etxeberria sagardotegiarentzat.

Sari nagusiaz gain, Aldundiak sagardo apardun onena ere saritu du. Saria Ama Lurra Oiharte sagardoak jaso du. Era berean, sagardo bereizgarri onenaren saria Joanes de Zapian-i eman zaio. Aitortza horrek gure tradizioen balioa eta sustraiei eutsiz etorkizunera begiratzeko gaitasuna berresten ditu.

Horri lotuta, Eider Mendoza diputatu nagusiak sagardoa urtetik urtera bizirik mantentzeko eta garatzeko egindako lana jarri du balioan: “Gaur egun, kontsumitzaileek eskura duten edari mota eskaintza izugarria da. Eta hala ere hemen gaude, sagardoa ekoizten, sagardoa goratzen eta produktu honen kalitatea lau haizetara aldarrikatzen. Horren oinarrian lana dago, ondo egindako lana. Etengabe egokitzen asmatzea eta kalitatezko produktua eskaintzea. Sagarrondoek eta sagardogintzak bizirik eta indartsu badirau, hori zuen guztiaren lanari esker da”.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, halaber, sagardoaren balioa azpimarratu du: “Sagardoa produktu bat baino askoz gehiago da; gure nortasunaren, gure lurraldearen eta gure baserri eta ustiategietan egunero lanean diharduten pertsonen ahaleginaren isla da. 25 urte betetzen dituen lehiaketa honek sektorearen historia eta bikaintasuna balioan jartzen ditu, tradizioaren, berrikuntzaren eta etorkizunaren arteko lotura sendotuz”.

Diputatuak, halaber, sektore bizia eta jasangarria mantentzearen garrantzia nabarmendu du, belaunaldi-erreleboa bermatuz eta ekoizleen belaunaldi berriei babesa eskainiz. “Gure lurra eta gure kultura lan horretatik elikatzen dira, eta Foru Aldunditik Gipuzkoako lehen sektorea laguntzeko, aitortzeko eta indartzeko konpromisoa berresten dugu”, gaineratu du.

Sagardoen ebaluazioaz arduratu den epaimahaiak metodologia zorrotza erabili du, dastaketa itsua eginez, eta saritutako sagardoek urte osoan zehar beren kategoria egiaztatzen duen bereizgarri ofiziala eraman ahal izango dute. Aitortza horrek sektorearen bikaintasuna eta berritzeko gaitasuna indartzen ditu, Gipuzkoako sagardoa kalitatearen, tradizioaren eta etorkizunerako proiekzioaren erreferente gisa sendotuz.

Basque Culinary Centerri aintzatespena, sektorea sustatzen eta belaunaldi berriei ezagutza helarazten egindako ekarpenagatik

Aurtengo edizioan, Basque Culinary Center omendu dute sektorearen prestakuntzan eta sustapenean egindako lanagatik, baita belaunaldi berriei ezagutza eta berrikuntza transmititzen egindako ekarpenagatik ere. Bere lana ezinbestekoa da produkzioa, gastronomia eta lurraldea lotzen dituen ekosistema sortzeko.

“Basque Culinaryk jorratzen dituen balioak ezinbestekoak dira sagardoaren etorkizuna bermatzeko garaian. Sagardoaren kalitatean sakontzen jarraitzeko, behar dugulako baita ere zientzian sakondu, zientziak etengabe dakartzan aurrerapenetatik ikasi. Aldi berean, hezi eta formatu behar ditugulako datozen belaunaldiak sagardoaren berezitasunetan, eta bide horretan, Basque Culinary-k funtzio garrantzitsua betetzen du”, adierazi du diputatu nagusiak.

Gipuzkoako XXV. Sagardo Lehiaketaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehiaketaren ibilbidea ez ezik, lehen sektorearen balio kulturala, ekonomikoa eta soziala ere ospatzen ditu, eta lurraldearen nortasunarekin eta orekarekin duen konpromisoa berresten du.

  

1121