Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia Ayesa Digital-ekin bildu da NEUROQIA proiektua ezagutzeko, osasunaren arloan AA eta kuantika uztartzen dituena

Aldundia Ayesa Digital-ekin bildu da NEUROQIA proiektua ezagutzeko, osasunaren arloan AA eta kuantika uztartzen dituena

NEUROQIAk datu klinikoak, genomikoak eta ingurumenekoak integratzen ditu, AEAren diagnostiko goiztiarragoetarantz eta tratamendu pertsonalizatuetarantz aurrera egitea ahalbidetuko duten patroiak eta biomarkatzaileak identifikatzeko. Eider Mendoza diputatu nagusiak enpresaren Donostiako instalazioak bisitatu ditu, Unai Andueza diputatuarekin eta konpainiako arduradunekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin batera, bilera bat egin du Ayesa Digitaleko taldearekin, bertatik bertara ezagutzeko NEUROQIA, alboko esklerosi amiotrofikoaren (AEA) ezagutzan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiteko adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa konbinatzen dituen ikerketa proiektua. Honako hauek ere parte hartu dute lan-bileran: Iñigo Ucín, Ayesako presidentea; José Manuel Barrutia, zuzendari nagusia; Itziar Cuenca, I+Gko zuzendaria, eta Álvaro Fraile, Zibersegurtasuneko zuzendaria. Ondoren, konpainiaren instalazioak bisitatu dituzte.

Bileran, Ayesa Digitaleko taldeak azaldu du NEUROQIAk nola integratzen duen informazio klinikoa, genomikoa eta ingurumenekoa adimen artifizialeko tekniken bidez, AEAren diagnostikoa eta pronostikoa hobetzea ahalbidetuko duten patroiak eta balizko biomarkatzaileak identifikatzeko, batez ere paziente talde txikietan. Proiektuak konputazio kuantikoko teknikak eta eredu hibridoak ere barne hartzen ditu, datu biomediko konplexuak analizatzeko eta gaixotasunarekin lotutako mekanismo molekularrak aztertzeko. Teknologia kuantikoa ikerketa biomedikoan aplikatzeak lotura zuzena du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat estrategikoak diren eremu teknologikoetako batekin.

Era berean, bilera baliagarria izan da gertutik ezagutzeko Ayesa Digitalek aurten hasitako hazkunde etapa berrian dituen lan-ildoak eta erronkak.

NEUROQIA, Gipuzkoa Quantum programak bultzatutako proiektua

NEUROQIA Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore estrategikoetan I+G sustatzeko eta teknologia kuantikoak aplikatzeko bultzatutako Gipuzkoa Quantum laguntza programaren esparruan garatu da. 2021ean abian jarri zenetik 2025era arte, programak 98 proiektu babestu ditu guztira. 2025ean, 31 ekimen babestu ziren, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago, eta, horrela, sendotu egin zen lurraldeak teknologia kuantikoak enpresa-sarera hurbiltzeko egin zuen apustua. Jarduera-ildo horri eutsi egin zaio 2026an, 1,5 milioi euroko zuzkidurarekin, teknologia horiek Gipuzkoako enpresetan azkarrago txertatzeko.

Programak lurraldeko berrikuntza-ekosistema indartzea eta konputazio kuantikoaren aplikazio berriak bultzatzea du helburu, enpresen, zentro teknologikoen eta ezagutza- eragileen arteko lankidetza sustatuz. NEUROQIA apustu horren adibide bat da, teknologia kuantikoen potentziala inpaktu sozial handiko erronka zehatz batera eramaten baitu, hala nola AEAren ikerketara.

Ekimenak, halaber, lankidetza publiko-pribatua indartzen eta lurraldean gaitasun teknologiko aurreratuak garatzen laguntzen du, Gipuzkoako enpresa-sarearentzat berrikuntzarako eta lehiakortasunerako aukera berriak sortuz. Mendozaren ustez, Ayesa Digitalek helburu hori lortzen lagundu dezake "urte hauetan guztietan garatutako ezagutzari, pertsonei eta gaitasunei esker", Gipuzkoako industria-sarearen eraldaketa teknologikorako "erreferentziazko enpresa" bihurtzen baitute.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarentzat, "NEUROQIA adibide ona da, erakusten baitu lankidetzak aukera ematen duela teknologia emergenteen potentziala, hala nola konputazio kuantikoaren potentziala, gure gizartearen benetako erronketara eramateko". Ildo horretan, nabarmendu duenez, “proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundia lehentasunez lantzen ari den bi eremu estrategiko lotzen ditu: teknologia kuantikoak bultzatzea eta gizartean eragin handia duten esparruetan aplikatzea, hala nola osasunean”.

Halaber, Mendozak nabarmendu du “Gipuzkoatik garatzen ari direla konplexutasun-maila eta balio erantsi handiko proiektuak, eta horrek erakusten duela gure lurraldeak, gure enpresek eta gure ezagutza-ekosistemak gaitasuna dutela lurraldetik harago proiekzioa duten irtenbide aurreratuak sortzeko”. "NEUROQIA bezalako ekimenek aukera ematen digute gaitasun teknologiko propioen garapenean aurrera egiteko eta, aldi berean, gaitasun horiek erronka zehatzetan aplikatzeko, hala nola AEA bezalako gaixotasun konplexu baten ezagutza, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko", gaineratu du.

Bestalde, Ayesa Digitaleko presidente Iñigo Ucinek nabarmendu duenez, "proiektu honek garrantzi zientifikoa izateaz gain, gure lidergoa indartzen du sortzen ari diren teknologien erabileran, hala nola adimen artifizialean, konputazio kuantikoan eta osasunari aplikatutako datuen analisi aurreratuan. Gainera, ikerketa aplikatuaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko gure konpromisoa berresten du, eta osasun digital aurreratu, etiko eta pazientearen beharrei erantzungo diena sendotzen laguntzen du”.

NEUROQIA ikerketa biomedikoan teknologia aurreratuak aplikatzearen eta informazio klinikoa, genomikoa eta molekularra aztertzeko modu berriak arakatzearen aldeko apustua da. Adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa konbinatzeak aukera ematen du konplexutasun handiko arazoei aurre egiteko eta oraindik diagnostiko- eta tratamendu-erronka handiak dituzten gaixotasunen inguruko ikerketa-bide berriak irekitzeko.

AEAren kasuan, proiektuaren helburua da gaixotasuna hobeto ezagutzen laguntzea eta diagnostiko zehatzagoak eta tratamendu pertsonalizatuagoak lortzeko oinarriak ezartzea, teknologia emergenteen potentziala ikerketa biomedikoaren erronka handienetako baten zerbitzura jarriz.

  

1580