Aldundia Bexen Medicalekin elkartu da, Gipuzkoan hazten ari den biozientzien ekosistemako funtsezko eragileetako batekin
Aldundia Bexen Medicalekin elkartu da, Gipuzkoan hazten ari den biozientzien ekosistemako funtsezko eragileetako batekin
Aldundia Bexen Medicalekin elkartu da, Gipuzkoan hazten ari den biozientzien ekosistemako funtsezko eragileetako batekin
Konpainiaren instalazioetara egindako bisitak aukera eman du haren gaitasun industrial eta teknologikoak ezagutzeko, baita bioteknologiaren eta bioprozesuen arloan garatzen ari den proiektu berriak ere. MONDRAGON Korporazioan integratuta dagoen Bexen Medicalek 48 urtetik gorako esperientzia du osasunaren arloan, eta bere gaitasunak biofarmazia-industriako esparru berrietara zabaltzen jarraitzen du.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak Bexen Medicalek Hernanin dituen instalazioak bisitatu dituzte, eta bilera bat izan dute konpainiako eta haren ingurune kooperatiboko ordezkariekin. Bisitan zehar, enpresaren jarduera, ekoizpen eta teknologia gaitasunak nahiz etorkizuneko proiektuak ezagutzeko aukera izan dute.
Bexen Medicalen eta MONDRAGONen izenean honako hauek parte hartu dute: Javier Amezaga, MONDRAGON Korporazioko presidenteordea eta Ekipamendu Dibisioko arduraduna; María Eugenia Puertas, Bexen Medicaleko presidentea; Manuel Sánchez-Lagarejo, Bexen Medicaleko zuzendari nagusia; eta Borja Anza, Bexen Medicaleko Negozio Garapeneko eta Berrikuntzako zuzendaria eta Celltokiko presidentea. Halaber, Lluís Puigdemont Celltokiko kontseilariak ere parte hartu du.
Topaketak aukera eman du Bexen Medicalek osasunaren eta biozientzien esparruan dituen proiektu berriak ezagutzeko, eta sektore hori Gipuzkoatik garatzen jarraitzeko lankidetza-bide posibleak aztertzeko.
Hazten ari den sektore estrategikoa Gipuzkoan
Biozientziak, bioosasuna eta bioteknologia gero eta garrantzi handiagoa duten esparruak dira Gipuzkoan, eta Foru Aldundiarentzat sektore estrategikoa osatzen dute, jarduera ekonomiko berria, enplegu kualifikatua eta balio erantsi handiko industria-gaitasunak sortzeko duten ahalmenagatik. Testuinguru horretan, Bexen Medical azken urteotan garapen garrantzitsua izan duen ekosistema baten eragile nagusietako bat bihurtu da.
Osasunaren arloan 48 urte baino gehiagoko ibilbidea izanik, Bexen Medicalek esperientzia eta gaitasun industrial sendoa eskaintzen dio ekosistema horri, eta gaitasun berriak gehitu dizkio bioteknologiaren, bioprozesuen eta biofarmazia-industriaren arloetan. Bilakaera horrek indartu egin du bere rola, bereziki garrantzitsua den sektore batean, non ezagutza eta teknologia, merkatuan aplikazioa duten irtenbide bihurtzeko gaitasuna funtsezkoa den.
Bexen Medicalen hazkundea, gainera, Gipuzkoan gero eta sendoagoa den ekosistema baten garapenarekin batera gertatu da; ekosistema horretan enpresak, zentro zientifiko eta teknologikoak eta industria-gaitasunak elkartzen dira. Industrializatzeko gaitasuna duten enpresen presentzia, Bexen Medicalen kasuan bezala, funtsezko pieza da balio-kate hori osatzeko, lurraldean sortutako ezagutza eta berrikuntza industria-aplikazioekin eta merkaturatzearekin lotuz.
Horrenbestez, Bexen Medicalen bilakaerak ere islatzen du sektoreak Gipuzkoan bizi duen eraldaketa: industria-oinarri sendo batetik abiatuta, balio erantsi handiko esparruetan gaitasun berriak garatzea eta lurraldearen posizionamendua eta lehiakortasuna indartzea biozientzien alorrean.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “Gipuzkoa urrats garrantzitsuak egiten ari da biozientzien hazkundea bizkortzeko, eta arlo horretan gero eta sendoagoa eta lehiakorragoa den ekosistema bat eraikitzeko lanean lider izan nahi dugu. Horretarako ekimen zehatzak bultzatzen ari gara, ekosistema hori sendotuko duten eta haren inguruan aukera berriak sortuko dituzten polo berriak, kasu. Aurreikuspenen arabera, datozen urteetan ia 1.000 lanpostu sortuko dira, eta horrek sektore honek lurraldean izan dezakeen potentzialaren eta tamainaren berri ematen du. Bide horretan ezinbestekoa da Bexen Medical bezalako enpresak izatea; izan ere, ibilbide luzea dute lurraldean, eta balio handiko ezagutza, esperientzia eta gaitasunak eskaintzen dituzte. Gipuzkoatik berritzen, hazten eta jarduera-ildo berriak irekitzen jarraitu nahi duten enpresak izatea indargune handia da ekosistema hau eraikitzen jarraitzeko eta etorkizuneko sektore batean gure posizionamendua sendotzeko”.
Gaitasun berriak bio industriarentzat
Bexen Medicalek bere jarduera zabaldu duen eremuetako bat bioprozesuena eta biofarmazia-industriarentzako irtenbideena da.
Prozesu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak, GANTT estrategiaren esparruan garatutako programen bidez, Bexen Medicalen gaitasun berriak sustatzen lagundu dute bioerreaktoreen garapenean. Laguntza hori lurraldeak egin duen apustu baten barruan kokatzen da, hain zuzen ere, bere industria-gaitasunak biozientziekin eta bioteknologiarekin lotutako arlo berrietarantz bilaka daitezen laguntzea.
Bilakaera horren parte gisa, Bexen Medicalek eta Celltokik elkarlanean bioprozesuetarako irtenbide sorta bat garatu dute, biofarmazia-industriaren beharrei erantzuteko, diseinu kontzeptualetik hasi eta neurrira egindako fabrikaziora arte.
Lankidetza horri esker, bi enpresen ezagutzak eta gaitasunak osatu ahal izan dira, merkatu berriei elkarrekin heltzeko eta balio erantsi handiagoko irtenbideak garatzeko.
Bilakaera hori Bexen Medicalen izaera kooperatiboan ere oinarritzen da, MONDRAGON Korporazioaren barruan baitago; eredu horrek lankidetza, gaitasunen batura eta jarduera lurraldean errotzea indartu ditu.
Manuel Sánchez Lagarejo Bexen Medicaleko gerentearen hitzetan: “Aldundiaren bisitak ikuspegi partekatu bat indartzen du: gure lurraldea bioteknologia eta osasunaren arloko erreferentziazko polo bihurtzea. Bexen Medicaletik eta Celltokiren garapenaren bidez, balio erantsi handiko irtenbide bioteknologiko aurreratuen aldeko apustu sendoa egiten dugu. Erakundeen babesa eta gertutasuna izatea funtsezkoa da industria-hazkunde hori azkartzeko, enplegu kualifikatua sortzeko eta biofarmazia-sektorearen erronkei hemendik bertatik erantzuteko”.
Biozientzien ekosistemaren garapen bizkorrak aukera ematen dio Gipuzkoari bere industria-tradizioa eta gaitasun zientifiko eta teknologikoak baliatzeko, osasunaren eta bioteknologiaren inguruan balio-kate berriak eraikitzeko.
1086