Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 1,43 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko 200 gizarte-erakunde ingururen lana indartzera

Aldundiak 1,43 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko 200 gizarte-erakunde ingururen lana indartzera

Laguntza-deialdiari esker, Gipuzkoako irabazi-asmorik gabeko 191 gizarte-erakundek sustatutako 313 programa garatuko dira.

Gizarte ekimena

Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egin du hirugarren sektorearekin elkarlanean oinarritutako zaintza eta gizarte-babesaren aldeko apustua. Horren erakusgarri da Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutako urteko dirulaguntza-deialdia ebatzi izana. Deialdi horren bidez, guztira 1.432.991 euro bideratuko dira Gipuzkoa osoko ia 191 erakundek bultzatutako 313 programa babestera.
Laguntzen bidez, askotariko kolektiboei zuzendutako egitasmoak sustatuko dira: adinekoei, haur eta nerabeei, desgaitasuna duten pertsonei, osasun mentaleko arazoak dituztenei, gaixotasun kroniko edo arraroak dituztenei, familiei, migratzaileei, indarkeria matxistaren biktimei eta gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan daudenei zuzendutakoak, besteak beste. Era berean, prebentzioa, sentsibilizazioa, boluntariotza eta gizarte-berrikuntza sustatzen dituzten ekimenek ere babesa jasoko dute.
Deialdia hiru jarduera-ildoren inguruan antolatu da. Lehenengoak, 1.082.991 euroko zuzkidurarekin, pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin egiten den gizarte-esku-hartzea laguntzen du. Bigarren ildoak, 250.000 eurorekin, gizarte-arazoen inguruko sentsibilizazio eta prebentzio-ekimenak finantzatzen ditu. Hirugarrenak, berriz, 100.000 euro bideratuko ditu ikerketa eta gizarte-berrikuntza sustatzera, gizartearen behar berriei aurrea hartu eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako erantzun berriak garatzeko. 
“Konpromiso handiko gizarte sarea”
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñaren hitzetan, «Gipuzkoak gizarte-sare sendoa, konprometitua eta gertukoa du. Erakunde horiek bertatik bertara ezagutzen dituzte pertsonen beharrak, premiak sortzen diren tokian bertan daudelako eta egunero-egunero, hurbiltasunez, profesionaltasunez eta gizatasunez laguntzen dietelako babes handiena behar dutenei. Dirulaguntza-deialdi hau Foru Aldundiak ezinbesteko lan hori aitortu eta babesteko duen konpromisoaren erakusle da». Peñak azpimarratu duenez, «ezinezkoa litzateke gure zaintza-sistema ulertzea gizarte-erakundeekin dugun lankidetza aintzat hartu gabe. Helburu bera partekatzen dugu: pertsonak hobeto zainduko dituen, garaiz iritsiko den eta inor atzean utziko ez duen Gipuzkoa eraikitzea. Publikoaren eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza ez da politika publikoak kudeatzeko tresna hutsa; gure lurraldea nola eraiki nahi dugun ulertzeko modu bat da».

  

1774