Aldundiak 2025eko errenta aitorpena egiteko erraztasun handiagoak ematen ditu, hain zuzen PFEZean erreforma fiskala aplikatzen den urtean
Aldundiak 2025eko errenta aitorpena egiteko erraztasun handiagoak ematen ditu, hain zuzen PFEZean erreforma fiskala aplikatzen den urtean
Aldundiak 2025eko errenta aitorpena egiteko erraztasun handiagoak ematen ditu, hain zuzen PFEZean erreforma fiskala aplikatzen den urtean
Foru Ogasunak ahalik eta gehien erraztu du proposamena Zergabidea programara deskargatu, IFZrekin eta proposamenaren kodearekin bakarrik aldaketak egin eta interneten aurkezteko bidea

Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek prentsaurreko bat eman du gaur goizean, 2025eko errenta kanpainaren atarian, aurtengo berrikuntza nagusiez informatzeko. Zerga sistemaren erreforma fiskala onartzen duen Foru Arauaren bidez 2025ean hartutako neurri nagusien aplikazioaren urtean, Foru Ogasuna IZFErekin elkarlanean aritu da bere programa eta aplikazio guztiak egokitu eta hainbat informazio tresna garatzeko, kanpainan gorabeherarik izan ez dadin. "Helburua da zergadunek beren aitorpena modu eroso eta erraz batean baieztatu edo aldatu ahal izatea, nahiago duten bidea erabiliz, horretarako Ogasuneko bulegoetara joan beharrik izan gabe", adierazi du Agirrek. "Gogoratu behar da erreforma fiskalean jasotako aldaketek Gipuzkoako herritarren % 80ri egingo diotela mesede".
Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak azaldu du aurten ahalik eta gehien sinplifikatu dela proposamena Zergabidea programara deskargatu, aldaketak egin ("kenkari berriak sartzea", adibidez) eta, ondoren, aitorpena internet bidez aurkezteko bidea. Agirrek gaineratu duenez, “autolikidazio proposamena onartzeko aukera posible guztiak jarri ditugu zergadunaren esku”.
Beraz, goiko irudian ikus daitekeenez, proposamen bat internet bidez onartu nahi denean, 3 aukera egongo dira: (1) aldaketarik gabe onartzea; (2) aldaketekin onartzea, non aldaketak modu erraz batean sartu ahal izango diren, hala nola etxebizitzen edo lokalen errentamenduagatiko diru sarrerak, dohaintzengatiko kenkaria, kuota sindikalagatiko kenkaria eta etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria. Gainera, aurten, berrikuntza gisa, alda daitezkeen bi kontzeptu berri sartu dira: errentatzailearen birgaitze babestuagatiko kenkaria eta gizarte aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenengatiko kenkaria (borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak…). (3) Azkenik, edozein kontzeptu aldatuz onartu ahal izango da proposamena, hura ZergaBidea programan deskargatuz. Azken aldaketa hau "Identifikazio fiskaleko zenbakiarekin (IFZ) eta proposamenaren kodearekin bakarrik egin ahal izango da; aurten ez da autentifikazio gehigarririk beharko", esan du Agirrek.
Azken aukera hori azaltzeko, Ogasun Departamentuak bideo tutorial bat prestatu du, zergadunen zerbitzura dauden gainerako gida eta bideo tutorialekin batera. Bideoa esteka honetan dago: Gipuzkoa.eus/ogasuna/renta
Itziar Agirrek adierazi duenez, "Aurten, kanpaina konplexuagoa da, PFEZean kenkari ugari sartu direlako lehen aldiz, adin desberdinetako zergadun askori mesede egingo dietenak, eta hortaz gure helburua ahalik eta erraztasun handienak ematea eta zerbitzurik eraginkorrena eskaintzea da ".
Guztira, 330.000 zergadun inguru mesedetuko dituzte arlo hauetako neurri berriek: etxebizitza, zainketak, gizarte aurreikuspena, kontziliazioa, trantsizio ekologikoa edo behar espezifikoak dituzten familia eta kolektiboentzako laguntza. Agirrek adierazi duenez, "Foru Ogasunaren kalkuluen arabera, onartutako neurri fiskalek 105 milioi euroko eragina izango dute zergadunaren alde PFEZean”.
Gida informatiboak kenkarien inguruan
Ildo horretan, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak honako hau adierazi du: "Departamentuak Zergabidean erreforma fiskala aplikatzeko irizpideak jarri ditu zergadun interesdun guztien eskura, modu errazean, galdera eta erantzun formatuan, esteka honetan: gip.eus/errenta".
Zergabidearen informazio irizpide horiez gain, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu du erreforma fiskalak gazteengan arreta berezia jarri duela. Gaineratu duenez, kolektibo horri lagundu nahi izan zaio haren aitorpenean eragina duten neurriak ezagutzen: “Gida bat prestatu dugu, lehen eskutik jakin dezaten aldaketa nagusiez nola balia daitezkeen". Gida hau esteka honetan dago: gip.eus/errentagazteak.
Data nagusiak
Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak errenta kanpainaren datak gogoratzeko baliatu du prentsaurrekoa.
|
Errenta25 |
Data nagusiak |
|
|
Autolikidazio proposamenak webgunean |
Martxoaren 30etik aurrera |
|
|
Proposamenak onartzea: telefonoa, internet edo Errenta+ app-a Aurkezpena bide telematikoz: Zergabidea Ondarearen eta fortuna handien gaineko zergaren kanpaina |
Apirilaren 7etik aurrera |
|
|
Errenta mekanizatuko hitzorduen eskaera |
Apirilaren 13tik aurrera |
Ekainaren 8ra arte |
|
Errenta mekanizatuaren hasiera |
Apirilaren 14tik aurrera |
|
|
Aitorpenen aurkezpena: kanpainaren amaiera |
Uztailaren 2a |
|
Errenta+ appa
Agirrek adierazi duenez, aurten ere "zergadunek Errenta+ aplikazioa erabili ahal izango dute berriro, zerbitzu jakin batzuetara sartzeko aukera emango baitie, besteak beste: errenta aitorpen mekanizatua aurkezteko hitzorduak erreserbatzea, autolikidazio proposamena onartzea, informazio fiskala lortzea eta zerga ziurtagiriak sortzea".
Aplikazio horren bidez, hirugarrenen ordezkari gisa ere jardun ahal izango da, eta abisu orokorrak edo pertsonalak jaso ahal izango dira. "2025eko Errenta kanpaina honetan badira hobekuntzak, hala nola biometriaren bidez bertara sartu eta zorra ordainketa pasabidearekin ordaintzeko aukera" azpimarratu du.
Itziar Agirrek gogorarazi duenez, iaz (appa abian jarri zen lehen aldiz) aplikazioak 12.092 deskarga izan zituen telefonotik edo iOS edo Android duten beste gailu batzuetatik, 3.913 zergadunek onartu zuten beren proposamena apparen bidez, eta 2.423 zergadunek erabili zuten aplikazioa errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko.
2025eko erreforma fiskala, eta errentaren kanpainan dituen ondorioak
Erreforma fiskalaren ondoren, aurten bereziki garrantzitsuak dira aitortzeko betebeharra dakarten baldintzak. Horrela, Itziar Agirrek gogorarazi du ez daudela aitorpena aurkeztera behartuta 20.000 eurotik beherako lan etekinak jaso dituzten pertsonak. Era berean, kendu egin da 2024ra arte zegoen derrigortasuna, zeinaren bidez aitorpena aurkeztera behartuta egon zitekeen lanaren bi etekin edo gehiago jasotzen baziren guztira 14.000tik 20.000 eurora bitartean.
Bestetik, gogorarazi du aitorpena egiteko derrigortasunari eusten zaiola gainerako kasuetan, orain arte egin den bezala.
Erreforman PFEZean onartutako neurri nagusiei dagokienez, honako hauek gogoratu behar dira:
Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria
Kontziliazioari dagokionez, kenkari berri bat ezartzen da, 250 eta 500 euro bitartekoa, betiere 12 urtetik beherakoak, desgaituak edo mendekoak, zaintzeagatik. Kenkari bat gehitu da 4 urtetik beherako adingabeak zaintzeko lan jarduera geldiarazten edo murrizten duten gizonentzat (200 euro urteko). Eta, azkenik, 3 urtetik beherako haurrak zaindu ondoren emakumeak lan merkatura itzultzen laguntzeko kenkari bat ezartzen da, 1.500 eurokoa geldiarazte urte bakoitzeko.
Etxebizitza
Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko pizgarri fiskalak sustatuz. Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da etxebizitza maizterraren ohiko etxebizitza denean, % 30eko hobaria ezarriz, eta % 70era iritsiko da alokairuan bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza eremu tentsionatuetan dagoenean.
Era berean, errentatzailearentzako pizgarri horiek osatu egiten dira birgaitze babestuagatiko kenkariarekin, errentapeko etxebizitzako jarduketetarako, alokairuko etxebizitzen parkea berritzea bultzatzeko.
Errentarien kasuan, kenkaria % 35eraino igotzen da pertsona hauentzat: 36 urtetik beherakoak, familia ugariak, guraso bakarrekoak, etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren biktimak eta mendekotasuna edo desgaitasuna dutenak.
Etxebizitza erosteari dagokionez, erreformak lehen aipatutako kolektiboei ere mesede egiten die, eta portzentajea eta urteko kenkariaren zenbatekoa % 23ra eta 1.955 eurora igotzen ditu, hurrenez hurren. Gainera, nabarmendu behar da 36 urtetik beherako gazteentzat etxebizitzaren eskuratze urtean kenkariaren urteko gehieneko muga ezabatu dela, eta kolektibo horri aukera ematen zaiola ohiko etxebizitza erostera bideratutako laguntza fiskala lortzeko aukera aurreratzeko.
Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak (BGAE)
Bestetik, pentsio publikoaren osagarritasunean aurrera egiteko, foru arauak zerga esparru berri bat ezartzen du, helburu hori lortzeko aukera edo laguntza emango duena, lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planak irmotasunez sustatuz. Horrela, tratamendu fiskala eguneratu egiten da, errenta gisako prestazioak kobratzea sustatuz, eta kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, ekarpen handiagoa egiteko pizgarri handiagoak ezarrita. Horrela, lau kenkari tarte ezartzen dira, eta horietako lehena iragankorra izango da: % 10, % 15, % 20 eta % 25eko kuota kenkaria, bai PFEZean, langilearen ekarpenetarako, bai sozietateen gaineko zergan, enpresen ekarpenetarako.
Trantsizio ekologikoa
Trantsizio ekologikoan aurrera egiteko asmoz. kenkari berriak ezartzen dira bai ohiko etxebizitzen eta bai errentan hartutako etxebizitzen energia efizientzia hobetzeko obrengatik, betiere berokuntzaren eta hozte sistemaren eskaria murriztu, energia primario ez berriztagarriaren kontsumoa hobetu edo eraikinen energia birgaitzea egiteko. Horiek horrela, % 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak karga puntuak ezartzeagatik. Halaber, sozietateen gaineko zergaren kenkariak, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza edo ekonomia zirkularra helburu duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatik. Energia iturri berriekin lotutako I+Gko kenkariak areagotzea
2788