Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak A-15eko tunelak berritzeko lanak amaitu ditu eta aurrerantzean seguruagoa, jasangarriagoa eta adimentsua izango da azpiegitura osoa

Aldundiak A-15eko tunelak berritzeko lanak amaitu ditu eta aurrerantzean seguruagoa, jasangarriagoa eta adimentsua izango da azpiegitura osoa

Obrak jada amaitua, errepidea igande honetan irekiko da guztiz. Gipuzkoako mugikortasuna eta lehiakortasuna indartuko dituen "aurrerapauso garrantzitsua" gauzatu dela adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundia

A-15 errepideko Gipuzkoako lau tunelak eraberritu eta segurtasuna egokitzeko lanak bukatu ditu Foru Aldundiak; Belabietako tunelean (Donostiarako noranzkoan) obrak amaitu eta gero. Hala, maiatzaren 24ean, igandea, irekiko da behin betiko errepide tarte osoa. Egokitzapen lanotarako 95 milioi euroko inbertsioa egin du Aldundiak, eta, horri esker, lurraldearentzako funtsezko den azpiegitura horretan maila handieneko segurtasun sistemak ezarri dira, jasangarritasuna hobetu da eta puntako teknologia txertatzeko ahalegin nabarmena egin da.

Eider Mendoza diputatu nagusiak azpiegitura bisitatu du, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera, eta azpimarratu du A-15eko jarduketa “aurrerapauso garrantzitsua” dela lurraldearentzat, “ahalegin eta denbora handia” behar izan baitira “kontrol sistemarik zorrotzenak ezartzeko, egitura sendotzeko eta jasangarritasuna hobetzeko“. Horrekin batera, errepideek Gipuzkoa egituratzen duten azpiegitura gisa duten funtsezko zeregina nabarmendu du diputatu nagusiak: “herriak eta eskualdeak lotzen dituztelako, eta enpresen lehiakortasunerako funtsezkoak direlako”. “Lehiakortasunaz eta mugikortasunaz hitz egiten dugu etengabe, baina errepide sare eraginkor, moderno eta segururik gabe, hori ez da posible”, azpimarratu du, Aldundiak lurraldeko errepide sare osoa hobetzeko duen konpromisoa berretsiz. Mendozak, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie erabiltzaileei eta obra luzeen eraginpean egon diren udalerrietan bizi diren pertsonei, modu horretan egin behar izan baitira lanak, azpiegiturak une oro martxan mantendu ahal izateko eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen funtsezko komunikazio bide horretan trafikoa mantentzeko.

Tunel seguru, jasangarri eta adimendunak

Egindako hobekuntzei esker azpiegitura aurreratu, adimendun eta jasangarriagoa da Belabietako tunela bera (1.836 metro luze eta multzo osoko luzeena), eta baita Gipuzkoako A-15eko gainerako hirurak ere. Segurtasun arloari dagokionez, 150 kamera inguruko sistema bat instalatu da, ikusmen- eta adimen-artifizialez hornituak, tunelak eguneko 24 orduetan monitorizatzen dituztenak eta intzidentziak denbora errealean detektatzeko gai direnak, erantzuteko protokoloak automatikoki aktibatuz, suertatuz gero. Hori guztia departamenduak Miramonen (Donostia) duen kontrol zentro berrituan kudeatzen da. Zentro horretatik kontrolatzen dira tunelak, eta erabiltzaileekin zuzeneko komunikazioa izan daiteke bertatik, megafoniaren eta seinale aldakorreko panelen bidez.

Gainera, azpiegiturak berak baditu galtzadan bertan detekzio-sistemak, asfalto azpiko sentsoreen bidez, kontrako noranzkoan ibilgailuak detektatzeko, edukiera neurtzeko eta auto-pilaketei aurrea hartzeko. Aireztapen-sistemak, bestalde, etengabe monitorizatzen du airearen kalitatea, eta algoritmo aurreratuen bidez erregulatzen da funtzionamendua, zirkulazio-baldintza egokiak bermatuz, eta, sutea gertatuz gero, tunelaren gangan kea jaso eta eusteko aukera emanez, ebakuatzeko denbora emateko. Horrez gain, sute-ahoen sarea eta suhiltzaileentzako ur-biltegi bana instalatuko dira larrialdietan esku hartzeko gune estrategikoetan.

Energiaren arloan, instalazio elektriko berriak, efizientzia hobetzeaz eta kontsumoa murrizteaz gain, kanpoko baldintzetara eta ikuspenera egokitzen diren argiztapen moldagarriko sistemak ditu, modu seguruagoan gidatzeko. Era berean, sistemak etengabeko elikadurarako gailuak (SAI) eta ekipo elektrogenoak ditu, hornidura elektrikoan gerta daitezkeen gorabeheren edo mozketen aurrean azpiegituraren funtzionamendu autonomoa bermatzeko. Azkenik, jasangarritasuneko soluzio espezifikoak txertatu dira, hala nola tunelaren barruko isurketak biltzeko eta tratatzeko sistema bat, isuririk izanez gero hondakinak behar bezala bideratzeko, iragazteko eta kudeatzeko aukera ematen duena.

Gipuzkoako A-15 errepideko tunelak berritzeko lanak 2018an hasi ziren, San Lorentzoko tunela birgaitzeko lanekin. Urte horretatik 2019ra bitartean egin ziren lanak. Ondoren, 2021etik 2022ra bitartean, Belabietako tunelaren Iruñerako noranzkoko hodian jardun zen. Aurrerago, 2023tik 2024ra bitartean, Gorosmendiko tunela (Iruñerako noranzkoa) eta Oindolarreko tunela (Donostiarako noranzkoa) berritu ziren. Oindolarreko eta Gorosmendiko bi tunelen kontrako noranzkoetan 2024ko irailaren amaieran hasi ziren jarduketak, eta iazko udaberrian jarri ziren martxan.

Itxiera, ostiralean 22:00etan

Azkenik, Belabietako tuneleko lanak, Donostiarako noranzkoan, joan den udan hasi ziren, eta, horrela, modernizazio integraleko prozesua amaitu da.

Behin betiko ireki aurretik, bihar, ostirala, 22:00etan, Andoain eta Berastegi arteko zatia erabat itxiko da, eta trafikoari berriro irekiko zaio igandean zehar, obrako elementu guztiak kendu eta azken egiaztapen teknikoak egin ondoren.

  

1723