Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Azken Portuko biribilgunearen proiektua lizitatu du, lanei aurten ekiteko aurreikuspenarekin

Aldundiak Azken Portuko biribilgunearen proiektua lizitatu du, lanei aurten ekiteko aurreikuspenarekin

Konexio berriak mugikortasuna hobetuko du Artiga pasealekuaren inguruan, eta funtzionaltasuna emango dio etorkizuneko Arbes-Oinaurreko AP-8aren lotune osoari

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak lan-bilera egin dute gaur Cristina Laborda Irungo alkatearekin. Bertan, Azken Portu inguruko esku-hartze berriari buruz hitz egin dute, non Aldundiak biribilgune itxurako bide-lotura berri bat bultzatuko duen. Jarduketak auzoaren mugikortasuna hobetuko du eta Behobiatik sartzen diren ibilgailuen mugimenduak erraztuko ditu. Esku-hartze hori, gainera, Bidasoaldeko sarbideak eta mugikortasuna hobetzeko planean aurreikusitako esku-hartzeetako bat da.

Testuinguru horretan, Foru Gobernuaren Kontseiluak proiektuaren lizitazioa onartu du, 1.018.000 euroko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko exekuzio epearekin. Jarduketak biribilgune berri bat eraikitzea aurreikusten du, Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko mugimendu guztiak antolatu eta osatu ahal izateko, egungo egoera hobetuz, eskuinera biratzea baino ez baitu ahalbidetzen gaur egun, oso urbanizatuta dagoen eremu batean, non bizitegi-auzo bat eta jende joan-etorri handia duen kiroldegi bat baitaude. Esku-hartze horri esker, gainera, AP-8 autobidearekin Arbes-Oinaurren egingo den lotune osoaren eraginkortasuna indartu ahal izango da.

Diputatu nagusiak azpimarratu duen bezala, aurten bertan jarduera gauzatzen hasteko bidean azkar aurrera egiteko aukera emango duen urratsa da. “Konpromisoak betetzen eta urrats zehatzak ematen jarraitzen dugu, Bidasoaldeko bide azpiegituretako jarduketa plan integrala Irunen eta Hondarribian mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko dituen errealitate bat izan dadin”. “Fasez fase eta jarduketaz jarduketa, Bidasoalde osorako sarbide sistema ordenatuagoa, seguruagoa eta funtzionalagoa finkatzeko beharrezkoak diren elementuak osatzen joango gara lankidetzan”, amaitu du.

Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, "urrats berri horrek, etorkizun hurbilagoan, Arbesen eta Palmera Monteron barne trafikoak murriztea ekarriko du, biribilguneak ibilgailuak saihesbidera zuzenean sartzea ahalbidetuko duelako, auzo horietatik igaro gabe. Hiria inguratuko duen bide-eraztun berria forma hartzen ari da, hirigunea zeharkatzea saihestuko duen eta GI-636 errepideari eusten dion zirkulazio-bolumen handia banatuko duen alternatiba bihurtzeko ".

Eskualdeko mugikortasuna hobetzeko planak, oro har, 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta, besteak beste, N-638 eta GI-636 errepideetako sarbideetan eta AP-8arekin Arbes-Oinaurren lotunea osatzeko egingo dira jarduketak, baita Amute, Mendelu eta Plaiaundi eremuetan ere.

  

1728