Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programaren beste deialdi bat ireki du 2026rako
Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programaren beste deialdi bat ireki du 2026rako
Ekimenak iaz abian jarri zenetik izan duen harrera onaren ondoren, Foru Erakundeak programaren edizio berri bat jarri du abian. Berrikuntza nagusi gisa, eskaerak aurkezteko epea urte osoan egongo da zabalik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programaren beste deialdi bat ireki du 2026rako. 2025eko urtarrilean abian jarri zen ekimen bat da, eta gaur egun 15 baserritarrek hartu dute figura hau. Forru Erakundeak bultzatutako programa pilotu aitzindari honek lehen sektorean belaunaldien arteko errelebo faltaren erronkari erantzun nahi dio. Horretarako, ekimen hau diseinatu zen, nekazaritzaren arloan jarduera bat garatzeko interesa duten pertsonen trantsizioa errazteko. Horrela, lanaldia % 50era murriztea proposatzen du, bi jarduerak modu profesionalean uztartzeko.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak deialdi berri honen xehetasun gehiago eman ditu, 2025eko deialdiaren ondoren lortutako ikaskuntzen ildotik. Arrutik programaren edizio berriaren nondik norakoak aurkeztu ditu, gaur goizean Foru Jauregian egindako prentsaurrekoan, Mikel Igartua eta Miren Izarra baserritar misto profesionalekin eta hauek lan egiten duten enpresetako gerenteekin batera, Endika Uriondo, Cartonajes Arregi eta Amaia Iparragirre, FECIN, hurrenez hurren.
Arrutik programa honek izan duen harrera ona azpimarratuz hasi du bere hitzaldia. “Ekimen honen parte diren baserritarrak bat datoz esatean, lehen sektorean aurrera egiteko edo proiektua abian jartzeko erraztasun bat dela eta honek, nolabaiteko lasaitasuna ere ematen dietela. Urte honetan izandako harrera onak eta sortutako interesak” gaineratu du, “2026an ere Baserritar Misto Profesionalarekin jarraitzera animatzen gaitu”. Horrela, Foru Aldundiak beste deialdi bat ireki berri du, berrinkuntza batzuekin, hala nola aurkezteko epeak kentzea, interesdunek urteko edozein unetan aurkeztu ahal izan dezaten eskaera. Hala, eskabideak lehiarik gabeko prozeduraren bidez emango dira, eskaeren jasotze hurrenkeraren arabera, baldin eta oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte, aurrekontu-baliabideak agortu arte. Deialdi honetarako 600.000 euro bideratu dira, eskaera gehiago egonez gero handitu daitezkeenak.
Arrutik azaldu duenez, erabaki horren helburua da programan interesa duten pertsonei urteko edozein unetan eskaera aurkezten laguntzea, izan ere, “pertsona batek urratsa ematea erabakitzen duenetik – edozein unetan izan daiteke – enpresarekin egindako akordioaren baldintzak onartzen diren arte eta eskaera formalizatu ahal izateko behar den izapide guztia garatzen den arte hilabeteak igaro daitezke, eta, horrek guztiak denbora bat eskatzen duela ulertuta, ez diogu inori aterik itxi nahi”.
Diputatuak amaitzeko esan du “Gipuzkoak aurretik erronka handia duela lurraldearen elikadura jasangarria bermatu eta lurralde oreka berdea mantendu nahi badugu”. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Baserritar Misto Profesionala programaz gain, gogorarazi du “beste mekanismo eta programa batzuk bultzatzen ari da gazteak lehen sektorera hurbiltzeko, hala nola Gilur, Gaztenek edo Trebatu,”. Diputatuak, azkenik, guztiek lurraldeko lehen sektorearen aldeko konpromisoa hartzeko deia egin du, sektorearen biziraupenak, bereziki gaur egungo egoeraren aurrean, “enpresen inplikazioa eskatzen baitu – kasu honetan bezala, baserritarren denboraren zati bat lagaz, nekazaritza jarduera garatu ahal izan dezaten –, baita gipuzkoar herritar guztiena ere, tokiko produktuaren kontsumoaren alde eginez”.
Programaren urte beteko balantzea
Mikel Igartuak, Oñatiarrak, udalerri honetan bertan kartoi artoi uhinduzko kaxak eta enbalajeak fabrikatzen espezializatuta dagoen Cartonajes Arregi enpresaren mantentze-lanez gain, familia-baserriko abeltzaintza-jardueraz ere arduratzen da. Gaurko prentsaurrekoan, Mikelek azaldu du, gurasoak erretiratu ondoren, bera izan dela baserriaren kudeaketa bere gain hartu duena, “lan konplexua da hau fabrikako 8 orduak eta baserriko lanak bateragarri egin behar direnean”. Aldundiaren ekimen horri esker, Mikelek adierazi du "orain egunean lau ordu gehiago dauzkat familia-ondare honi jarraipena emateko.
Lehen sektorean egiten duen jarduerari dagokionez, Mikel ilusioz eta anbizioz agertu da proiektu hau garatzen jarraitzeko. “Behi haragia zuzenean saltzen dugu, baina nekazaritza ekologikoan ere bideak aztertzen hasiak gara, eta baserriak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi ditugu”, esan du.
Bestalde, Endika Uriondok Mikelen gerenteak azaldu duenez, “Mikelek baserritar misto profesionalaren figurari heltzeko aukera planteatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan, enpresaren helburuetako bat langileak gustura sentitzea baita. Gainera, eskatu ahal izateko, ematea ere beharrezkoa dela uste dugu ”. Ildo horretan, Endikak gaineratu duenez, “Mikelen kasuan, mantentze lanen arloan lan egitean, asteburu eta gau asko ematen ditu denak behar bezala funtziona dezan. Horregatik, uste dugu, bera ahalegintzen den eta enpresari ekarpena egiten dion bezala, guk ere bere lana baserriko jarduerarekin bateragarri egiteko aukera eman behar diogula”. Endika ere baserri mundutik dator "hortaz badakit zer den lehen sektorean aritzea, etxean bizi izan dut, horregatik sentsibilitate berezia dut eta garrantzitsutzat jotzen dut denok apustu egitea eta tokiko ekoizleei laguntzea bakoitzari dagokigun tokitik".
Miren Izarra, Itziar Debako Baserritar Mista profesionalaren kasuan, berak FECIN enpresako biltegian egiten duen lana eta ganadua hazteko lanak uztartzen ditu. Programa horrekin azaldu duenez, “denbora gehiago eman diezaioket baserriari eta ganadu ekoizpena handitu dezaket”. Mirenek positibotzat jo du ekimena; izan ere, erraztasun bat da lehen sektorean hasi eta sektore horretara joan nahi duen gazte ororentzat, “hutsetik hastea oso zaila da, eta programa horri esker zerbaitekin has zaitezke; lehen sektorea maite eta bizi duenarentzat, zalantzarik gabe, aukera bat da pausoa ematera animatzeko”.
Mirenen gerenteak, Amaia Iparragirrek, aitortu du Mirenek enpresari proposamena helarazi zionean, hasiera batean nolabaiteko bertigoa izan zela pausoa ematea. Hala ere, adierazi duenez, “gure kasuan, bizi garen tokian bizi garenez, baserriarekiko harremana gertuko zerbait da, eta, beraz, garrantzitsutzat jotzen dugu Mireni bere helburuan laguntzea, planteatu zigun eskaerara egokituta.
Amaia ere bat etorri da Endikarekin lehen sektoreari eta tokiko ekoizpenari laguntzearen garrantzian, horrek gure lurraldeari eta gizarteari egiten dion ekarpenagatik eta honek daukan balioagatik.
2298