Aldundiak, CITA-Alzheimer Fundazioarekin batera, alzheimerraren eta beste dementzia batzuen arreta goiztiarrerako Europa mailako zerbitzu aitzindaria irekiko du urte hasieran
Aldundiak, CITA-Alzheimer Fundazioarekin batera, alzheimerraren eta beste dementzia batzuen arreta goiztiarrerako Europa mailako zerbitzu aitzindaria irekiko du urte hasieran
Aldundiak, CITA-Alzheimer Fundazioarekin batera, alzheimerraren eta beste dementzia batzuen arreta goiztiarrerako Europa mailako zerbitzu aitzindaria irekiko du urte hasieran
CITA GO-ON proiektuaren baitan, baliabide berriak arreta berritzailea, komunitarioa eta integrala eskainiko du, eta 525.000 euroko bultzada ekonomikoa izango du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak alzheimerraren eta beste dementzia batzuen prebentziorako, detekzio goiztiarrerako eta arretarako zerbitzu espezializatu eta aitzindari berri bat abian jartzea onartu du. Zerbitzu hori CITA-Alzheimer Fundazioarekin lankidetzan garatuko du foru erakundeak. Baliabidea CITA GO-ON proiektu estrategikoaren barruan dago, Donostian egongo da, eta 2026ko lehen hiruhilekoan irekiko ditu ateak. Europako erreferentziazko ekimen gisa aurkezten da, ikuspegi berritzailea, prebentziozkoa eta komunitarioa duelako.
Zerbitzu aitzindari berria abian jartzeak 525.000 eurotik gorako bultzada ekonomiko orokorra izango du, eta horren barruan sartzen dira proiektuaren finantzaketa eta zerbitzua emateari lotutako hasierako zuzkidura. “Ahalegin ekonomiko horri esker, arreta goiztiarreko eredu bat garatu ahal izango da, narriadura kognitiboaren hasierako faseetan eta arrisku faktoreak dituzten pertsonekin jarduteko, gaixotasunaren progresioa atzeratzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta autonomia pertsonala indartzeko, bai eta familiei laguntza eta babes espezializatua eskaintzeko ere”, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez.
Zerbitzu berria erreferentziazko unitate komunitario gisa ulertzen da, eguneko zentroen eredu tradizionala gainditzen duena, esku hartzeko modalitate berriak, profesional espezializatuen kopuru handiagoa eta prebentzio zerbitzuekin, osasun eremuarekin eta familia ingurunearekin koordinatutako arreta integrala txertatuz.
“Komunitate ikuspegitik, CITA GO-ON proiektuak zaintzak eguneroko bizitzaren erdigunean kokatzen ditu, pertsonak beren etxe eta komunitate ingurunean geratzea sustatuz, instituzionalizazio prozesuak atzeratuz eta gizarte laguntzako sareak indartuz”, Berasaluzeren arabera. Gainera, nabarmendu du “prebentzioa modu integralean lantzearen garrantzia, ezagutza zientifikoa ez ezik, begirada komunitarioa eta giza laguntza ere txertatuz”. Ekimenaren buru CITA-Alzheimer erakundea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuaren laguntza du, Adinberri erakundearekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Donostialdea - Osakidetza ESIarekin, Donostiako Udalarekin eta Afagi erakundearen parte-hartze aktiboarekin batera.
Foru bozeramaileak gogorarazi duenez, “alzheimerra eta beste dementzia batzuk datozen hamarkadetako erronka sozial eta sanitario handienetako bat dira, eta erantzun berriak eskatzen dituzte, berrikuntza, arreta espezializatua eta begirada sakon gizatiarra integratuko dituztenak”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “proiektu honekin, Gipuzkoa arreta goiztiarraren Europako abangoardian kokatzen da, prebentzioa, esku-hartze espezializatua eta familiei laguntzea ikuspegi komunitario batetik uztartzen dituen eredu baten alde eginez”.
Errepideen mantentze kontratu berria
Era berean, Foru Gobernuak onartu du kontratazio espedienteari hasiera ematea eskualdeko errepideak, foru eskumeneko tokiko sarea eta Gipuzkoako bidegorriak kontserbatzeko eta ustiatzeko zerbitzu berrirako, datozen urteetan lurraldeko mugikortasunerako funtsezkoak diren azpiegitura horien mantentze jarraitua eta segurtasuna eta funtzionamendua bermatzea helburu duena.
Foru bozeramaileak azaldu duenez, indarrean dagoen kontratua 2026ko lehen seihilekoan amaitzen da, eta zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatzeko, Aldundiak egiturazko kontratu berri bat jarri du abian, 2026, 2027 eta 2028an hedatzeko pentsatua, eta, horren bidez, erantzun ahal izango zaie bai ohiko mantentze lanei, bai gertakariei eta ezohiko egoerei.
Kontratu berriak 24 hilabeteko exekuzio epea izango du hasieran, eta beste 24 hilabetez luzatu ahal izango da. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 26,38 milioi eurokoa da, BEZa barne, eta kontratuaren balio estimatua 47,96 milioi eurokoa da, izan daitezkeen luzapenak kontuan hartuta. Espedientea aldez aurretik izapidetuko da, administrazio-epeak arintzeko eta egungo kontratuak amaitzen direnean zerbitzua esleituta dagoela ziurtatzeko.
Kontratuak aukera emango du eskualdeko errepideen, tokiko foru sarearen bidegorrien egoeraren zaintza eta jarraipen lanak modu integralean betetzeko, datuen bilketa sistematikoa, inbentarioaren kontrola eta jarduketen plangintza barne, azpiegituraren egoeraren arabera. Halaber, "eguraldi txarra dagoenean, zaintza lanak indartzea aurreikusten du zirkulazioaren segurtasunerako", gaineratu du Berasaluzek.
Jarduketa horien artean daude, besteak beste, segurtasun-elementuak mantentzea eta konpontzea, obrak eta drainatze-sistemak kontserbatzea, zoruak konpontzea, plataformak orokorrean garbitzea, seinaleztatzea eta drainatzea, sastrakak kentzea, landaredia garbitzea eta mozketak egitea, bide-segurtasuna eta egoera ona bermatzeko beharrezkoak baitira.
Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “kontratu hau hainbat urtez gure eskualdeko errepideen, tokiko foru sarearen eta bidegorrien mantentze-lanak etengabe garatzeko pentsatuta dago, haien segurtasuna eta urteko egun guztiak egoera onean egon daitezen”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, kontua ez dela "arazo bat sortzen denean bakarrik jardutea, baizik eta aurrea hartzea, etengabe zaintzea eta azkar erantzuteko prest egotea, bereziki baldintza meteorologikoak txarrak direnean”.
ELKAR-EKIN Lanean: Ekonomia sozialerako laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako bi laguntza deialdi berri onartu ditu, ELKAR-EKIN Lanean estrategiaren esparruan, lurraldearen kohesio soziala indartzeko eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat kalitatezko enplegu aukera errealak sortzeko.
Alde batetik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio ELKAR-EKIN Lanean programaren inbertsio laguntzen eta bideragarritasun proiektuen lerroaren 2026ko deialdiari, Gipuzkoan laneratzeko enpresak sortzea eta mantentzea bultzatzeko. Deialdi honek 600.000 euroko zuzkidura du, eta lurraldeko gizarte ekonomiaren sarea indartzea du helburu, jarduera ekonomikoa eta bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze prozesuak uztartzen dituzten enpresa proiektuak babestuz.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “ELKAR-EKIN Lanean tresna estrategikoa da Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko, non hazkunde ekonomikoa kalitatezko enpleguaren eta gizarteratzearen eskutik joango den”.
Era berean, Gobernu Kontseiluak Lehen Enplegu programaren 2026ko deialdia onartu du, ELKAR-EKIN Lanean ibilbide profesionaletako batean parte hartu duten migratzaileak kontratatzeko. Laguntza-lerro horrek 400.000 euroko zuzkidura du, eta egoera bereziki ahulean dauden migratzaileei enplegua lortzen laguntzera bideratuta dago, enpresek zuzenean kontratatuta. Laguntza horiek lehiarik gabeko prozedura baten bidez emango dira. Berasaluzek adierazi duenez, “bigarren erabaki honek pertsonekin eta enpresekin aldi berean lan egiten duen ELKAR-EKIN Lanean erakundearen logika integrala osatzen du”. Azaldu duenez, “migratzaileei prestakuntza ibilbideetan laguntzea eta, ondoren, lehen enplegua erraztea funtsezkoa da eredu ekonomiko gizatiarrago, inklusiboago eta Gipuzkoako balioekin lerrokatuago baterantz aurrera egiteko”. Ildo horretan, azpimarratu du “aukerak sortzen dituzten, lurraldearen kohesio soziala indartzen duten eta enpresei talentua eta konpromisoa txertatzen laguntzen dieten politika publikoak direla”.
Ogasun eta Finantza departamentuaren foru-dekretuak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du foru dekretua non maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauaren Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Sistemaren Erreformaren Foru Arauaren puntu batzuk erreglamentatzen diren eta beste zerga aldaketa batzuk jasotzen dituen. Foru dekretuaren helburua kenkari eta pizgarri fiskal desberdinak aplikatzeko baldintzak garatzea da.
Dekretu horren bidez, lan etekinen atxikipenak egokitzen dira, eta ondare elementuen balioak eguneratzeko koefizienteak eguneratzen dira, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako, bai sozietateen gaineko zergarako, 2026tik aurrera.
Era berean, gaur goizean Foru Dekretu-Araua ere onartu da, aldaketa berriak onartzea helburu duena, araua nazioarteko mailan hartutako arau eta arauekin guztiz bat datorrela bermatzeko, bai ELGEn, bai Europar Batasunean, Batzordeak ohartarazitako aldaketak. Foru dekretu arau honek, halaber, 2026ko martxoaren 31ra arte luzatzen du 65 bis artikuluaren 6. apartatuan aurreikusitako komunikazio epea, garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murrizketa, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra bilatzen dituzten proiektuei dagokienez.
5713