Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak enplegu publikoko 281 lanposturen deialdia egin du 18 hautaketa-prozesu berritan

Aldundiak enplegu publikoko 281 lanposturen deialdia egin du 18 hautaketa-prozesu berritan

Gobernu Kontseiluak langileak modu egonkorrean gehitzen jarraitzeko deialdiak onartu ditu. Eskaintza berrian 153 administrari lanpostu daude, besteak beste.

2026/07/07
Gipuzkoako Foru Aldundia

Irune Berasaluze foru bozeramaileak iragarri du 18 hautaketa-prozesu berri egingo direla enplegu publikoko 281 lanpostu betetzeko. Gobernu Kontseiluak oinarri arautzaileak eta horiei dagozkien deialdiak onartu ditu gaur goizean, "langile berriak modu progresibo eta egonkorrean gehitzen jarraitzeko eta foru langileen belaunaldi erreleboari heltzeko". Berasaluzeren arabera, Aldundiak "pauso sendoak ematen jarraitzen du plantillaren berrikuntza ordenatua bermatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko". Bozeramaileak iragarri du, halaber, lehen azterketak ez direla 2027ko urtarrilaren 11 baino lehen hasiko. Salbuespen bakarra kanpainei laguntzeko erdi-mailako teknikarien hautaketa-prozesua izango da. Proba horiek aurtengo abenduaren 1etik aurrera egin ahal izango dira.

Eskainitako plazen ezaugarriei dagokienez, nabarmentzekoa da 153 administrari plazaren deialdia; horietatik 150 Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira eta beste hiru Gipuzkoako Batzar Nagusienak, bi erakundeek hautaketa-prozesu hau elkarrekin garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.

Berasaluzek azaldu duenez, "deialdi berriekin, Aldundiak 39 hautaketa prozesu izango ditu martxan, azken urteetan onartutako deialdiei dagozkienak". Horrela, prozesu bakoitzaren izapidetzeak aurrera egiten jarraitzen du fase guztietan.

Bozeramaileak gogorarazi du Aldundiak plantilla berritzeko prozesuan murgilduta jarraitzen duela, aurrekaririk gabeko ziklo baten erdian. "Datozen urteetan beharrezkoa izango da profesional berriak modu egonkorrean sartzea, ezagutzaren jarraitutasuna bermatzeko, belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko", adierazi du. "Hamarkada bakar batean langileen ia erdiak, 1.000 pertsona inguruk erretiroa hartuko dute, eta ezinbestekoa da planifikatutako berrikuntza bermatzea".

Onartu ondoren, deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuko dira, eta une horretan irekiko da izena emateko epea. Epe hori dagokion iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hogei egun balioduneko epean amaituko da.

Deitutako lanpostuen zerrenda

• Albaitaria: lanpostu 1.

• Administrazio Orokorreko teknikaria: 47 plaza.

• Arkitektoa: 4 plaza.

• Artxiboko goi-mailako teknikaria: lanpostu 1.

• Berdintasunerako goi-mailako teknikaria: lanpostu 1.

• Ekonomiako goi-mailako teknikaria: 6 plaza.

• Kalitate Demokratikoko goi-mailako teknikaria: 3 plaza.

• Liburutegiko goi-mailako teknikaria: 3 plaza.

• Arkitekto teknikoa: 7 plaza.

• Erizaina: 6 plaza.

• Informatikako erdi mailako teknikaria: 2 plaza.

• Instalazioetako erdi-mailako teknikaria: 3 plaza.

• Nekazaritzako erdi-mailako teknikaria: 4 plaza.

• Kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikaria: 7 plaza.

• Administraria: 153 plaza.

• Sarjentua: 8 plaza.

• Kaboa: 19 plaza.

• Zaintzailea: 9 plaza.

Enpresen salmentetan igoera maiatzean

Gipuzkoako enpresen salmentak %6,7 igo dira maiatzean, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Horrela, 2026ko lehen bost hilabeteetako datu metatuak %1,8ko igoera erakusten dute salmenta osoetan. Urtarrila eta maiatza bitarteko esportazioek behera egin badute ere (-%3,7), barruko salmenten bilakaera onari esker (+%4,9) salmenta osoak igo egin dira (+%1,8).

Esportazioen datuei erreparatuta, urteko lehen bost hilabeteetan ikusten da esportazioek bere osotasunean jaitsiera izan arren, eta salmenta horien norakoa aztertuta, gipuzkoar enpresen bezero nagusiak diren Europar Batasuneko herrialdeetara egindakoak igo egin direla (+7,3%), eta kanpora egindakoak nabarmen jaitsi (-%16,2). Inportazioak igo egin dira bost hilabete hauetan, %3,4an.

Bestalde, sektoreka eta urtarrila eta maiatza bitartean, jaitsiera industrian bakarrik eman dela ondorioztatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak egindako txostenak, eta maila oso apalean (-%0,4). Eraikuntzan salmentak %1ean igo dira eta zerbitzuetan %4,6an. Iazko maiatzarekin alderatuta, aldiz, 2026ko maiatzean portaera oso positiboa izan da industrian (+%10,1) eta zerbitzuetan (+%4,9), eta eraikuntzan, berriz, nabarmen egin dute behera (-%13,4); salmenta osoak %6,7an hazi direlarik.

Enpleguari dagokionez, maiatzean %0,6an igo da, eta urtarrila eta maiatza bitartean, %0,7an. Datuak sektoreka aztertuz gero, ikusten da hazkunderik handiena eraikuntzan eman dela (+%1), industrian igoera %0,9koa izan dela, eta zerbitzuetan %0,4koa, urtarrila eta maiatza bitartean.

Azkenik, soldatek %5 inguruko hazkundearekin jarraitzen dute (+%5,1 maiatzean eta +%4,8 urtarrila eta maiatza bitartean). Sektoreka, igoerarik handiena zerbitzuetan ikusten da (+%5,8), zerbitzuetan %4,2koa eta eraikuntzan %5,5ekoa.

Foru bozeramailearen arabera, maiatzeko datuek "Gipuzkoako ehun ekonomikoaren sendotasuna" berresten dute. Salmenten hazkundeak, barne eskariak zein esportazioek bultzatuta, enpleguaren bilakaera positiboarekin eta soldaten igoerarekin batera, "jarduera eta aukerak sortzen jarraitzen dela islatzen dute", nabarmendu du. Halaber, emaitza horiek "datozen hilabeteei konfiantzaz aurre egiteko aukera" ematen dutela adierazi du, "baina nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasuna ahaztu gabe".

  

3491