Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Eibarrek adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako arreta indartu dute 40 plazako Garagune berriarekin

Aldundiak eta Eibarrek adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako arreta indartu dute 40 plazako Garagune berriarekin

Zentroa egokitzeko 586.143,71 euroko inbertsioa egin da guztira, eta horietatik 475.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntzaz finantzatu du. Ekipamendu berriak 12 plazatik 40ra zabaldu du zerbitzuaren edukiera, eta adimen-urritasuna duten helduentzako arreta indartu du Eibarren eta Debabarrena eskualdean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eibarko udalerriak, otsailaz geroztik, adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa, laguntza eta parte-hartze komunitarioa sustatzeko gune berria du. Garagune zentro berria Goyeneche Fundazioak kudeatzen du eta plazak Gipuzkoako Foru Aldundiaak ditu hitzartuta. Zentroa bisitatu dute gaur Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Elena Laguardia Goyeneche Fundazioko zuzendariak.

Bisita instituzionalean, ordezkariek bertatik bertara ezagutu dituzte zentroaren funtzionamendua, eskaintzen dituen zerbitzuak eta talde profesionalak egiten duen lana; era berean, erabiltzaileekin hitz egin eta ideiak partekatzeko aukera ere izan dute.

Garagune berria Torrekuako osasun-zentro zaharrean dago, 410 metro karratuko espazio da, Eibarko Udalak Goyeneche Fundazioari utzi diona zerbitzua martxan jartzeko. Zentroak 586.143,71 euroko inbertsioa izan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 475.000 euroko dirulaguntzaren finantzatu du.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoa "zaintza eraldatzeko" prozesuan murgilduta dago, eskainitako laguntza eta arreta "pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa" izan dadin, eta horrek desgaitasuna duten pertsonen "ongizate integrala ekarriko du". "Eraldaketa hori posible da, hain zuzen ere, Aldundiak eta Goyeneche Fundazioa bezalako gizarte-erakundeek dugun lankidetza estuari esker, horren gainean oinarritzen baita Gipuzkoako babes sozialaren eta zainketen eredua. Eredu horretan sakontzen jarraituko dugu, gaur eta bihar, behar duen pertsona orok kalitatezko zaintza pertsonalizatua eta komunitateari irekia izan dezan", baieztatu du.

Plaza gehiago eta arreta hobea Debabarrenan

Ekipamendu berri hori martxan jartzea aurrerapen nabarmena da adimen-urritasuna duten helduei arreta emateko Eibarren eta Debabarrena eskualdean. Aurreko Garagunea 12 plazatara mugatuta zegoen, tamaina medio. Zentro berriak, berriz, 40 lagunentzako lekua du, hau da, 28 plaza gehiago. Egun,19 plaza ditu hitzartuta.

Hedapen horri esker, eskualdean dagoen eskaerari erantzun ahal izango zaio, eta arreta hurbilagoa eskainiko zaio erabiltzaileen eta haien familien ingurune naturalari, tokiko komunitatean sar daitezen. Zentroa astelehenetik ostiralera dago zabalik, 09:00etatik 17:00etara.

Eibarko Garagunea Goyeneche Fundazioak Gipuzkoan kudeatzen duen eguneko arretarako zentroen sarearen parte da; lurraldean, eskualdeak, 17 Garagune zentro daude guztira. Pausoak zerbitzu okupazionalarekin batera, sare honek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutako 342 plaza eskaintzen ditu.

Irekiera berri honekin, Gipuzkoako desgaitasunen bat duten pertsonentzako arreta-sarea indartzen ari da Aldundia. Gaur egun, lurraldeak 1.871 plaza ditu baliabide espezializatuetan; horietatik 873 eguneko zentroetan daude eta 998 etxebizitzetan eta egoitzetan.

Aldundiak bultzatutako zainketa-ereduarekin lerrokatuta

Eibarko Garagune berria Gipuzkoako Foru Aldundia lantzen ari den zainketa ereduarekin lerrokatua dago, eta ikuspegi honek erdigunean jartzen ditu pertsona, espazioen diseinua eta zaintza, besteak beste. Helburua da desgaitasun intelektuala duten pertsonen profil eta laguntza-behar desberdinei erantzutea, haien autodeterminazioa, gaitasunen garapena eta komunitatean erabateko inklusioa sustatuz.

Eredu hori pertsonarengan oinarritutako plangintzan oinarritzen da, eta erabiltzaile bakoitza laguntza-prozesuaren erdigunean jartzen du. Bere lehentasunetatik, interesetatik eta bizi-proiektutik abiatuta, bere garapen pertsonal eta soziala bultzatzera bideratutako jarduerak eta laguntzak diseinatzen dira, baita bizitza komunitarioan parte-hartze aktiboa izatera bideratutakoak ere.

Ildo horretan, Garagune zentroek harreman estua dute ingurunearekin, eta baliabide komunitarioen erabilera sustatzen dute, hala nola kiroldegiak, liburutegiak edo baratze komunitarioak, boluntariotza-ekimenak bultzatzeaz eta lurraldeko hainbat gizarte-eragilerekin loturak sustatzeaz gain. Horrek guztiak komunitatean parte hartzeko, harremanak izateko eta ikasteko benetako aukerak sortzen laguntzen du.

Era berean, Garagune zentro guztiak espazio irisgarriak, modernoak eta erosoak dira, eta Gipuzkoako herriguneetan daude, erabiltzaileen partaidetza soziala errazteko. Zentroaren eguneroko jarduna talde profesional espezializatuen lanari eta zerbitzuaren egunerokoa aberasten laguntzen duen boluntario sare baten babesari esker garatzen da.

Zentro berria abian jarrita, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goyeneche Fundazioak beste urrats bat eman dute desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntzeko konpromiso partekatuan, beren bizi-proiektua garatu, beren eskubideak erabat gauzatu eta komunitatearen parte aktibo izan dezaten.

  

1091