Aldundiak Gaintxurizketan behin betiko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du
Aldundiak Gaintxurizketan behin betiko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du
Aldundiak Gaintxurizketan behin betiko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du
Aldi berean, Lanbarrenerainoko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen lanek aurrera jarraitzen dute. Tarte hori Lintzirineraino luzatuko da hurrengo fase batean, inguruko bizilagunen eta langileen joan-etorri segurua bermatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gaintxurizketako oinezkoen behin betiko pasabidea eraikitzeko proiektua idazteko lizitazioa onartu du. Azpiegitura horrek joan den ekainean jarritako behin-behineko egitura ordezkatuko du, eta GI-636 errepideko puntu horretan igarobide seguru eta erabat irisgarria jartzea ahalbidetuko du. Jarduketa foru erakundea Gaintxurizketa gainean bide-segurtasuna indartzeko, oinezkoentzako ibilbide babestu berriak sortzeko eta inguruko mugikortasuna hobetzeko garatzen ari den neurrien multzoaren barruan kokatzen da.
Lizitazioa Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Lezoko Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenetik abiatzen da, hiru erakundeen arteko lan koordinatuaren ondorioz. Proiektua idatzi ondoren, urte honetan bertan lizitatu ahal izatea aurreikusten da. Halaber, pasabidearekin batera, behin GI-636-a gurutzatuta oinezko bide bat planteatzen da Gaintxurizketako biribilgunetik gertu dagoen La Seta izeneko gunea eta Errekalde Hotela lotuko dituena.
Honela, Aldundiak urrats sendoak egiten jarraitu nahi du Gaintxurizketako segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko, behin-behineko irtenbideetatik egiturazko eta behin betiko esku-hartzeetara aurrera eginez, langile eta bizilagunentzako joan-etorri seguruak bermatzeko.
Aldi berean, Aldundiak oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea osatzen jarraitzen du, Gaintxurizketa eta Lanbarren artean. Urte amaieratik martxan daude azken zatiko obrak, Lanbarrenen eta behin-behineko pasabidearen arteko lotura jarraitua eta segurua burutzeko. Joandako udan, hain zuzen, ibilbide berri bat egokitu zen Lanbarren, 107 poligonoa eta Errekalde Hotelaren artean. Esku-hartze berriarekin, bidea erabat erabilgarri geratuko da udaberrian, eguneroko joan-etorriak erraztuz, bai oinez, bai bizikletaz.
Foru erakundeak ibilbide hori hurrengo faseetan zabaltzen jarraitzea aurreikusten du, Lintzirineraino luzatuz, zeinaren proiektua 2026an zehar garatuko den. Gainera, garraio publikoa ere indartu da, konexioa hobetzen duten eta auzokoei zein inguruko enpresetako langileei zerbitzua ematen dieten lau autobus lineren bidez.
Jarduketa horiek segurtasunaren arloan jada gauzatutakoei gehitzen zaizkie: behin-behineko pasabidea instalatzea, Errekalde Hotelaren eta bidegurutzearen artean argiztapena eta babes hesiak dituen 300 metroko oinezkoen ibilbide bat egokitzea, bi autobus geltoki berri sortzea eta trafikoa baretzeko neurriak hartzea, hala nola abiadura 70 km/h-ra murriztea Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen artean, seinale horizontal berriak jartzea eta radar pedagogiko bat ezartzea.
999