Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Ideiak programaren deialdi berri bat abiarazi du mugaz gaindiko proiektu eraldatzaileak sustatzeko

Aldundiak Ideiak programaren deialdi berri bat abiarazi du mugaz gaindiko proiektu eraldatzaileak sustatzeko

Programaren bosgarren deialdian 150.000 euro bideratuko dira guztira lankidetzazko proiektu eraldatzaileak eta mugaz gaindikoak bultzatzeko, horrela “erronkei eta aukerei modu partekatuan heltzeko”

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak Ideiak 2026 programaren deialdi berria onartu du gaur, ekainak 30, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuak 2022an abiarazi zuten ekimen bat, helburu partekatu batekin: “Muga administratiboetatik haragoko proiektuak eta ekimenak bultzatzea, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoak aukera espazio komun gisa artikulatuz, gai direnak proiektu eraldatzaileak garatzeko”. Hala azaldu du Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren ordezkaritzarekin gaur Foru Jauregian egindako bileraren atarian, Jean-Pierre Mirande lehendakariorde eta mugaz gaindiko lankidetzarako eta mendietarako arduradunarekin, eta Sylvie Meyzenc, Berrikuntza eta Euskadirekiko Harremanetarako ordezkariarekin.

“Garapen iraunkorreko ekimen eraldatzaileen bidez, eta herritarren, eragileen eta erakundeen integrazioaren bidez, konfiantza, lankidetza, ekintza kolektiboa eta kide izatearen zentzua indartu nahi ditugu eta, horrela, gizarte, ekonomia eta lurralde kohesio handiagoa lortzen lagundu, mugaz gaindiko eremu batean”, azpimarratu du diputatuak. “Helburua da, eta aurreko lau edizioek erakutsi digutena da, mugaz gaindiko komunitate bat sendotzea, erronka eta aukera partekatuei aurre egiteko gai dena”, gaineratu du. Era berean, gogorarazi du konpromiso hori Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmenean (2025-2028) jasotzen dela.

2026ko ediziorako Aldundiak 150.000 euro bideratuko ditu guztira, eta proiektu bakoitzeko 18.000 eurorainoko laguntzak aurreikusten ditu. Urkolak, aurreko edizioei errepasoa eginez, gogorarazi du 61 ekimen babestu direla, gehienak gazteriara bideratuak.

Proposamenak Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako eragileek batera aurkeztu beharko dituzte, edo mugaren bi aldeetako kideak izan beharko dituzte, Hegoalde eta Iparraldeko elkarte sarearen dinamismoa eta lankidetza indartzen jarraitu nahi baita. Edizio honetako proiektuen hautaketa Aldundiko ebaluazio batzorde batek egingo du, eta Pirinio Atlantikoetako departamentuko adituek ere parte hartuko dute.

Felix Urkolak azpimarratu duenez, Ideiak programak “erakutsi digu, interes komun bat partekatzeaz gain, ezinbestekoa dela erronkei eta aukerei elkarrekin heltzea, ongizatean eta gizarte kohesioan aurrera egiten jarraitzeko eta, aldi berean, mugaren bi aldeetan harremanak estutzeko”. Era berean, adierazi du programak honek ideia berritzaileak eta bereziak aktibatzen dituela, lankidetzari esker pertsonen eta lurraldeen ongizatea hobetzea bilatzen dutenak”.

  

623