Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak industria tailerrak modernizatzeko laguntzak handitu dizkie 30 langile arteko autonomo, mikroenpresa eta ETEei

Aldundiak industria tailerrak modernizatzeko laguntzak handitu dizkie 30 langile arteko autonomo, mikroenpresa eta ETEei

Enpresak Sendotzen programak 1,4 milioi euro lehiakortasuna indartzeko inbertsioak bultzatzera

2026/03/31
.

Diputatuen Kontseiluak Enpresak Sendotzen laguntza programaren deialdi berri bat onartu du. Aurten, programaren irismena handitzeko erabakia hartu da enpresa gehiagorengana iritsi ahal izateko helburuarekin. Hala, autonomoak, mikroenpresak eta 30 langilera arteko ETEak sartuko dira deialdian, laguntzen inpaktua handitzeko eta inbertsio berriak errazteko.  1,4 milioi euroko zuzkidura du, eta “industriari lotutako tailer eta lantegietan ekipamenduak modernizatzen laguntzera bideratuta dago, lehiakortasuna hobetzeko eta jardueraren jarraipena bermatzeko”, Irune Berasaluze foru bozeramaileak gaineratu duenez.

Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “Gipuzkoako Foru Aldunditik hurbiletik lagundu nahi diegu autonomoei eta enpresa txikiei, gure ehun ekonomikoaren funtsezko pieza baitira eta beren etorkizunerako erabakigarriak diren inbertsioei aurre egiten lagundu nahi diegu, ziurgabetasun handiak dauden uneotan bereziki. Lurralde osoan enplegua, enpresen errotzea eta jarduera ekonomikoa sortzen duten negozioez ari gara, eta ingurune oso lehiakor batera egokitzeko laguntza behar dute. Programa horren bidez, laguntza hori indartzen dugu, eta haren irismena zabaltzen dugu, eragile gehiagorengana irits dadin ”. Horregatik, deialdi honek kendu egiten du gutxieneko plantillaren baldintza, eta autonomo eta enpresa txiki gehiagok izango dute laguntzak jasotzeko aukera.

Makineria, ekipamenduak eta instalazioak modernizatzera bideratutako inbertsio-proiektuak finantzatzera bideratuta daude laguntzak; beren prozesuak hobetzeko, beren gaitasuna handitzeko eta merkatuaren eskaera berriei erantzuteko aukera izan dezaten.

Laguntzak jaso ahal izango dituzte Gipuzkoan jarduera duten 30 langilerainoko enpresek eta autonomoek, industriari eta honi lotutako zerbitzuen arlokoek, baldin eta beren tailerrak hobetzeko eta modernizatzeko inbertsioak egiten badituzte. Eskabideak deialdian ezarriko diren epe eta baldintzetan aurkeztu beharko dira. Deialdia datozen egunetan argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, programa arautzen duten oinarrien arabera.

Gastronomia- eta turismo-ekosistementzako laguntzak

Era berean, Foru Gobernuak argi berdea eman die bi laguntza-lerrori, lurraldearentzat balio erantsi handia duten sektoreetan berrikuntza eta modernizazioa bultzatzeko, hala nola gastronomian eta turismoan, ekonomia berrian eta digitalizazioan aukera berriak sortzeko helburuarekin.

Alde batetik, Sukalberri programaren 2026ko deialdia onartu da, 360.000 eurokoa, jarduera gastronomikoaren balio-kate osoaren gaitasun berritzailea indartzeko. Ekimen honen helburua da teknologia berrien txertaketa, prozesuen digitalizazioa, datuen erabilera eta efizientziaren eta jasangarritasunaren hobekuntza bizkortzea, Gipuzkoa berrikuntza gastronomikoaren nazioarteko erreferente gisa sendotzeko.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, “gastronomia bultzatzeaz dihardugunean, ez gara soilik sukaldaritzaz ari, baizik eta hori posible egiten duen ekosistema guztiaz, lehen sektoretik eta elikagaien industriatik hasi eta berrikuntza teknologikora, prestakuntzara edo lotutako zerbitzuetara”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “Gipuzkoak balio-kate zabala du, eta gure helburua da eragile horiei guztiei laguntzea modernizazio eta berrikuntza prozesuetan, aukera ekonomikoak sortzen eta nazioartean dugun posizionamendua indartzen jarraitzeko”.

Bestalde, sektore turistikoan ekintzailetza, digitalizazioa eta sustapenaren eta merkaturatzearen hobekuntza bultzatzeko laguntzen deialdia onartu da, 150.000 euroko zuzkidurarekin. Ildo horrek, gainera, bere oinarriak eguneratzen ditu 2030eko Turismoko Plan Estrategiko berriarekin lerrokatzeko, arreta mikroenpresak indartzean eta sektorea kontsumo ohitura berrietara eta ingurune digitaletara egokitzean jarriz.

Sagardorako sagarrondoen sustapena

Bihar amaituko da sagardoa ekoizteko sagarrondoak landatzeko, hobetzeko eta garatzeko eskaerak aurkezteko epea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 290.000 euro bideratu ditu aurten deialdi honetara. Diruz lagunduko dira landaketa berriak, lehendik dauden sagastiak hobetzea eta makineria espezifikoa erostea, hala nola traktoreak, sagar-biltzaileak edo atomizagailuak.

Laguntza hauen helburua bertako sagarrarekin egindako sagardoaren ekoizpena indartzea da. Horrela, tokiko lehengaien hornidura bermatu nahi zaio sagardo naturalaren sektoreari, lurraldeko nekazariek eta ekoizleek egindako inbertsioen bidez.

Bozeramaileak azaldu duenez, “laguntzok 2016an jarri ziren abian, sektorea kezkatuta baitzegoen lehengaien hornidura eskasa zelako, eta ordutik 170 hektarea sagarrondo baino gehiago landatu dira”.

Errenta 2025: autolikidazio proposamenak

Azkenik, bozeramaileak gogorarazi du atzotik, martxoak 30, zergadunek dagoeneko kontsultatu ditzaketela 2025eko Errenta kanpainaren autolikidazio proposamenak.

Azpimarratu du kanpaina honetan 295.000 autolikidazio-proposamen bidali direla, aurreko edizioan baino 10.000 gehiago.

Gainera, kanpaina garrantzitsua da, PFEZaren erreforma fiskal berria aplikatzen den lehena baita, ekitatea indartzera eta erronka sozial eta ekonomiko berrietara egokitzera bideratutako berrikuntza garrantzitsuak txertatzen dituena. “Horien artean, etxebizitza eskuratzearekin, familiei laguntzearekin eta kontziliazioarekin, trantsizio ekologikoarekin eta sistemaren progresibitatea indartzearekin lotutako neurriak nabarmentzen dira”, azaldu du Berasaluzek.

Testuinguru horretan, Aldundiak aitorpena egitea errazteko dauden kanalak eta tresnak indartu ditu, 943 113 000 zenbakiaren bidez zalantzak argitzeko telefono bidezko arreta zerbitzua barne. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “gure helburua da pertsona guztiek aitorpena modu eroso eta seguruan egin ahal izatea, neurri fiskal berriez baliatzeko behar den informazio guztiarekin”.

Errenta kanpainaren data nagusiak:

Errenta25

Data nagusiak

Autolikidazio proposamenak webgunean

Martxoaren 30etik aurrera

Proposamenak onartzea: telefonoa, internet edo Errenta+ app-a

Aurkezpena bide telematikoz: Zergabidea

Ondarearen eta fortuna handien gaineko zergaren kanpaina

Apirilaren 7etik aurrera

Errenta mekanizatuko hitzorduen eskaera

Apirilaren 13tik aurrera

Ekainaren 8ra arte

Errenta mekanizatuaren hasiera

Apirilaren 14tik aurrera

Aitorpenen aurkezpena: kanpainaren amaiera

Uztailaren 2a

  

497