Aldundiak MUBIL Business Centerren eraikuntza lizitatu du, mugikortasun berriko start-upak eta puntako enpresak hartuko dituena
Aldundiak MUBIL Business Centerren eraikuntza lizitatu du, mugikortasun berriko start-upak eta puntako enpresak hartuko dituena
Aldundiak MUBIL Business Centerren eraikuntza lizitatu du, mugikortasun berriko start-upak eta puntako enpresak hartuko dituena
4.500 m²-ko eraikin berriak, 6,6 milioi euroko inbertsioarekin, aukera emango du MUBILen ezagutza eta berrikuntza ekosistema handitzeko eta Gipuzkoak Europako erreferente gisa duen posizionamendua indartzeko. Urte honen amaieran hasiko dira eraikitzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartu du MUBIL Business Centerren obren lizitazioa. Eraikin berriak MUBIL Gipuzkoako mugikortasun iraunkor, adimendun eta konektatuaren ekosistemari eta Eskuzaitzetako guneari lotutako enpresen eta start-upen hazkundea eta sendotzea sustatuko du. Irune Berasaluze foru bozeramailearen hitzetan, "eraikin berria aurrerapauso handia da MUBILen hazkunde estrategian eta Gipuzkoan mugikortasun berriaren inguruko ezagutza aurreratuaren, berrikuntzaren eta enpresa-jardueraren polo bat sendotzeko Aldundiak egindako apustuan". Kontratuaren lizitazioa 6.619.906 euroan egingo da, eta 17 hilabeteko epea aurreikusten da kontratua gauzatzeko. Eraikina egungo MUBIL Centerren ondoan egongo da, eta 4.500 metro koadro inguruko azalera izango du, bulego-espazioekin, I+G laborategiekin eta testak eta prototipoak garatzeko gune teknikoekin. Aurreikuspenen arabera, lanak urte honen amaieran hasiko dira, Berasaluzek aurreratu duenez.
“MUBILek bere lehen urtean erakutsi du Gipuzkoan badugula mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente bihurtzeko gaitasuna duen ekosistema bat. MUBIL Business Center eraikitzeak aukera emango du ekosistema horren inguruko gaitasunak handitzeko eta enpresa berritzaileen hazkundean laguntzeko”, adierazi du bozeramaileak. “Aldundiaren helburua azpiegitura berri bat sortzetik harago” doala azpimarratu du bozeramaileak. MUBIL Business Centerrek ingurune espezializatu bat eskainiko du sektoreko enpresa berritzaileen eskalagarritasuna errazteko, garapen faseetatik hazkunde eta sendotze etapetara duten bilakaera erraztuz. Horrela, egungo MUBIL Centerren gaitasunak osatuko ditu, eta poloaren inguruan sortutako ekosistemaren inpaktua zabaltzea ahalbidetuko du.
Eskuzaitzetan hazten ari den ekosistema
MUBIL Business Centerren lizitazioa MUBIL Poloa finkatze-fasearekin batera egin da, jardueraren lehen urtearen ondoren. Denbora honetan, mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren barruan konexio nodo gisa finkatu da zentroa; testatze, ekintzailetza eta lankidetza jarduerak bultzatuz eta bere ingurunean ezagutza aurreratuko eta berrikuntzako gune bat sortzen lagunduz. Eraikin berria eraikitzeari gehitu behar zaio laster 6.683 eta 3.336 metro koadroko bi partzela jarriko direla jendearen eskura, MUBILen ingurunean mugikortasun jasangarriari eta adimendunari lotutako enpresa eta proiektu berritzaile berriak ezartzen laguntzeko.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartu du Lurraldebusen linea esperimental berri bat ezartzea, Donostia eta Eskuzaitzetako industrialdea lotuko dituena, Galarretatik (Hernani) igarota. BU15 Donostia-Galarreta-Eskuzaitzeta izeneko linea berria irailaren bigarren hamabostaldian hasiko da martxan, eta urtebetez mantenduko da, zerbitzua probatu eta ebaluatzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko.
Konexio berriak astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik, 5:30etik 6:00era, eguneko azken ordura arte, 22:00etik 22:30era bitartean, eta garraio publiko bidez Eskuzaitzetako ingurune industrialera heltzea ahalbidetuko du.
Foru bozeramaileak nabarmendu du linea berri horri esker zerbitzu eta azpiegitura egokiekin lagundu ahal izango dela MUBILen ingurunea eta industria parke osoa garatzen. “Urratsez urrats Gipuzkoako industria parkerik handiena izatera bideratuta dagoena finkatzen eta garatzen ari gara, MUBIL Center etorkizuneko ekonomiaren eta berrikuntzaren ardatz eragile gisa hartuta. Hazkunde horrekin batera, beharrezko dotazio eta zerbitzuak eman behar dira, eta, kasu honetan, urrats garrantzitsua ematen dugu langileen garraio publikoko sarbidea bermatzeko”, adierazi du.
Halaber, nabarmendu du linea berriak inguruko beste ekipamendu batzuei emango diela zerbitzua. “Zerbitzu berriak industria parkeko ehunka langileren mugikortasuna erraztuko du, eta Zubietako espetxea bera eta Realaren kirol instalazioak ere lotuko ditu.
Lehiakortasuna eta erresilientzia indartzea
Sustapen ekonomikoaren esparruan, Gobernu Kontseiluak ENPRESAK SARETZEN eta ENPRESAK ERROTZEN programen deialdiak ere onartu ditu, gure lurraldeko enpresa sarearen lehiakortasuna, egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia indartzeko helburua dutenak.
ENPRESAK SARETZEN programa, 1.050.000 euroko zuzkidurarekin, Gipuzkoako enpresekin lan egiten duten elkarte, fundazio, kluster eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuei zuzenduta dago. Laguntzen helburua da enpresa-sarea modernizatzen, lankidetza, berrikuntza, erronka ekonomiko eta teknologikoetara egokitzen eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten proiektuak bultzatzea. Deialdiak esparru estrategikoak ere jasotzen ditu, hala nola belaunaldien arteko erreleboa, langileen parte hartzea, hazkundea, nazioartekotzea eta ekonomia jasangarriago baterako trantsizioa.
ENPRESAK ERROTZEN programak, berriz, 800.000 euroko zuzkidura izango du, eta hurbileko hornidura kateak indartzea du helburu, industria enpresen eta Gipuzkoako hornitzaileen arteko lankidetzaren bidez. Programaren helburua da tokiko hornitzaileak identifikatzen eta txertatzen laguntzea, negozio aukera berriak sortzea eta kanpoko hornitzaileekiko mendekotasuna murriztea, horrela Gipuzkoako industriaren autonomia estrategikoa eta erresilientzia indartuz.
Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoetako departamenduaren 2026ko Dirulaguntzen programan sartzen dira gaur onartutako bi deialdiak, 32 milioi euroko zuzkidura duena. Programak Gipuzkoako enpresei laguntzea du helburu, “enpresen lehiakortasunean aurrera egiteko eta babesteko, arreta berezia jarriz ETEei”, gaineratu du Berasaluzek.
Hobekuntzak Tolosaldeko errepideetan
Diputatuen Kontseiluak bi jarduketa berri bultzatu ditu segurtasuna hobetu eta errepideetako afekzioak murriztuko dituztenak Tolosaldean. Hala, bide eman zaie bi inbertsio berriri: GI-2631 errepidean, Zizurkilen, biribilgune bat eraikitzea, Olentzoko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko eta trafikoa antolatzeko; eta N-I errepidean pantaila akustikoen lerro berri bat jartzea, Tolosan, azpiegiturak ingurune bereziki sentikor bateko soinu-inpaktua murrizteko.
Zizurkilen, GI-2631 errepideko biribilgune berriak udalerriko herrigunera sartzeko GI-3281 errepiderekin sortzen den bidegurutzea ordezkatuko du. Kontseiluak gaur onartu du jarduketa horren lizitazioa, eta, horri esker, nabarmen hobetuko da bide-segurtasuna Olentzoko bidegurutzean, abiadura murriztuz eta trafiko-mugimenduak ordenatuz, egunean 7.000 ibilgailu inguruko batez besteko intentsitatea duen puntu honetan. Biribilgune berriak, gainera, 29. poligonora sartzeko bide-adar bat izango du.
Foru bozeramaile Irune Berasaluzek aurreratu du obrak udazken honetan bertan hasi ahal izango direla, hiru hilabeteko epearekin. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 635.661 eurokoa da. “Jarduera horri esker, trafiko nabarmena duen puntu baten segurtasuna hobetuko da, eta, aldi berean, oinezko joan-etorriak eta garraio publikoaren erabilera erraztuko dira”, adierazi du . Proiektuak bi autobus geraleku berri sortzea ere aurreikusten du, baita oinezkoentzako sarbide segurua bermatuko duten espaloiak eraikitzea ere. Biribilgune berrian zein geltokietan ere LED teknologiadun argiteria publikoa instalatuko da, ikuspena eta segurtasuna indartuz ingurune osoan.
Jarduketa hori Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak Zizurkil eta Asteasu arteko errepidearen ahalmena eta segurtasun-baldintzak hobetzeko aurreikusitako esku-hartze zabalago baten barruan kokatzen da. Errepide horrek trafiko-bolumen handia du, hein handi batean industria-pabiloien jarduerarekin lotuta, eta bertako bizilagunen eguneroko errepidea da. Ildo horretan, departamendua lanean ari da GI-2631 errepidea handitzeko eta hobetzeko proiektuan, eta, aldi berean, esleipen fasean dago Alkizako bidegurutzean biribilgune berri bat eraikitzeko proiektua, GI-3630 errepidearen elkargunean. Aurreikuspenen arabera, udazken honetan bertan hasiko dira bigarren jarduketa honetako obrak.
Bestalde, Aldundiak pantaila akustiko tarte berri bat jarriko du N-I errepidean, 436 KP-an, Tolosako Santa Lutzia auzoan. Zarata murriztuko da, gaur egun babes akustikoko elementurik ez dagoen tarte horretan, ibilgailuek sortutako soinu-inpaktua zuzenean jasotzen duen etxebizitza baten aurrean. Jarduketa Gipuzkoako errepideetako Zarataren aurkako Ekintza Planaren barruan sartzen da. Plan horrek jarduketa espezifikoak aurreikusten ditu zarata-maila oso altuko etxebizitza-eremuetan eta eraikinetan.
Esku-hartzeak 97,16 metroko luzera eta lau metroko altuera duen pantaila akustiko lerro bat instalatzea aurreikusten du. Egitura lubeta baten gainean kokatuko da 30 metro inguruko ibilbidearen zati batean; eta gainerakoa N-I-436 adarraren gaineko egituraren gainean jarriko dira, dagoen azpiegitura aprobetxatuz. Zirkulazioak sortutako zarata murrizteko berariaz diseinatutako metalezko panel fonoxurgatzaileak erabiliko dira.
Lanak urte honen amaieran hasiko dira, hiru hilabeteko epearekin. Lanak egiten diren bitartean, trafikoa mantenduko da N-I errepidean, eta kalteak minimizatzen saiatuko da. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 551.286,94 eurokoa da.
1323