Aldundiak N-I eta A-15 errepideak integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkeztu du Andoainen
Aldundiak N-I eta A-15 errepideak integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkeztu du Andoainen
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak herritarrekin partekatu dituzte trafiko arazoak konpontzea eta errepideak kaltetutako auzoen bizi kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten jardueren xehetasunak eta aurreikuspenak

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I eta A-15 errepideak Andoainen integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkezteko bilera informatiboa egin du Bastero Kulturgunean. Eider Mendoza diputatu nagusiak; Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta departamenduko arduradun teknikoek parte hartu dute bileran, eta planaren edukia, proiektuen egoera eta hura garatzeko aurreikusitako hurrengo urratsak azaldu dituzte.
Saioan, jarduketa-programa osatzen duten esku hartze guztien berri eman da, Bazkardotik Sorabillara artekoak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bazkardoko lazo lotunea, Mimendi parean N-I errepidearen gaineko estaldura eraikitzea, bide konexio berriak garatzea udalerriko barne mugikortasuna hobetzeko, Allurraldeko kurba leuntzea segurtasuna indartzeko, azpiegituraren inpaktu akustikoa murrizteko jarduketak eta Sorabillako bide-txirikordatzea berrantolatzea. Aldundiak 150 milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusten du plan hau gauzatzeko.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "Gipuzkoan dugun trafiko arazo handienetako bati behin betiko irtenbidea emateko proiektu baten aurrean gaude. Mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeaz gain, errepideak hainbat hamarkadatan Andoainen eta inguruko auzoetan sortu dituen arazoei erantzuten die, azpiegitura udalerrian integratzeko eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko benetako irtenbideak eskainiz. Plan honek trafikorako irtenbideak eta espazio publikoa berreskuratzen, zarata murrizten eta auzoen arteko konektibitatea hobetzen duten jarduerak uztartzen ditu”, gaineratu du.
Horrela, Felix Urkolak planaren garapenaren aurreikuspenak eta hurrengo urratsak azaldu ditu, lehen lizitazioak berriki aktibatu ondoren eta jarduera-programa gauzatzen hasteko aukera emango duten proiektuetako batzuk jendaurrean jada jarrita. Une honetan, Bazkardoko lotunearen proiektua eta N-I-445 adarrean, Sorabillan, biribilgune berri bat eraikitzeko proiektua jendaurrean daude. Era berean, hobekuntza-planean jasotako zenbait jarduketa osagarriri dagozkien proiektuak idazteko lizitazioa egin du foru erakundeak.
837