Aldundiak tokiko berdintasun politikei bultzada berria emango die laguntza deialdi berri batekin
Aldundiak tokiko berdintasun politikei bultzada berria emango die laguntza deialdi berri batekin
2026-2027ko dirulaguntzetan 400.000 euro bideratuko dira berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren arloan diharduten udal eta eskualde mailako proiektuak laguntzeko

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gipuzkoako udal eta mankomunitateei zuzendutako berdintasunerako dirulaguntzen deialdi berriari, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta indarkeria matxistaren aurkako lana indartuko duten tokiko politika publikoak bultzatzeko helburuarekin. 2026-2027 deialdiak 400.000 euroko zuzkidura orokorrari eutsi dio, eta diruz lagundutako proiektuek bi urteko exekuzio epea izango dute. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, laguntza horiek “berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lana bultzatu nahi dute, tokikotik, hurbiltasunetik eta udalerri bakoitzeko errealitatearen kontaktu zuzenetik”. Ildo horretan, nabarmendu du deialdiaren helburua dela “udalek eta mankomunitateek egiten duten lan publikoa laguntzea eta indartzea, baliabideak emanez berdintasun-politika eraldatzaile eta iraunkorretan aurrera egiteko”.
Berasaluzek, gainera, azpimarratu du Aldundiak “erakunde sare sendoa eta berdintasunarekin konprometitua bultzatu nahi duela lurralde osoan”, eta adierazi du dirulaguntza horiek “aukera ematen dutela egitura egonkorrak, tokiko inpaktua duten proiektuak eta ahalduntze espazioak sendotzeko, funtsezkoak baitira bai prebentziorako, bai indarkeria matxistari aurre egiteko”.
2026-2027 aldiari begira, berrikuntza gisa, xehetasun handiagoz zehaztu dira berdintasuneko teknikarien lanpostu berriak sortzeari lotutako prestakuntza espezializatuaren baldintzak, esku hartze publikoaren profesionalizazioa eta kalitatea indartzeko.
Aurreko deialdian (2024-2025) 25 proiektu diruz lagundu ziren, gehienak udal mailakoak eta, neurri txikiagoan, mankomunitateek aurkeztutakoak, eta hurrengo edizioan kopuru horri eustea aurreikusten da. Foru bozeramaileak ondorioztatu duenez, “babes jarraitu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duen konpromisoa islatzen du, udalerri guztietan eta politika publiko guztietan presente dagoena”.
Astigarragako GZI-a handitzeko obrak esleitu dira
Foru Aldundiak, halaber, Astigarraga Iparraldeko Garraio Zentro Integrala (GZI) handitzeko obren esleipenaren berri eman du, Gipuzkoan garraio profesionalari eta logistikari laguntzeko sarea indartzeko azpiegitura estrategikoa baita.
Jarduketaren esleipen-aurrekontua 19.795.215,13 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea 30 hilabetekoa. Obrak 2026ko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten da, eta 2028ko bigarren seihilekoan amaitzea aurreikusten da.
Proiektuaren arabera, plataforma berri bat eraikiko da egungo Hegoaldeko Zentroaren aurrean, Bilborako noranzkoan. Plataforma horrek ibilgailu astunentzako 152 aparkaleku izango ditu, bai eta garraioko profesionalentzako zerbitzuak dituzten eraikinak ere, hala nola dutxak, komunak, atsedenlekuak eta garbitegia. Bi plataformak autobide azpiko pasabide baten bidez konektatuta egongo dira, eta korridore atlantikoaren bi noranzkoetan garraioari zerbitzua emango dion konplexu integratu bat eratuko dute.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu du jarduera honekin Gipuzkoak “zerbitzu aurreratu” bat osatzen duela ekonomiarako funtsezkoa den sektore baten lan baldintzak babestu eta hobetzeko, bi zentrorekin, bata Oiartzunen eta bestea Astigarragan. Ildo horretan, gogorarazi du lurraldea garraioaren ardatz transeuroparraren puntu neuralgiko batean dagoela, eta horrek eskatzen duela “ikuspegi europarra eta sektorearen egungo erronkei erantzungo dieten azpiegituren aldeko apustu argia egitea”. Era berean, Berasaluzek nabarmendu du handitze horrek garraiolarien lan baldintzak hobetzeaz gain, bide segurtasunean eta trafikoaren arintasunean zuzenean eragiten duela.
Lurralde Estrategiako diru-laguntzak
Gobernu Kontseiluak bi diru-laguntza ematea onartu du, lurraldeko ondarea babestu, zaindu eta balioesteko, "bai alderdi historiko-arkeologikoan, bai kulturalean eta immaterialean, Gipuzkoako nortasun adierazpen errotuenetako bati lotutakoa: mendizaletasunari".
Alde batetik, Aranzadi Zientzia Elkarteari 31.000 euroko diru-laguntza ematea onartu da, San Adrian-Lizarrate igarobideko indusketa arkeologikoaren eremuan eskora-oholtza eta segurtasun lanak egiteko. Eremu hori lehen mailako ondare-enklabea da, Donejakue Bidean integratuta dago eta Gizateriaren Ondare gisa aitortuta dago. Jarduketak aukera emango du indusketan lan egiten duten profesionalen segurtasuna bermatzeko eta garrantzi zientifiko, historiko eta komunitario handiko proiektu arkeologiko baten jarraipena ziurtatzeko.
Bestalde, Kontseiluak onartu du 50.000 euroko zuzeneko diru-laguntza ematea Euskal Mendi Museo Fundazioari, Azpeitiko erakusketa-zentroaren eta Tolosako dokumentazio-zentroaren instalazioak eta ekipamendua finantzatzeko. Bi gune horiei esker, aurrera egin ahal izango da mendizaletasunaren ondare kulturala babesteko, dokumentatzeko eta zabaltzeko, bai eta haren memoria, balioak eta esanahi soziala belaunaldien artean transmititzeko ere.
Berasaluzek Euskal Mendi Museoari emandako diru-laguntzaren balioa nabarmendu du, eta adierazi du “mendizaletasuna Gipuzkoako nortasun kulturalaren zati sakona dela, lurraldea, aisialdia, komunitatea eta naturarekiko harremana ulertzeko moduaren parte”. Adierazi duenez, “proiektu hau babestea da ondare kultural eta immaterial oso maitea kontserbatzeko eta partekatzeko egiten ari den lan bat errekonozitzea”.
Baso-berritzea
Azkenik, Berasaluzek iragarri du Aldundiak 1,3 milioi euro jasoko dituela Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik, klima aldaketa bezalako mehatxuen aurrean, baso azaleraren erresilientzian eta suteen prebentzioan eta horien aurkako jarduketan lagunduko duten ekintzak garatu ahal izateko.
Zenbateko hori transferitu da Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion kredituak banatzeko eta kudeatzeko proposamenean oinarrituta, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan. Aldundiak basoa berritzeko, mendiko pistak konpontzeko, basoak garbitzeko eta itxiturak egiteko lanak egingo ditu. Funts horien bidez, soiltze-fase aurreratuetan dauden baso-masak leheneratu nahi dira, besteak beste, dentsifikazioko baso-birpopulaketekin, birsortzea ziurtatuz, espezieak aberastuz, klima-testuinguru berrietara hobeto egokitutako espezieak edo progeniak erabiltiz eta lagundutako migrazio-teknikekin.
Aldundiari transferitutako partidaren zati bat Gipuzkoako Onura Publikoko Mendietako baso-azalera desberdinak birpopulatzeko izango da. Hala, gaur, Gobernu Kontseiluak aipatutako azaleretako birpopulatze-lanak kontratatzeko espedientea onartu du. Lanen helburua da 82,3 hektarea baso-azalera desberdinetan birpopulatzea. Birpopulatze-lanak bederatzi lotetan banatuta daude. Kontratuak 2026ko martxoaren 31ra arte iraungo du, eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 494.295 eurokoa izango da, BEZa barne (449.359 euro, BEZik gabe).
1177