Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak udalekin batera indarkeria matxistaren aurkako konpromiso bateratua indartu du protokolo instituzionalaren eguneraketarekin

Aldundiak udalekin batera indarkeria matxistaren aurkako konpromiso bateratua indartu du protokolo instituzionalaren eguneraketarekin

Jarraibide instituzional berria udalerriekin eta eragile feministekin batera landu da, eta tokiko ezarpen fase bat hasi du orain, komunitatea, koordinazioa eta erreparazioa ardatz hartuta

2026/02/12
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udaletako ordezkariekin partekatu du gaur indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionalerako protokoloa eguneratzeko lana, lurraldeko 16 alkatek parte hartu duten lan topaketa batean, hogeitik gora udal arduradun eta teknikarirekin batera. Irune Berasaluze foru bozeramaileak eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoko zuzendariak ere parte hartu dute bileran, eta bultzada berri bat eman zaio Gipuzkoak 2018an lehen protokoloa onartuta hasi zuen erakundeen arteko konpromisoari. Bozeramailearen hitzetan, tresna hori “aitzindaria eta bakarra da gure inguruan”, eta, horri esker, lehen aldiz egituratu ahal izan zen erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean. “Berrikuspen horrekin, Aldundiak eta udalerriek lan partekatu hori indartuko dute, eta egungo errealitate eta erronketara egokituko”. Dokumentua eguneratzeko, lankidetza-prozesu bat egin da lurraldeko udal, emakume-elkarte eta talde feministekin, “elkarlaneko gobernantzaren ikuspegia” indartuz, Berasaluzek nabarmendu duenez.

Gaur egindako saioarekin fase berri bat ireki da, protokoloa praktikan jartzera bideratua. Helburua da udal bakoitzak prozedura eta irizpide komunak bere tokiko testuingurura egokitu ahal izatea, eta, aldi berean, erantzun homogeneoa, koordinatua eta eraginkorra bermatzea lurralde osoan. Prozesu hori errazteko, Aldundiak bidelagun gisa jardungo du, eta udalerri guztiei zuzendutako laguntza teknikoko zerbitzu espezifiko bat abian jartzeko lanean ari da. Era berean, bi esperientzia pilotu garatuko dira Gipuzkoako udalerri txikietan, protokoloa haien berezitasunetara egokitzeko.

Erantzun koordinatu eta erreparatzaile baterako esparru komuna

Protokoloak 2018an onartutako ereduaren filosofiari eusten dio. Eredu horrek indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko argia, bateratua eta sentibera eskaintzen du, biktima diren emakumeei laguntza bermatuz eta eraso horien gaitzespen soziala indartuz.

Gaur egungo protokoloak emakume biktimaren erreparazioa sartzen du erantzun instituzional eta komunitarioaren erdigunean. Berasaluzek azpimarratu duenez, “erakundeen erantzunak lagundu egin behar du emakume biktima erreparatzeko prozesuan”.

Ekarpen garrantzitsuenen artean, protokoloak agertoki espezifiko berri bat txertatzen du indarkeria bikarioarentzat eta indarkeria matxista digitalentzat, sare sozialetan, mezularitza zerbitzuetan, plataformetan eta emakumeen aurkako beste ingurune birtual batzuetan gero eta eraso gehiago daudelako. Indarkeria horien artean sartzen dira jazarpen jarraitua, larderia, mehatxuak, baimenik gabeko irudiak zabaltzea, identitatea ordeztea, kontrol digitala eta antolatutako gorroto kanpainak, emakumeen osasunean, askatasunean eta bizitzan benetako ondorioak dituztenak.

  

1915