Aldundiak zerbitzu osagarri bat jarri du martxan, eskolarik gabeko egunetan Aspaceko ikasleei arreta ematen zaiela bermatzeko
Aldundiak zerbitzu osagarri bat jarri du martxan, eskolarik gabeko egunetan Aspaceko ikasleei arreta ematen zaiela bermatzeko
Aldundiak zerbitzu osagarri bat jarri du martxan, eskolarik gabeko egunetan Aspaceko ikasleei arreta ematen zaiela bermatzeko
Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak programa espezifiko bat bultzatu du, garuneko paralisia duten haur eta nerabeei 33 arreta egun gehiago emango dizkiena Aspace Gipuzkoako zentroetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez, zerbitzu osagarri berri bat jarriko du abian Aspace Gipuzkoako geletara joaten diren haur eta nerabeentzat Aste Santu honetatik aurrera, eskola egutegiko jaiegunetan ere arreta jasotzen jarraitu dezaketela bermatzeko.
Ekimen horrek indartu egiten du Aldundiaren konpromisoa pertsonak ardatz dituen zainketa eredu batekiko; eredu bat, familien benetako premiei erantzun nahi diena, eta garapen, ongizate eta autonomia prozesuetan etengabeko laguntza bermatu.
Ikasturteaz gain, 33 egun gehiago
Esparru horretan, Aldundiak zerbitzu bat bultzatu du, ikasturteaz gain beste 33 arreta-egun eskainiko dituena, 09:00etatik 17:00etara, Donostiako, Bergarako, Beasaingo, Irungo eta Eibarko Aspace Gipuzkoako zentroetan, guztiak ere pertsona bakoitzaren premia zehatzetara egokituta. Era berean, programak jantoki eta garraio zerbitzua eduki ahal izango ditu.
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak nabarmendu duenez, “zainketen kontzepzio berri bati erantzuten dio ekimen honek: pertsonak ardatz dituena, eta aitortzen duena ezen gaitasunak garatzeko –motorrak, kognitiboak, komunikatiboak, sozialak eta emozionalak– etengabeko laguntza behar dela, errealitate bakoitzera egokitutako ingurune seguruetan”.
Programaren helburua honako hau da: “hain zuzen ere, trebetasun horiek mantendu eta indartzea, atzera egin ez dadin eta parte-hartzaileei aurrera egiten laguntzeko. Horrez gain, egunerokoan egonkortasun eta laguntza handiagoa izateko esparru bat eskaintzen zaie familiei”.
Ildo horretan, diputatuak adierazi duenez, “kontua ez da zerbitzu bat zabaltzea soilik, baizik eta familien benetako behar bati egiturazko erantzuna ematea, eta, hala, haien bizi kalitatea hobetu eta kontziliazioa erraztea, Gipuzkoak zainketa lurralde gisa daukan estrategiarekin bat etorriz”.
Aspacerekin elkarlanean
Aurrerapauso hori Aspace Gipuzkoarekin batera egindako lanari esker lortu da, arreta ereduaren ikuspegi partekatua oinarri duen lankidetza iraunkor baten barruan. Prozesu horren ondorioz, erantzun sendo bat egituratu da, erronka berrien aurrean zainketen sistema egokitzen eta indartzen jarraitzeko aukera ematen duena.
Horrela, pertsonak ardatz dituen zainketa eredu integral eta komunitarioa eraikitzeko konpromisoa berresten du Gipuzkoako Foru Aldundiak: ongizate integralaren printzipioekin bat datorren eredu bat, lurraldeko pertsona guztien bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko.
307