Aldundiko Diputatuen Kontseilua Orexan elkartu da
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Orexan elkartu da
Herri txikiek Gipuzkoako ekonomiari eta jasangarritasunari egiten dioten ekarpena azpimarratu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Gurutze Etxezabal alkatearen eskutik herriko proiektu eta egitasmoak partekatu ondoren

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak Orexako udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua, legealdi honetan hasitako bilkura ibiltarien 25. hitzordua gauzatuz. Gurutze Etxezabal alkateak egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udaletxean egin dute bilkura.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, sarritan aipatu ohi dugu Gipuzkoa “lurralde orekatua” dela eta hala izaten jarraitzea nahi dugula. “Hori, hein handi batean, bertan bizi eta lan egitearen aldeko apustua egiten duten herritarrei esker da. Landa inguruneko ekonomiari, lehen sektoreari eta jasangarritasunari egindako ekarpenaren bitartez, lurralde osoko ekonomia, ongizatea eta jasangarritasuna bultzatzeko garaian ezinbesteko funtzioa jokatzen dute herri txikiek”, berretsi du diputatu nagusiak, eta “euskararen eta komunitate balioen” ikuspegitik ere “arnasgune” direla gehitu du. “Erakundeok, elkarlanean, lortu behar dugu balio horiei eutsi eta garatzen jarraitzeko ekarpena egitea”, adierazi du.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Orexara, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Mendozak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, baita herri txikietako plazetara ere. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak.
Orexako alkate Gurutze Etxezabalek azaldu du Orexak urteak daramatzala bere etorkizuna eraikitzen, Orexa Bizirik herri estrategiaren bidez, “herriaren beharrei, izaerari eta egiteko moduari erantzuten dien bide-orri propioarekin”. Azpimarratu du “herri txikiek euren etorkizuna eraikitzeko konpromisoa badutela, baina horretarako ezinbestekoa” dela “gainerako erakundeen inplikazioa” ere. Ildo horretan, Foru Aldundiak Orexaren bide-orria aintzat hartu, “herriaren lehentasunekin lerrokatu eta etorkizunean ere bidelagun izatea” espero duela adierazi du. “Izan ere, herri txikien etorkizuna erakundeen arteko lankidetzatik eta tokian tokiko proiektuak babestetik eraikitzen da”, azpimarratu du.
Bilera
Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Orexan. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Gurutze Etxezabalek, Orexako alkateak, lan-topaketa bat egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Kontseilu ibiltariaren ondoren, aldi berean, diputatuek Oihan Txiki kooperatibak egiten duen lana ezagutu dute bertatik bertara.
706