Aldundiko Diputatuen Kontseilua Seguran elkartu da, legealdi honetan hasitako 21. bilkura ibiltarian
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Seguran elkartu da, legealdi honetan hasitako 21. bilkura ibiltarian
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Seguran elkartu da, legealdi honetan hasitako 21. bilkura ibiltarian
Herri txikiek gipuzkoarron ekonomiari, euskarari eta komunitate balioei egiten diote ekarpena azpimarratu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izarra Urdalleta alkatearen eskutik herriko proiektu eta egitasmoak partekatu ondoren

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak Segurako udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua. Izarra Urdalleta alkateak egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udaletxean bertan egin dute bilkura. Aurretik, diputatu nagusia eta alkatea elkartu dira, herriko proiektu eta egitasmoen inguruko ikuspegiak partekatu asmoz.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, “Gipuzkoari eta, oro har, Euskal Herriari ezinbesteko ekarpena egiten diote herri txikiek, lurralde orekaren, ekonomiaren, euskararen eta komunitate balioen ikuspegitik”. “Horregatik, gaur Seguran Kontseilu ibiltaria elkartzearekin bat, Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi nahi dugu tokian tokiko herritarren ongizatearekin. Urrats berriak eta berritzaileak ematen jarraitu behar dugu herri txikien aldeko ahalegin partekatu horretan”, aipatu du.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Segurara, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlana”, gehitu du Mendozak.
Segurako alkateak, Izarra Urdalletak, Aldundiaren eta udalen arteko “gertutasun eta elkarlanaren” garrantzia aipatu du eta foru erakundeak udalerriei eskaintzen dien zerbitzuen eta laguntzaren beharra azpimarratu du. “Aldundiaren lana eta ekarpena behar beharrezkoak ditugu eta, kontseiluaren aurretik izan dugun bileran, konpartitu ditugu elkarlan horretan nabaritzen ditugun hutsuneak eta, baita ere, ongi ikusten duguna”, aipatu du.
Kontseilu ibiltaria
Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Seguran. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Aldundiko ordezkariek, besteak beste, Ardixarra Erdi Aroko interpretazio zentroa ezagutu dute alkatearekin batera. Bertan, Segurako, Goierriko eta Aizkorpe bailarako turismo informazio zabala jasotzeaz gain, bertako erakusketa eta ikus-entzunezko baliabideen bitartez, Erdi Aroko Euskal Herrira begirada zabaltzeko aukera izaten dute bisitariek.
578