Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Amute auzoko eta Amutaldeko sahiesbidearen proiektuak jada jendaurrean, Bidasoaldeko Plan Integrala aurrera egiten ari da Hondarribian

Amute auzoko eta Amutaldeko sahiesbidearen proiektuak jada jendaurrean, Bidasoaldeko Plan Integrala aurrera egiten ari da Hondarribian

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak azken egitasmoen garapena eta aurreikusitako beste esku-hartze batzuk aztertu dituzte, erakundeen arteko koordinazioa indartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak lan-bilera egin dute gaur goizean Hondarribiko udaletxean, udalerrian aurreikusitako azpiegituren arloko jarduketa berrien garapena aztertzeko. Hala, Bidasoaldeko Mugikortasuna Hobetzeko Plan Integraleko proiektuen egoera errepasatu dute, bereziki, Amute auzoko jarduketena eta Amutaldeko saihesbide berriarena, dagoeneko jendaurreko erakusketan baitaude hauen proiektuak. Mendelu auzoan bidegorri berria egiteko egitasmoaren xehetasunak ere aurreratu ditu Aldundiak. Diputatu nagusiak aurreratu duenez, bai Amuteko obrekin, bai Amutaldeko saihesbide berriarekin, “aurreikusten da proiektuak aurten bertan lizitatu ahal izatea, obrak jarraian hasteko”.

Bidasoaldeko Mugikortasuna hobetzeko Plan Integrala Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko eta Irungo udalek partekatzen duten estrategia bat da, eta datozen urteetarako 50 milioi eurotik gorako inbertsio globala aurreikusten du. Planaren helburua da bi udalerrien arteko eta ingurunearekiko konexioak hobetzea, bide segurtasuna indartzea eta mugikortasun eredu eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea, eskualdeko bide ardatz nagusietan jarduera koordinatuak gauzatuz. Horrela, Mendozak balioa eman dio Udalarekin batera garatutako lankidetzari eta lanari, “eskualdearen beharrei heltzeko eta bizi kalitatea hobetzeko, hala nola Hondarribian aukera berriei atea irekitzeko irtenbideak adosteko bide-orria baita”.

Bere aldetik, Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkateak azpimarratu duenez, “2023az geroztik ari gara lanketa honetan, Hondarribiak eta Bidasoa eskualdeak aspaldidanik behar zituzten azpiegitura-inbertsioak aldarrikatzen. Hasieran eskaera eta aldarria zena, denborarekin erakundeen arteko elkarlan sendo bihurtu da, eta dagoeneko elkarlan horren lehen emaitzak ikusten hasi gara”.

Enparanen hitzetan, gaur egun martxan jartzen ari diren proiektuak “egindako eskaeren lehen urratsa baino ez dira”, eta etorkizunean erakundeen arteko lankidetza “sakontzen eta indartzen” jarraitu beharko dela nabarmendu du. “Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu hauek funtsezkoak dira Hondarribiarentzat eta Bidasoa eskualde osoarentzat, eta pozgarria da ikustea erakundeen arteko elkarlanari esker aurrera egiten ari direla. Gure aldetik prestutasun osoa dugu elkarlanean jarraitzeko, eta espero dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bide horretan lanean segitzea. Azken finean, urte luzez eskualdeak izan dituen beharrei erantzuten ari gara orain, eta horrek erakusten du erakundeok elkarrekin lanean aritzen garenean proiektuek argia ikusten dutela”, gaineratu du.

Biribilgunea eta bidegorri berria Amuten

Hondarribiko jarduera-eremu nagusietako bat Amute inguruan dago. Bertan, Aldundiak sarbideak hobetzera, bide-segurtasuna indartzera eta oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak erraztera bideratutako esku-hartze bat planteatzen du.

Alde batetik, biribilgune berri bat eraikiko da N-638 errepidean (Amutalde kalea), semaforoek dituen egungo bidegurutzea ordezkatzeko. Horri esker, auto-ilarak ekidingo dira, trafiko-mugimenduak antolatuko dira eta segurtasuna hobetuko da auzoko sarreran zein irteeran.

Gainera, bidegorri berri bat eraikiko da errepidearekiko paraleloan dagoen oinezkoentzako ibilbide baten ondoan, oinezko eta txirrindularientzako ibilbide zabal eta seguruarekin. Esku-hartze horri esker, inguruneko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, mugikortasun jasangarria erraztuz eta auzoaren konexioa indartuz.

Bi jarduketei dagozkien proiektuak jendaurrean daude ikusgai gaur egun, eta urte honetan bertan lizitatuko direla aurreikusten da. Proiektuon arabera, biribilgune berriak 1,3 milioi euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua du, eta bidegorriak eta oinezkoentzako ibilbideak, berriz, 2,07 milioi eurokoa.

Amutaldeko saihesbide berria

Bestalde, Amutaldeko saihesbidea Plan Integralaren ardatzetako bat da, Hondarribiko eta Irungo sarbideak hobetu ahal izateko eragin zuzena baitu. Azpiegitura berriak nabarmen murriztuko du gaur egun Mendeluk jasaten duen trafikoa eta Amuteko sarbideak, eta beharrezko baldintzak sortuko ditu Hondarribiko eremu horren garapenean eta eraldaketan aurrera egin ahal izateko.

Jarduketa honek GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituen bide berri bat eraikitzea aurreikusten du. Bial berri honek bi biribilgune izango dute mutur bakoitzea. Beraz, trafiko-ibilbideak birbanatzea eta Amutalde kaleko egungo adarraren (GI-636-13) saihesbide gisa funtzionatuko, gaur egun trafiko handia biltzen baitu errepide horrek. Diputatu nagusiak azaldu duenez, jarduera hori bereziki onuragarria izango da Hondarribira sartzen diren erabiltzaileentzat, Amute inguruko bizilagunentzat eta Irun eta Hondarribia arteko loturako joan-etorrientzat, eskualdeko ospitalerako sarbideak barne. Esku-hartzearen lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 6,7 milioi eurokoa da.

Gaur egun, N-638 errepideak, Jaitzubiatik barrena, Donostialdera doazen edo handik datozen mugimenduak bideratzen ditu, bai eta AP-8 autobiderako sarbideak ere, Irungo mendebaldetik eta mendebaldeko muturretik. Bestalde, Amutaldeko adarrak trafiko gehiago hartzen du bere gain, Nafarroatik (N-121-A), Iparraldetik (Hendaia-Behobia) eta Irungo hirigunearen zati handi batetik datozen trafikoei zerbitzua ematen baitie, Zubi-Muxuko biribilgunearen bidez. Horrez gain, auzoko bertako joan-etorriei ere erantzuten die, besteak beste, auzoko trafikoari, merkataritza-jarduerari eta bi udalerrien arteko oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari.

Lotura berriarekin, Nafarroa, Iparralde eta Irun-Ekialdetik datozen trafikoek GI-636 errepidetik jarraitu ahal izango dute, Zubieta inguruan aurreikusitako biribilgune berri bateraino, gasolindegiaren ondoan, horrela Zubi-Muxu biribilgunetik eta Amutalde kaletik igarotzea saihestuz. Ondorioz, Mendeluko egungo zeharbidea nabarmen deskargatuko da, hango segurtasuna hobetuz eta zonalde horretako garapen berriei atea irekiz.

Testuinguru horretan, gaurko bileran, Aldundiak Mendelun bidegorri berri bat egin eta trafikoa baretzeko proiektu berriaren xehetasunak ere aurreratu ditu, eremu horretan bizikleta ibilbideari jarraipena ematea eta auzoaren hiri integrazioa hobetzea ahalbidetuko duena. Gaur egun, tarte horretan 13.000 ibilgailu inguru ibiltzen dira egunero, eta intentsitate hori murriztu egingo da Amutaldeko saihesbidea martxan jartzeari esker. Aurreikusitako jarduketen artean, Aldundiak 2 metroko zabalerako bidegorri berri bat ezartzea planteatzen du, trafikoaren abiadura murriztera eta inguruko segurtasuna eta bizikidetza hobetzera bideratutako beste neurri batzuekin batera.

Guadalupeko santutegiaren inguruan hobekuntzak

Planean jasotako jarduketez gain, lan-bileran Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribian aurreikusita dituen beste esku-hartze batzuk ere jorratu dira, besteak beste, Guadalupeko Amaren santutegiaren ingurua hobetzeko lanak, Jaizkibelerako bidean. Jarduketa horren proiektua ere jendaurrean dago, eta oinezkoen segurtasuna indartu eta santutegiaren inguruko irisgarritasuna hobetuko du. Proiektuak 404.886 euroko aurrekontua du, eta hamabi asteko exekuzio epea aurreikusten da.

Santutegiaren inguruan oinezkoentzako ibilbide zirkular bat sortzea aurreikusten da, goiko zelaira zein begiratokiaren ingurura iristea errazteko. Era berean, oinezkoentzako beste hiru pasabide berri prestatuko dira, errepidearen bi aldeen arteko joan-etorria errazteko eta begiratokirako eta aparkalekurako bidegurutze seguruagoak bermatzeko.

Multzoaren segurtasuna indartzeko, plataforma partekatuko bide-tarte berri bat eratuko da, 5 metroko zabalerarekin eta asfaltozko aglomeratu inprimatuko zoladurarekin, zirkulazioa baretu eta oinezkoen presentzia lehenesteko diseinatua. Jarduketa hori osatzeko, trafikoa baretzeko elementuak ezarriko dira, eta baimendutako gehieneko abiadura orduko 40 kilometrotik 20ra murriztuko da.

Bidasoaldeko Planaren aurrerapenak

Planifikatutako jarduketen aurrerapenei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak urratsak egiten jarraitzen du Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko plan integralaren garapenean.

Arbes-Oinaurre loturaren proiektuak aurrera egiten jarraitzen du, dagoeneko esleituta dagoen idazketarekin, eta obrak 2027aren amaieran hasi ahal izango direla aurreikusita. Jarduera honek Arbesen beste lotune erdi bat sortzea aurreikusten du, Behobiatik eta Oinaurrerako mugimenduak ahalbidetuko dituena, eta 2,1 kilometroko bide berri baten bidez Oinaurreko lotune erdiarekin lotzea ahalbidetuko duena. Horrela, lotune osoa egingo da, Irungo herrigunerako konexio berriekin.

Bestalde, Azken Portuko biribilgune berria esleituta dago, 1,01 milioi euroko inbertsioarekin, eta obrak datorren ekainean hastea aurreikusten da, lau hilabeteko egikaritze-epearekin.

Era berean, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Sailak azterlanak egiten jarraitzen du planaren irismena osatzeko eta zabaltzeko, jarduketa eta hobekuntza berriak txertatuz, besteak beste, esku-hartze integralak Hondarribiko eta Irungo hainbat hiri-eremutan.

Azkenik, Plaiaundiko erreiaren proiektua idazten ari dira, bide-sarearen puntu estrategiko honetan zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko aurreikusitako jarduketei jarraipena emanez.

  

944