Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ander Izagirre kazetariak jaso du Kultura Departamentuaren Raúl Guerra Garrido 2025 beka

Ander Izagirre kazetariak jaso du Kultura Departamentuaren Raúl Guerra Garrido 2025 beka

Laguntza 25.000 eurokoa izango da, eta «Muñagorri» liburua sortzea bultzatuko du. Proiektu horrek 1982an ETAren atentatu baten biktima izan zen Alberto Muñagorriren bizitza berreraikiko du. Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, bekak «egiarekin, memoria demokratikoarekin eta giza eskubideekin konprometitutako sorkuntzaren balioa aitortzen du».

2025/12/17
Cultura

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ander Izagirre kazetari eta idazleari eman dio Raúl Guerra Garrido 2025 beka; hari esker, Muñagorri proiektua gauzatuko du, Alberto Muñagorriren bizitza kontatzen duen liburua. Alberto Muñagorri 10 urteko haurra larri zauritu zen 1982an, ETAk  Errenteriako erdialdean jarritako bonba batek eztanda egin izanaren ondorioz.

Aldundiak 2023tik bultzatu duen beka honek helburutzat du 25.000 euroko laguntzaren bidez ibilbide sendoa duten egileen sorkuntza artistikoa bultzatzea, eta, aldi berean, errealitate sozialarekin eta literaturan eta konpromiso sozialean erreferentzia izan zen Raúl Guerra Garridoren bizitza eta lana gidatu zuten balio demokratikoekin elkarrizketan jardungo duten obrak sustatzea. Aurtengo deialdian, 12 proiektu aurkeztu dira.

Kulturako diputatu Goizane Álvarezek hautatutako proiektuaren garrantzia nabarmendu du: «Muñagorriren historiak gizarte gisa interpelatzen gaitu. Historia hau ez da iraganekoa; oraina argitzen du eta etorkizunaz gogoeta egiten laguntzen digu. Ander Izagirreren lanak ongi baino hobeki adierazten du beka honen espiritua: sorkuntza kritiko, zorrotz eta zinez gizatiarra da berea, memoria demokratikoa eta giza eskubideekiko konpromisoa indartzen laguntzen duena».

Izagirreren liburuak, Muñagorriren bizitza markatu zuen atentatua berreraikitzeaz gain, Gipuzkoako 80ko eta 90eko testuinguru sozial, politiko eta gizatiar konplexua ere berreraikiko du, baita lurraldeak ordutik gaur egun arte izan duen bilakaera ere. Hainbat hamarkadatan bere herrian bertan tabu bihurtu zen Muñagorriren biografiaren bidez, egileak askotariko gaiak aztertuko ditu, hala nola indarkeriaren zauriak, liskar politikoa, immigrazioaren etorrera, nuklearren aurkako borroka, gizarte-mugimenduak, heroinaren agerpena, biktimek espazio publikoan izan duten eraldaketa eta memoriari eta bizikidetzari buruzko eztabaida garaikideak.

Kazetariak adierazi duenez, «80ko hamarkadako Euskal Herriko haur askori geratu zitzaigun grabatuta Alberto Muñagorri, ETAk kalean utzi zuen motxila batek eztanda egin ziolako hanka bat eta begi bateko ikusmena galdu zituen Errenteriako mutikoa. Izan ere, ohartarazpen horrekin hazi ginen: poltsa abandonatu bat ikusten baduzu, ez ukitu, lehertu egin daiteke eta, Errenteriako mutikoari gertatu zitzaion bezala. Muñagorri 1982ko pertsonaia gisa geratu zitzaigun memorian, zuri-beltzean, eta jakin nahi izan nuen nolakoa izan den haren bizitza gaur egunera arte. Alberto ezagutu nuen, bere historia kontatu zidan pixkanaka, haren inguruko pertsonekin hitz egin nuen, eta aukera aparta iruditu zitzaidan: Errenteria bezalako herri astindu batean hazi eta bizi izan den biktima baten bizitzari jarraitzen badiogu, Euskal Herriko historia biolentoaren mende erdia konta dezakegu: ETAren atentatuak, kale borroka, mehatxuak eta jazarpenak, GAL, belaunaldi bat hondatu zuen heroina, gizartearen isiluneak eta erreakzioak, biktimen marjinazioa... terrorismoa bukatu eta oroimen-, damu-, barkamen- eta bizikidetza-prozesu batzuetara iritsi arte. Muñagorrik oso gertutik bizi izan ditu gai horiek guztiak».

Proiektuak dokumentazio lan zabal bat eta elkarrizketa luzeak ditu oinarri. Elkarrizketatu ugari izan dira, besteak beste, Muñagorri bera, haren familia, hurbileko pertsonak, biktimak, ETAko garai bateko militanteak, memorian eta gizarte-mugimenduetan aditu direnak, arduradun politikoak eta garai hartako beste lekuko batzuk.

Raúl Guerra Garrido bekari buruz

2023an sortu zen beka honek Raúl Guerra Garrido idazle eta farmazialaria omentzen du. Idazleen Elkarteko presidentea izan zen, eleberrigile saritua –Nadal Saria 1976an, Planeta Sariaren finalista, Letren Sari Nazionala 2006an– eta balio demokratikoen defentsan funtsezkoa izan zen haren jarduna.

Ibilbide sendoa duen edozein arte-diziplinatako sortzaileei zuzenduta dago laguntza, eta gehienez ere urtebeteko epean proiektu original bat sortzea edo gauzatzea finantzatzen du.

Begirada kritiko eta konprometitua eskaintzen duten eta Guerra Garridoren memoria etiko, sozial eta literarioari bizirik eusten laguntzen duten lanak sustatu nahi ditu Kultura Departamentuak ekimen honen bidez.

Álvarezek azpimarratu duenez, Raúl Guerra Garrido beka «ezinbesteko egile baten memoria eta ondarea bizirik iraunarazteko modu bat da; haren bizitza askatasunaren, pentsamendu kritikoaren eta giza duintasunaren defentsak markatu zuen». Eta hau gehitu du: «Kultura ez da neutrala. Eraldatzeko, deseroso sentiarazteko eta sendatzeko gaitasuna du. Beka honen bidez, apustua egiten dugu gizarte askeago, bidezkoago eta pluralago bat eraikitzen laguntzen duen kulturaren alde».

  

1794