Apirilean hasiko dira Errezabalgo mendi hegala egonkortzeko lanak, Elgoibarren
Apirilean hasiko dira Errezabalgo mendi hegala egonkortzeko lanak, Elgoibarren
• Egonkortzeko lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta proiektuaren garapenari jarraipena emateko aurretiazko fasea izango dira. • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak aldian behin dituzte ha-rremanak bizilagunekin, proiektuaren bilakaeraren berri eman eta haien kezken berri jasotzeko, gardentasuna eta jarraipen partekatua indartze al-dera. • Ekipamendu berriak 169 plaza, espazio komunak eta kanpo eremuak izan-go ditu, eta erabat integratuta egongo da Elgoibarko hiri eta gizarte ingurunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren apirilean ekingo dio Elgoibarko Errezabal egoitza publikoko obren beste fase bati, oraingoan, mendi hegala egonkortzeko. Jarduketa horrek hiru hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta lursailaren segurtasuna indartzeko eta proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrari erantzuten dio, berriro ere ekipamendua eraikitzen hasi aurretik.
Obrak uztailaren 15ean hasi ziren, lurzatia prestatzeko lanekin. Fase horretan, lurzoruaren portaeran izandako afekzio batzuk identifikatu ahal izan dituzte kontrol sistemek. Esate baterako, goiko bidean pitzadura bat berraktibatu da eta baldintza geoteknikoak hasieran uste zirenak baino konplexuagoak dira, besteak beste, kohesio txikiagoko lurzoruak daudelako eta ura agertu delako.
Egoera horren aurrean, 2026ko apirilaren 1etik aurrera obra kontratua aldi baterako etetea onartu du Diputatuen Kontseiluak. Etenaldia neurri beharrezko eta ordenatu gisa planteatzen da, lehenik eta behin, eraikuntzarekin jarraitu aurretik mendi hegalaren egonkortze lanei ekin eta lurzoruaren egoera normalizatzeko.
Hurrengo urratsak eta aurreikusitako egutegia
Aldi horretan, eta egonkortze lanekin batera, enpresa emakidadunak exekuzio proiektuaren aldaketa idatzi, eta bertan jaso beharko ditu eguneratutako azterlanen ondoriozko irtenbide teknikoak. Horrela, ez dira aldi berean egingo bateraezinak diren jarduketak, eta proiektua modu seguru eta teknikoki egokian garatuko dela bermatzen da.
Egonkortze lanak amaitu ondoren –udarako aurreikusi dira– emakidadunak 2026ko irailaren 30era arte izango du aldatutako proiektua aurkezteko. Baliozkotu eta onartu ondoren, proiektuaren exekuzio fase berriari ekingo zaio.
Prozesua berregokitzeko, obraren epe orokorrak moldatu beharko dira. Hala, haien amaiera berriro programatu eta 2028ra arte atzeratuko da.
Informazioa eta etengabeko jarraipena herritarrekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak informatzeko eta jarraipena egiteko dinamika etengabea daramate etorkizuneko Errezabal egoitza publikoaren inguruko auzokideekin. Prozesu hori aldian behingo bileren bidez egiten da; haietan, proiektuaren bilakaeraren berri eman dakieke herritarrei, fase bakoitzean hartutako erabakiak jakinarazi, eta haien kezkei erantzun. Guztia ere bai udalerrirako bai Debabarrena eskualderako estrategikoa den proiektu baten esparruan, haren garapenean gardentasuna eta hurbiltasuna indarturik.
Ekipamendu estrategikoa Debabarrenerako
Etorkizuneko Errezabal egoitza El Pilar ikastetxe zaharraren lurzatian eraikiko da, eta 169 plaza publiko izango ditu; horietatik 129 egoitzakoak izango dira, eta 40 eguneko zentroari dagozkio.
Zentroa bizikidetza unitate txiki eta espezializatuagoetan antolatuko da, eta barnean hartuko dira adinekoentzako plazak, unitate psikogeriatriko bat eta nahasmendu mental larria duten pertsonentzako beste bat. Gainera, espazio komunak eta berdeguneak izango ditu, eta Elgoibarko hiri ingurunean integratuta egongo da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak zainketa-eredu berri baterantz aurrera egiteko duen estrategiaren parte da proiektu hau. Pertsonen bizi-kalitatean gehiago zentratzen den eredu bat da, pertsonalizatuagoa eta komunitarioagoa, eta lurraldeari begiratzen diona argi eta garbi, kasu honetan, Debabarrenari.
468