Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Astigarraga Donostiako ospitale eta unibertsitate eremuarekin lotuko duen linea berria martxan jartzea onartu du Foru Gobernuaren Kontseiluak

Astigarraga Donostiako ospitale eta unibertsitate eremuarekin lotuko duen linea berria martxan jartzea onartu du Foru Gobernuaren Kontseiluak

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, Lurraldebuseko zerbitzu berri hau datozen asteetan gauzatuko da.

2026/03/03
Lurraldebuseko autobus bat

Lurraldebuseko autobus bat


Astigarraga eta Donostiako ospitale- eta unibertsitate-eremuaren arteko Lurraldebuseko konexio berria gero eta hurbilago dago. Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak astearte honetan jakinarazi duenez, Foru Gobernuaren Kontseiluak bere oniritzia eman dio linea berria martxan jartzeko proposamenari.

Azahara Domínguezek azaldu duenez, linea ezartzeko abiapuntua da pauso hau. Diputatuak zerbitzu hau jartzeko konpromisoa hartu zuen Mugitu Astigarraga plataformarekin, eta udaberrian bertan egongo da martxan.

Diputatuak gogorarazi duen bezala, Astigarragak populazio-hazkunde handia izan du azken urteotan, eta, horren ondorioz, Lurraldebuseko lineen erabiltzaileak asko ugaritu dira. Horregatik, udalerriaren konektibitatea hobetzeko eta erabiltzaileen hazkunde horri erantzuteko, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak linea bat jarriko du abian, udalerria ospitaleekin eta Donostiako unibertsitate-eremuarekin zuzenean lotuko duena. "Jakin behar dugu biztanleriaren hazkundeak zerbitzu publikoekiko behar batzuk sortu dituela, eta garraio publikoa ez dago horretatik salbuetsita. Horregatik, uste dugu linea berri honek, Astigarragako konektibitatea nabarmen hobetzeaz gain, aukera emango digula herrian zerbitzua ematen duten lineetan erabiltzaileak hobeto banatzeko, horrela garraio publikoaren erabileraren esperientzia ere hobetuko baita ", adierazi du.

Azahara Domínguez diputatuak gogorarazi duenez, Lurraldebusek 7,2 milioi erabiltzailerekin itxi zuen 2025. urtea Buruntzaldean, eta horrek esan nahi du ia % 10eko hazkundea izan zuela aurreko urtearekin alderatuta. Gainera, BU13 linea (Hernani >Astigarraga >Donostia) izan zen erabiliena, 1,1 milioi bidaiarekin (+%9,53).
 

  

1694