Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak abenduaren 16tik aurrera Lurraldebusen Bat eta Barik txartelekin ordaindu ahal izango dela iragarri du

Azahara Domínguez diputatuak abenduaren 16tik aurrera Lurraldebusen Bat eta Barik txartelekin ordaindu ahal izango dela iragarri du

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak jakinarazi duenez, proba teknikoak amaitu eta Lurraldebuseko flotan balidagailu berriak instalatu ondoren, Gipuzkoako hiriarteko autobus zerbitzua elkarreragingarria izango da.

2025/12/12
Azahara Domínguez diputatuak abenduaren 16tik aurrera Lurraldebusen Bat eta Barik txartelekin ordaindu ahal izango dela iragarri du

Azahara Domínguez diputatuak abenduaren 16tik aurrera Lurraldebusen Bat eta Barik txartelekin ordaindu ahal izango dela iragarri du


Bat eta Barik garraio txartelen erabiltzaileek abenduaren 16tik aurrera ordaindu ahal izango dute Lurraldebusen. Hala iragarri du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek, eta azaldu du bere departamentuak arrakastaz amaitu dituela txartel horiek homologatzeko proba teknikoak, bai eta balidagailu berrien instalakuntza ere. Hori dela eta, Bizkaiko eta Arabako erabiltzaileek beren garraio-txartelak erabili ahal izango dituzte Gipuzkoako hiriarteko autobus zerbitzuan.


Modu horretan, Lurraldebusek Mugikortasun Iraunkorraren Euskal Legea betetzen duela ospatu du diputatuak. Lege horren arabera, garraiobide guztiak elkarreragingarriak izan behar ziren urtea amaitu baino lehen, eta, gainera, "beste urrats bat da" Lurraldebus garraio publikoko zerbitzu "eroso, moderno, irisgarri eta hurbila" bihurtzeko. "Bat eta Barik txartelen elkarreragingarritasunarekin, gero eta pertsona gehiagok aukeratuko dute Lurraldebus bezalako bitarteko jasangarri bat joan-etorrietarako", ospatu du diputatuak.


Azahara Domínguezek aitortu du elkarreragingarritasuna martxan jarri aurreko prozesu teknikoa "konplexua" izan dela, "ez baitago aurretik egindako garapenik, lagungarri izan zaigunik". "Zorionez, agertu zaizkigun arazoak konponduz joan dira, eta gaur egun elkarreragingarritasuna errealitate bat dela esan dezakegu", esan du.


Diputatuak gogorarazi duenez, bere sailaren 2026ko aurrekontu-proiektuak partida bat aurreikusten du MUGI sistema osatzen duten udalei balidagailu berriak erosten laguntzeko, "hiri-autobusak ere modernizatzeko eta udalerri horietako herritarrak atzean ez geratzeko".


"Elkarreragingarritasuna funtsezko pieza da Euskadin mugikortasun sistema jasangarriagoa, eraginkorragoa eta kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzeko eta tarifen integraziorantz aurrera egiteko. Hori dela eta, lanean jarraituko dugu gainerako euskal erakundeekin batera, gure zerbitzua hobetzen eta modernizatzen jarraitzeko eta, horrela, herritarrei garraio publiko errazagoa, erakargarriagoa eta lehiakorragoa eskaintzeko", baieztatu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak.


Azahara Domínguezek azaldu duenez, lanean dago Lurraldebus gero eta zerbitzu modernoagoa egiten jarraitzeko. Zentzu horretan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (GGLA) MUGI birtuala martxan jartzeko eta kreditu-txartelarekin ordaintzeko lanean ari dela azaldu du, eta epe laburrean gauzatuko dela hori.


"Lanean jarraitzen dugu bi erreklamazio horiei hilabete gutxiren buruan erantzun ahal izateko; izan ere, pultsuari eutsi nahi badiogu eta garraio publikoan mugitzen diren pertsonen kopurua handitzen jarraitu nahi badugu, gure zerbitzuak linea gehiagorekin zabaltzeko eta gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitzeko ahalegina egiteaz gain, Lurraldebus digitalizaziorantz eta modernizaziorantz jauzi egin behar dugu. Izan ere, anbiziotik bakarrik lortuko dugu, iraunkortasunak ibilgailu pribatuari partida irabaztea ez ezik, gipuzkoar guztiek, autoa izan ala ez, bizitza profesionala eta pertsonala baldintza berdinetan garatu ahal izatea bermatzea", amaitu du.
 

  

3114