Azahara Domínguez diputatuak Astigarraga Donostiako ospitale- eta unibertsitate-eremuarekin lotuko duen Lurraldebuseko linea berria apirilaren 13an martxan jarriko dela iragarri du
Azahara Domínguez diputatuak Astigarraga Donostiako ospitale- eta unibertsitate-eremuarekin lotuko duen Lurraldebuseko linea berria apirilaren 13an martxan jarriko dela iragarri du
Azahara Domínguez diputatuak Astigarraga Donostiako ospitale- eta unibertsitate-eremuarekin lotuko duen Lurraldebuseko linea berria apirilaren 13an martxan jarriko dela iragarri du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, BU14 Astigarraga > Donostia Unibertsitatea (Ospitaleetatik) izenarekin ibiliko den linea berriak astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, orduroko maiztasunarekin: Astigarragatik 07:30etik 21:30era, eta Donostiatik 08:00etatik 22:00etara. Ibilbideak zazpi geraleku izango ditu bi noranzkoetan, eta 25 minutu inguruan osatuko da, trafikoaren arabera.

Azahara Domínguez diputatua TBHko Yon Iturrirekin
Astigarraga Donostiako ospitale- eta unibertsitate-eremuarekin lotuko duen Lurraldebuseko linea berria apirilaren 13an, astelehenean, jarriko da martxan, Aste Santuko oporren ondoren. Hala iragarri du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek. Azaldu duenez, BU14 Astigarraga > Donostia Unibertsitatea (Ospitaleetatik) izenarekin ibiliko den linea berri honek astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, orduroko maiztasunarekin.
“Linea berria Astigarragatik 07:30ean abiatuko da, eta orduroko zerbitzua izango du 21:30era arte; kontrako noranzkoan, berriz, zerbitzua 08:00etatik 22:00etara eskainiko da”, jakinarazi du Azahara Domínguezek. Halaber, adierazi duenez, “ibilbideak guztira zazpi geraleku izango ditu, eta 25 minutu inguruan osatuko da, betiere trafikoaren arabera”. Halaber, gaineratu duenez, "Lurraldebuseko linea guztiekin egiten den bezala, behin linea martxan jarrita eta erabilera-datuak aztertu ahala, malgutasunez jokatuko dugu zerbitzua egokitzeko, aldaketaren bat egin behar dela ikusten bada".
Ibilbideari dagokionez, BU14 linea Gipuzkoako hiribururantz abiatuko da Donostia Ibilbidea (Lekueder) geltokitik, eta honako ibilbidea egingo du: Donostia Ibilbidea (Pelotari Biribilgunea), Begiristain Doktorea 218 (Onkologikoa), Miramon Pasealekua (Poliklinika I), Tolosa Hiribidea (Amerika Plaza), Tolosa Hiribidea (Lorea) eta Tolosa Hiribidea 77 (Unibertsitateak) geltokian amaituko da. Astigarragarako noranzkoan, berriz, honako hau izango da ibilbidea: Tolosa Hiribidea 70 (Unibertsitateak), Tolosa Hiribidea 112, Tolosa Hiribidea 138, Miramon Pasealekua (Poliklinika II), Begiristain Doktorea (Ospitaleko Aparkalekua), Donostia Ibilbidea 38 (Hezegunea) eta Donostia Ibilbidea (Industrialgunea).
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gogorarazi duenez, “Astigarraga azken urteotan biztanle kopuruan gehien hazi den herrietako bat da”, eta horrek berekin ekarri du “zerbitzu publikoekin lotutako beharren hazkundea; garraio publikoa ere ez dago errealitate horretatik kanpo”. Azken urteko Lurraldebusen erabilera-datuek egoera hori berresten dute. Gogorarazi duenez, 2025ean 7,2 milioi bidaia erregistratu ziren Buruntzaldean Lurraldebusen, hau da, 2024an baino %10 gehiago; eta erabiliena BU13 linea izan zen (Hernani > Astigarraga > Donostia), 1,1 milioi bidaiarekin (+%9,53).
Egoera berri horren aurrean, Azahara Domínguezek gidatzen duen departamentuak 2025eko urtarriletik aurrera BU12 eta BU13 lineak indartzea erabaki zuen puntako orduetan, eta duela zenbait astetik, Hernaniko Udalak beharrezko obrak amaitu ondoren, autobus artikulatuak erabiltzen hasi da linea horietan dagoen eskaera handiari erantzuteko. Hala ere, orain urrats bat gehiago emango da. “Erabiltzaile kopuruaren hazkundearen aurrean, beharrezkoa zen Astigarragako herritarrei Lurraldebusen bidez Donostiarekin lotura hobea eskaintzea, eta linea berri honek, zalantzarik gabe, hori lortuko du”, berretsi du Azahara Domínguezek. Azaldu duenez, BU14 linea berriak “batez ere, kolektibo oso zehatzen mugikortasun-beharrei erantzungo die: egunero Donostiako campusera joan behar duten ikasleei, Ospitaleak/Miramon inguruan lan egiten duten langileei eta ospitaleko arreta sanitarioa behar duten auzotarrei”.
“Mundu mailako ziurgabetasun ekonomikoaren testuinguru honetan, autobusaren alde egiteak eta haren erabilera sustatzeak ziurtasuna ematen die familia askori; izan ere, garraio publikoan aliatu bat ikusten dute beren eguneroko bizitza garatu ahal izateko, ibilgailu pribatu baten mende egon beharrik gabe, eta horrek, zalantzarik gabe, aukera-berdintasuna sortzen du. Linea berri hau martxan jartzearekin, Astigarragaren konektibitatea hobetzeaz gain, bertako bizilagunen beharretara hobeto egokituko gara, dauden mugikortasun-beharrei modu zabalagoan erantzuten dien garraio publikoko zerbitzua eskainiz; horrenbestez, pertsona gehiagok autobusa erabiltzea sustatuko da”, adierazi du diputatuak.
Hirugarren linea urtebetean
Gogorarazi duenez, azken urtean martxan jarri den Lurraldebuseko hirugarren linea da hau. Iazko apirilaren 28an Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzen dituen GO07 linea jarri zen abian, eta arrakasta handia izan du, eskualde horietan oso esperotako linea baitzen; ekainaren 20an, berriz, E29 linearen txanda iritsi zen, Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin eta Miramonekin lotzen dituena, eta harrera oso ona izan du.
Horrez gain, azken bi urteetan, udako hilabeteetan, Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen E30 linea ere jarri da martxan; emaitza oso onak eman dituen linea da, eta erregularra izango da Oarsoaldeko eta Bidasoko emakida berria indarrean sartzen denean.
“Honek guztiak erakusten du garraio publikoaren alde egiten dugun apustua irmoa eta eztabaidaezina dela”, amaitu du diputatuak. Gogorarazi duenez, 2026 honetan Lurraldebusek “bere historiako aurrekonturik handiena du: 68,7 milioi euro, garraio publikorako sarbidea demokratizatzen jarraitzeko”.
1138