Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi du Lurraldebuseko gaueko tarifa kenduko duela uztailaren 6tik aurrera

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi du Lurraldebuseko gaueko tarifa kenduko duela uztailaren 6tik aurrera

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak defendatu du neurri horrek aurrezpen "oso nabarmena" ekarriko diela pertsona askori.

2026/07/04
Azahara Domínguez diputatua

Azahara Domínguez diputatua


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko gaueko tarifa kenduko du datorren astelehenetik, uztailaren 6tik aurrera. Azahara Domínguez foru diputatuak jakinarazi duenez, datorren uztailaren 6tik aurrera Lurraldebuseko gaueko tarifa desagertuko da, eta ordutik aurrera ez da prezio bereizketarik egingo autobusa hartzen den ordutegiaren arabera.
Mugikortasuneko arduradunak azaldu duenez, orain arte gaueko autobusen tarifak honako hauek ziren: 2,65 euro zona-jauzirik gabeko ibilbideetan, 3,70 euro zona-jauzi bat zutenetan, 6,45 euro bi zona-jauzi zituztenetan, 8,95 euro hiru zona-jauzikoetan, 11,30 euro lau zona-jauzikoetan eta 14,75 euro bost zona-jauziko ibilbideetan.

Gaueko tarifa kentzearekin batera, MUGI txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileek gehienez ere 0,59 euro ordainduko dute zona-jauzirik gabeko ibilbideetan; 0,88 euro zona-jauzi bat egiten dutenean; 1,64 euro bi jauzi egiten dituztenean; 2,41 euro hiru jauzitan; 3,12 euro lau jauzitan; eta 4,16 euro bost zona-jauzi egiten dituztenean.

“Aurrezkia oso handia izango da, eta, gainera, prezio horiek are txikiagoak izan daitezke MUGI txartel pertsonalizatua izanda, hilabetean 20. bidaiatik aurrera edo erabiltzailea kolektibo berezi batekoa bada”, nabarmendu du diputatuak.

Azahara Domínguezen ustez, neurri honek “urrats berri bat” ekarriko du garraio publikorako sarbidea demokratizatzeko eta pertsona guztiek baldintza berberetan mugitzeko aukera izan dezaten bermatzeko, bidaia egiten duten ordua edozein dela ere.

Horren harira, gogorarazi du bere departamentua azken hilabeteotan “ahalegin handia” egiten ari dela zerbitzuak handitzeko, bai lanegunetan bai asteburuetan, “batez ere berandu arte lan egiten duten pertsonek etxera itzultzeko garraio publikoaren zerbitzua bermatuta izan dezaten”.

Adibide gisa aipatu du maiatzaren erdialdetik aurrera gauero, asteko egun guztietan, Irun eta Hondarribia arteko gaueko zerbitzua bermatu dela, eskualdeko ostalaritzako langileekin elkarlanean ezarritako neurri bati esker. Halaber, Urola Erdiko (Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa) eta Donostiaren arteko gaueko espedizio berriak ere jarri direla martxan gogorarazi du.

“Baina ez da nahikoa autobus gehiago eskaintzea; desplazamendu horiek ekonomikoki irisgarriak direla ere bermatu behar dugu”, azpimarratu du.

Era berean, diputatuaren iritziz, neurri honek gaueko aisialdian garraio publikoaren erabilera ere sustatuko du. “Hori funtsezkoa da segurtasunaren ikuspegitik. Gipuzkoarrek, bereziki gazteenek, gauez mugitzeko aukera seguruak izan ditzaten nahi dugu, prezioa oztopo edo disuasio-faktore izan gabe”.
Azaldu duenez, “udalak kultura- eta jai-eskaintza handitzeko ahalegina egiten ari diren bitartean, urrats sendoak eman behar ditugu pertsona guztiek garraio publikoaren bidez aisialdi-eskaintza horretara iritsi ahal izan dezaten”.

Ildo horretan, gogorarazi du iaz guztira 1.441 zerbitzu berezi aktibatu zirela (2024arekin alderatuta % 51,7 gehiago), eta ia 40.000 pertsonari eman zietela zerbitzua; gehienak herrietako jaietako zerbitzu bereziak izan ziren.

“Jende gehiagok autobusa erabiltzea etxera itzultzeko aukera emateak mugikortasun jasangarriago baten alde egitea dakar, baina baita gizarte osoarentzat seguruagoa den mugikortasun baten alde ere, eta, aldi berean, pertsona guztien aisialdirako sarbidea bermatzen du”, adierazi du.

Azahara Domínguezek azpimarratu du neurri hau bere departamentuak garraio publikoaren erabilera sustatzeko egiten ari den “lehentasunezko apustuaren” barruan kokatzen dela, testuinguru historiko batean: 2025ean Lurraldebusek 31,2 milioi bidaia erregistratu zituen, historiako kopururik handiena.
“Erritmo horri eutsi eta hazten jarraitzeko, 2026an Lurraldebusi 68,4 milioi euroko aurrekontu historikoa eman diogu. Datu horiek erakusten dute gero eta pertsona gehiagok egiten dutela garraio publikoaren alde, baina marka historikoetan egoteak ez du esan nahi gure hazkunde-muga iritsi denik. Hazten jarraitu nahi dugu, eta autobusa herritarrentzat gero eta aukera erakargarriagoa izan dadin lanean jarraitu. Horretarako, ez da nahikoa zerbitzu gehiago eta lotura hobeak eskaintzea; garraio publikoan mugitzea eskuragarria dela ere bermatu behar dugu. Gaueko tarifa kentzeak filosofia horri erantzuten dio, pertsona gehiagok —bereziki lanetik berandu irteten direnek— gauez ere autobusa erabil dezaten erraztuz eta Gipuzkoarentzat irisgarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa den mugikortasun-eredua sendotuz; pertsona guztientzako aukera-berdintasuna sustatzen duen eredua, hain zuzen ere”, adierazi du diputatuak.
 

  

860