Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak Lurraldebusek Irunen eta Hondarribian ematen duen zerbitzua nabarmen hobetuko dituen neurriak iragarri ditu

Azahara Domínguez diputatuak Lurraldebusek Irunen eta Hondarribian ematen duen zerbitzua nabarmen hobetuko dituen neurriak iragarri ditu

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak aurreratu duenez, aldaketek herritarren artean errotuta dauden ohiturak hartzen dituzte kontuan, eta linea eta bidaia berriak gehituko zaizkie. Azaroaren amaieran jarriko dira martxan.

2026/10/23
Azahara Domínguez diputatua Irungo auzo elkarteen federazioko ordezkariekin

Azahara Domínguez diputatua Irungo auzo elkarteen federazioko ordezkariekin


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak aldaketa garrantzitsuak egingo ditu Lurraldebusek Bidasoa eskualdean eskaintzen duen zerbitzuan. Hobekuntza horiei esker, Irunen eta Hondarribian garraio publikoa hobetuko da, baita Oarsoaldearekin eta Donostiarekin dituzten loturak ere.

Hala azaldu du Azahara Domínguez diputatuak ostiral honetan egindako prentsaurrekoan, non Irungo auzo elkateetako federazioako kideak egon diren. Aldaketa berriak azaroaren amaieran jarriko dira martxan, horretarako beharrezkoak diren administrazio-izapideak amaitu ondoren.

Laburbildu duenez, bere departamentuak Bidasoa eskualderako proposatutako ekintza-planak ordutegiak eta ibilbideak jasotzen ditu. Gainera, linea berriak eta bidaia gehiago gehituko dira, eskualdeko garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko..

BI02: Hondarribia–Donostia, Amaratik
Linea honek lehen E21 lineak zituen ordutegiak berreskuratuko ditu. Astelehenetik ostiralera, gainera, bidaia gehiago egingo ditu. Lehen autobusa 05:15ean aterako da Hondarribitik eta 06:00etan Donostiatik. Hondarribitik ateratzen den azken autobusa, berriz, 22:30ean izango da. Autobusak 45 minutuan behin ibiliko dira.

Larunbat, igande eta jaiegunetan ere E21 linearen ordutegiak berreskuratuko dira. Zerbitzua luzatuta, eguneko autobusak gauekoekin lotuko dira, asteburuetan eguneko 24 orduetan garraio publikoa eskaintzeko.

Domínguezek nabarmendu du goizeko lehen autobusak aukera ematen diela distantzia luzeko autobusekin lotura egin behar duten bidaiariei garaiz iristeko autobus-geltokira.

BI03: Hondarribia–Irun–Oiartzun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, Grosetik
Linea honek aldaketa handiak izango ditu. Larunbat, igande eta jaiegunetan bakarrik ibiliko da. Egun horietan, Hondarribitik 09:15etik 22:45era eta Donostiatik 11:25etik 22:55era egongo dira autobusak, 30 minutuan behin.

Asteko gainerako egunetan, bi linea berri eskainiko dira: BI08: Hondarribia–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik eta BI09: Irun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik.

BI08 linerari dagokionez, E20 linearen ibilbidea hartuko du oinarri. Astelehenetik ostiralera ibiliko da 30 minuturo. Hondarribitik 06:30ean hasiko da zerbitzua, eta Donostiatik 06:45ean. Arratsalde osoan ere 30 minutuan behin egongo dira autobusak. Azkena 22:40ean aterako da Hondarribitik eta 22:45ean Donostiatik. Guztira, 15 bidaia gehiago egingo dira Donostiarako noranzkoan eta beste 15 Hondarribirako noranzkoan.

BI09 lineari dagokionez, E26 linearen ibilbidea berreskuratuko du, baina hobekuntzekin. Astelehenetik ostiralera, Irunetik 06:00etatik 22:55era egongo dira autobusak. 30 minutuan behin ibiliko dira 22:00ak arte. Donostiatik, berriz, 07:35etik 22:55era egongo dira autobusak. 30 minutuan behin ibiliko dira 22:05ak arte, eta azken bi irteerak 22:30ean eta 22:55ean izango dira.

Domínguezek azaldu du Donostiatik itzultzeko ordutegiak egokitu direla autobusek garaiz ibil daitezen.

Beste hobekuntza bat da linea hau Anaka auzotik ere pasatuko dela. Horrela, Irunerako noranzkoan 16 bidaia gehiago egingo dira, eta Donostiarako noranzkoan, 13 gehiago.

BI05: Hondarribia–Irun
Astelehenetik ostiralera, autobusak 15 minutuan behin ibiliko dira egun osoan, 05:30etik 21:00etara, bi noranzkoetan. 21:00etatik aurrera, 20 minutuan behin egongo dira autobusak, 22:20ak arte. Azken bidaia 22:50ean izango da, bi noranzkoetan.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, zerbitzua 06:00etan hasiko da. Autobusak 30 minutuan behin ibiliko dira 09:00ak arte. 09:00etatik 21:00etara, 15 minutuan behin egongo dira autobusak. Ondoren, 20 minutuan behin ibiliko dira, 22:50era arte.

Ordutegi horiei esker, asteburuetan eguneko autobusak gauekoekin lotuko dira, eta 24 orduko garraio-zerbitzua eskainiko da.

BI06: Hondarribia–Irun–Ospitaleak–Miramon
Astelehenetik ostiralera, bidaia berri bat gehituko da: Hondarribitik 06:10ean aterako da. “Horrela, Donostiara 07:00ak baino lehen iritsi behar dutenek aukera izango dute garaiz heltzeko”, esan du diputatuak.

Gainera, Irungo auzo-elkarteen federazioak egindako eskaerari erantzunez, linea honek asteburuetan ere zerbitzua emango du. Zortzi bidaia egingo dira noranzko bakoitzean. Hondarribitik irteerak 06:50, 09:10, 10:10, 13:10, 13:50, 16:10, 19:10 eta 20:50 ean izango dira; Donostiatik ordea 08:15, 10:15, 11:15, 14:15, 15:15, 17:15, 20:05 eta 22:15 ean. “Ordutegiak langileak lan-txanda aldatzeko garaiz iristeko egokitu dira”, esan du Azahara Domínguezek.

BI07: Hondarribia–Irun–Donostia, Antiguotik
Linea honek, batez ere, egunero Donostiara unibertsitatera joaten diren ikasleei zerbitzua ematen die, eta E28 linearen ordutegiak berreskuratuko ditu. Gainera, zerbitzua hobetzeko, Hondarribitik irteera berriak gehituko dira 06:00etan, 07:00etan, 07:30ean eta 08:00etan, ikasleak klasera garaiz iritsi ahal izateko. Beste irteera berri bat ere egongo da 21:00etan. Kontrako noranzkoan, Donostiatik irteera berriak egongo dira 06:55ean, 07:55ean, 08:55ean eta 21:55ean.

Lehen zegoen zerbitzuarekin alderatuta, beste hobekuntza bat da linea honek Donostiako unibertsitate-eremuarekiko lotura zabalduko duela asteko egun guztietan. “Horrela, Hondarribiko edo Irungo bizilagunek Donostiako eremu horretara zuzenean joateko aukera izango dute, asteko edozein egunetan eta eguneko edozein ordutan”, adierazi du diputatuak.

Gainera, BI10 linea berria sortuko da (Hondarribia–Irun–Donostia, Antiguotik). Astelehenetik ostiralera, ikasleak klasera garaiz iristeko zerbitzua eskainiko du, Hondarribitik 06:40ean eta 07:40ean aterako diren bi autobusen bidez. Linea berriak Puiana, Anaka eta Belaskoenea auzoei ere emango die zerbitzua.

BI04: Hondarribia–Bidasoko Ospitalea–Ventas–Txingudi merkataritza-gunea
Domínguezek azaldu du departamentua lanean ari dela autobus hau Txingudi merkataritza-gunearen barrura sartu ahal izateko. Oraingoz, ordea, ezinezkoa da hori egitea, merkataritza-guneko gasolindegiaren inguruan sortzen diren trafiko-arazo larriengatik. “Departamentua Txingudirekin hitz egiten ari da, trafikoa blokeatu gabe autobusak sartu eta atera ahal izateko neurriak hartzeko. Neurri horiek ezartzen direnean, autobusa merkataritza-gunearen barrura sartuko da berriro”, iragarri du.

“Bidasoa eskualdeko Lurraldebuseko emakida berriak garraio publikoaren zerbitzua zabaltzeko aukera eman digu. Hala ere, eskualdean mugikortasun-ohitura batzuk oso errotuta zeuden. Horregatik, aurkezten dugun ekintza-plan honekin, orain arteko esperientzia hori oinarri hartu eta zerbitzua zabaltzen jarraitu nahi dugu, Irun eta Hondarribiko herritarrek gure zerbitzuan konfiantza izaten jarrai dezaten”, adierazi du diputatuak.

Era berean, eskerrak eman dizkie Irungo eta Hondarribiko udalei, garraio publikoa hobetzeko eta gehiago erabiltzeko erakutsitako prestutasunagatik.

Azkenik, Domínguezek konpromisoa hartu du eskaintzen diren zerbitzuak etengabe eta sakon aztertzen jarraitzeko, beharrezkoa denean ordutegiak eta zerbitzuak egokitzen jarraitzeko.
 

  

2543