Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak nabarmendu du Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin eta Miramonekin lotzen dituen E29 lineak 120.000 bidaia baino gehiago egin dituela bere lehen urtean

Azahara Domínguez diputatuak nabarmendu du Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin eta Miramonekin lotzen dituen E29 lineak 120.000 bidaia baino gehiago egin dituela bere lehen urtean

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak nabarmendu duenez, linea hau sendotzen ari da Bidasoaldean, eta azken hilabeteetan haren erabilerak hilean 10.000 bidaiaren langa gainditu du.

2026/07/10
Azahara Domínguez diputatua E29 linearen balantzea egin du

Azahara Domínguez diputatua E29 linearen balantzea egin du


Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin eta Miramonekin astelehenetik ostiralera lotzen dituen E29 lineak 120.000 bidaia baino gehiago egin ditu bere lehen urtean. Datu positiboa da, eta, gainera, aurten erabilerak etengabe gora egin duela erakusten du, linea Bidasoaldean sendotzen ari denaren adierazgarri.

Hala adierazi du Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Irunen eskaini duen prentsaurrekoan. Bertan, linearen lehen urteko balantzea egin du, eta alboan izan ditu Cristina Laborda Irungo alkatea, Igor Enparan Hondarribiko alkatea, Irungo Auzo Elkarteen Federazioko ordezkariak eta Osakidetzako langileen UGT sindikatuko ordezkariak. Guztiak ere “funtsezkoak” izan dira 2025eko ekainaren 20an martxan jarri zen linea hau abian jartzeko prozesuan.
Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, lehen urte honetan E29 lineak guztira 120.800 bidaia egin ditu; horietatik 67.155 Donostiarantz izan dira, eta 53.645 Donostiatik abiatu dira.

Hilabetez hilabeteko erabileraren datuei dagokienez, foru diputatuak nabarmendu du “linearen erabilera sendotzeko joera argia” antzematen dela. Ekainean, martxan egon zen lehen hamar egunetan, 1.651 bidaia erregistratu ziren; uztailean eta abuztuan 7.000 bidaia baino gehiago izan ziren; irailean 10.000ko langa gainditu zen, eta urrian 11.000 bidaia lortu ziren.

Azaroan erabilera 9.532 bidaiara jaitsi zen. Hala ere, hilabete horretan, erabiltzaileek helarazitako eskaerei erantzunez, ordutegi-doikuntzak landu ziren, pertsona guztiek, bereziki ospitaleko txanda-aldaketetan, garaiz iritsi ahal izatea bermatzeko. Aldaketa horiek abenduaren 1ean jarri ziren indarrean. Ondoren, abenduan eta urtarrilean erabilera 9.000 bidaiaren inguruan mantendu zen 
—Gabonetako oporraldiaren eraginagatik ere bai—, baina otsailean berriro gainditu ziren 10.705 bidaiak. Ordutik aurrera, hilabete bakar batean ere ez da 10.000 bidaiatik jaitsi: martxoan eta maiatzean 11.000 baino gehiago izan ziren, eta ekainean 12.000ra iritsi zen.

“Uste dut datu hauek oso positiboak direla. Erakusten dute entzute aktiboa neurri zehatz eta ukigarri bihurtzen denean —kasu honetan, eskualdeko herritarren benetako behar bati erantzuten dion Lurraldebus linea bat martxan jarriz—, herritarrek erantzun egiten dutela”, adierazi du Azahara Domínguezek. Era berean, eskerrak eman dizkie hilabete hauetan linearen abian jartzean nahiz ondorengo ordutegi-doikuntzetan parte hartu duten eragile guztiei.

“Linea honek agerian utzi du garraio publikoa ezin dela zerbitzu zurruna izan. Malguak eta arinak izan behar dugu erabiltzaileek helarazten dizkiguten beharrei erantzuteko. Hori egiten saiatu gara, eta emaitzek erakusten dute bide onetik goazela; izan ere, ordutegietan hobekuntzak ezarri zirenetik, erabilerak ez du hazteari utzi”, adierazi du.

“E29 linearen datuek berresten dute Bidasoaldean benetako eraldaketa bizi dugula mugikortasun publikoaren arloan. Azken urtean, ospitale-eremurako eta Miramonerako zuzeneko lotura bat martxan jartzea lortu dugu, eta dagoeneko sendotuta dago; Irun eta Hondarribia arteko gaueko zerbitzuak asteko egun guztietara zabaldu ditugu, gaueko tarifa baliogabe utziz; eta Hondarribiko hiri-autobusa MUGI sisteman integratu dugu. Lorpen horiek guztiak garraio publikoa ulertzeko modu beraren emaitza dira: herritarrak entzutea eta haien egunerokoa erraztuko duten irtenbide erabilgarriak eskaintzea. Horri guztiari esker, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murrizten ari gara, baina, batez ere, autorik ez duten familiei lanera, ikastera, osasun-arreta jasotzera edo aisialdiaz gozatzera modu eroso, seguru eta eskuragarrian joateko aukera bermatzen ari gara, ezertan uko egin beharrik gabe. Azken batean, aukera-berdintasun handiagoa sortzen duen eta pertsona guztientzat kohesionatuagoa den garraio-sistema bat eraikitzen ari gara”, adierazi du diputatuak. Amaitzeko, lankidetzarako deia egin die Irungo eta Hondarribiko udalei nahiz gizarte antolatuaren ordezkariei, Bidasoaldeko garraio publikoaren zerbitzua elkarrekin hobetzen jarraitzeko.

Irungo alkate Cristina Labordaren hitzetan, “E29 lineak Irungo familia askoren behar argi bati erantzuten dio: Donostiako Ospitalera modu zuzenean, erosoan eta irisgarrian iritsi ahal izateari. Bertan osasun-zerbitzu ugari biltzen dira, eta pertsona askorentzat joan-etorri horiek egunerokoaren parte dira, paziente, laguntzaile edo profesional gisa”.

“Lehen urtean 120.000 bidaiatik gora izana lotura hori beharrezkoa zela eta erabilgarria izaten ari dela erakusten du. Garraio publikorako sarbidea errazten duen eta joan-etorriak egin behar dituzten pertsonen zailtasunak murrizten dituen oro albiste ona da Irunentzat”, adierazi du.

Bestalde, Hondarribiko alkate Igor Enparanek adierazi duenez, “E29 lineak erakutsi du herritarren benetako beharrei erantzuten dieten garraio publikoko zerbitzuek harrera ona izaten dutela. Oso lotura garrantzitsua da, bai ospitalera joaten diren erabiltzaile eta bisitarientzat, bai Donostiako ospitale-eremuan eta Miramonen lan egiten dutenentzat”.

“Eguneroko joan-etorriak errazten dituen zerbitzua da, mugikortasuna hobetzen laguntzen duena eta, gainera, etorkizunean hazten eta erabiltzaileen beharretara egokitzen jarraitzeko ahalmen handia duena”, gaineratu du.
 

  

1245