Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez diputatuak Oarsoaldean eta Bidasoan Lurraldebuseko zerbitzu berriak eskualde horietako bizilagunei ekarriko dizkien hobekuntzak aurkeztu ditu

Azahara Domínguez diputatuak Oarsoaldean eta Bidasoan Lurraldebuseko zerbitzu berriak eskualde horietako bizilagunei ekarriko dizkien hobekuntzak aurkeztu ditu

Diputatuak emakida berriak ekarriko dituen aldaketak azaldu ditu. Emakida berria datorren urriaren 1ean jarriko da martxan, eta eskualdeen egungo beharretara egokitutako zerbitzu “zabalagoa, hobeto koordinatua eta egokitua” eskainiko du. Azahara Domínguezek azpimarratu du garraio publikoa zerbitzu malgua dela, eta behar berriak antzeman ahala, beharrezkoak diren aldaketak egingo direla, Lurraldebuseko gainontzeko lineetan egiten den moduan.

2026/09/21
Azahara Domínguez diputatuak Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan emango duen zerbitzu berria aurkeztu du

Azahara Domínguez diputatuak Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan emango duen zerbitzu berria aurkeztu du


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek astelehen honetan azaldu ditu datorren urriaren 1ean martxan jarriko den Oarsoaldeako eta Bidasoako Lurraldebuseko zerbitzu berriak eskualde horietako herritar guztiei ekarriko dizkien hobekuntzak. Eskualde hauetan, 10,7 miloi bidaia egin ziren 2025ean. 

Zerbitzuak izango dituen autobus berrietako batean, Azahara Domínguezek gogoratu du urriaren 1etik aurrera Lurraldebusek “sare zabalagoa, hobeto koordinatua eta Oarsoaldeako eta Bidasoako joan-etorrien benetako beharretara egokitua” izango duela.

“Emakida berri hau Oarsoaldearen eta Bidasoaren egungo beharretara erabat egokituta sortu da, gaur egun dugun errealitatera askoz gehiago egokitzen diren trafiko- eta joan-etorrien denborekin, eta bizilagunen benetako beharrei erantzuteko pentsatutako plangintza batekin”, adierazi du diputatuak. Hala ere, zehaztu du: “Urriaren 1etik aurrera, eta Lurraldebuseko linea guztiekin egiten dugun bezala, haren funtzionamendua aztertzen joango gara, eta sor daitezkeen beharrei erantzuten”.

Azahara Domínguezek gogorarazi du, halaber, emakida berria Euskotren “aurrekaririk gabeko” hedapena egiten ari den unean jarriko dela martxan, eta horrek pertsona askoren mugikortasun-ohiturak aldatuko dituela. “Garraio publikoa ez dago operadoreen artean lehiatzeko, elkarren osagarri izateko baizik: MUGI sarearen parte gara, eta gure helburua sare horrek gero eta hobeto funtzionatzea da. Horregatik, datuak aztertzen jarraituko dugu, herritarrak entzuten eta ahalik eta arinen jarduten, behar berriak antzematen ditugunean beharrezko egokitzapenak egiteko”.

Zerbitzuen hedapena
Hobekuntza orokorrei dagokienez, diputatuak azaldu du zerbitzua 29 lineatan banatuko dela, eta 58 autobusek egingo dutela zerbitzua, gaur egun baino zazpi gehiagok. Horri esker, “sarearen ordutegi-estaldura zabaldu ahal izango da, goizean lehenagotik gauean beranduagora arte, ostiraletik igandera 24 orduko zerbitzua eskainiz, eta ordutegiak egokituz Donostiako autobus geltokitik iritsi eta irteten diren distantzia luzeko zerbitzuekin loturak egin ahal izateko asteko egun guztietan”.

Gainera, “nabarmen handituko” dira Donostiako ospitale-gunearekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioak, “asteburuan zerbitzu gehiago eskainiz eta langileen lan-ordutegiak kontuan hartuz”.

Era berean, “mantendu eta, are gehiago, hobetu egingo ditugu” eskari handieneko orduetako maiztasunak, eta erabilera handiko beste tarte batzuk indartuko ditugu, “inor autobusera igo ezinik gera ez dadin”. 

Halaber, eskari handiena duten korridoreetan zirkulatzen duten lineak koordinatuko dira, “bikoiztasunak saihesteko eta zerbitzuak hobeto banatzeko”. Hala, N-I errepideko ardatzean (Errenteria > Pasaia Antxo > Donostia) 8 minuturo autobus bat izatera iritsiko da zerbitzua.

Azahara Domínguezek azaldu duenez, Oarsoaldearentzat zerbitzu berri honen helburua da “eskualde barruko konexioak indartzea eta Donostiako helmuga nagusietarako sarbidea hobetzea”; Bidasoan, berriz, “Hondarribia eta Irunen arteko harremanak hobetuko ditugu, eta hiriburuarekin eta beste helmuga estrategiko batzuekin dituzten konexioak zabalduko ditugu”.

Udalerrien araberako hobekuntzei dagokienez, Azahara Domínguezek honako informazio hau eman du:

Hondarribia
•    Urte osoan zehar aireportuaren eta Donostiako autobus geltokiaren arteko zuzeneko konexioa izango du (BI01), maletak eramateko lekua duten ibilgailuekin. Zerbitzu hori E30 linearen bidez eskaintzen da 2024az geroztik udako hilabeteetan, baina urriaren 1etik aurrera urte osoan mantenduko da, aireportuko hegaldien ordutegietara egokitutako ordutegiekin. Autobus honetan, gainera, banku-txartela bidez ordaindu daiteke. 
•    Donostiako ospitale-gunearekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioa hobetuko da BI06 linearen bidez (2025eko ekainetik E29 izendapenarekin ari da lanean), langileen lan-ordutegira egokitutako ordutegiekin. Gainera, asteburuetan zerbitzua zabaltzeko lanean ari gara.
•    BI04 lineak Bidasoa Ospitaleko, Araso industrialdeko eta Txingudi Merkataritza Guneko langileen ordutegietara egokitutako ordutegiak eskainiko ditu.
•     Irunekin gaueko zerbitzua bermatuko da urteko egun guztietan.

Irun
•    Donostiako ospitale-gunearekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioa hobetuko da BI06 linearen bidez (2025eko ekainetik E29 izendapenarekin ari da lanean), langileen lan-ordutegira egokitutako ordutegiekin. Gainera, asteburuetan zerbitzua zabaltzeko lanean ari gara.
•    Hondarribiarekin 15 minutuko maiztasuna bermatuko da puntako orduetan (BI05).
•    Hondarribiarekin gaueko zerbitzua bermatuko da urteko egun guztietan, eta gaueko konexio gehiago egongo dira Donostiarekin.

Errenteria
•    8 minutuko maiztasuna N-I errepideko korridorean, Donostiarekin lotuta, astelehenetik ostiralera. Zerbitzu gehiago egongo dira astelehenetik igandera, egun osoan zehar.
•    Donostiako ospitale-gunerako eta Miramongo parke teknologikorako zerbitzua hobetuko da OR08 eta OR15 lineen bidez (egungo E31 eta E15 lineak, hurrenez hurren). Zehazki, OR15 lineak egungo E15 lineak eskaintzen duen zerbitzua eta ibilbidea mantenduko ditu, ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuz eta asteburuetan ere zerbitzua eskainiz; orain arte ez zen halakorik egiten.
•    15 minutuko maiztasuna goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko puntako orduetan, Beraunetik Donostiarako noranzkoan.
•    Donostiarekiko korridorearen koordinazio hobea eta autobus geltokitik abiatzen diren distantzia luzeko zerbitzuekiko lotura bermatua.
•    Astigarragarekiko konexioa nabarmen hobetuko da Garberarekin lotura duten zerbitzu berrien bidez. Gainera, gaueko zerbitzuak izango ditu merkataritza-gunearen ordutegietara egokitzeko (ORG46G linearen bidez), eta lehen aldiz asteburuetan ere zerbitzua eskainiko du.
•    Garraio publikoko 24 orduko zerbitzua ostiraletik igandera.
•    Asteburuetan Antiguo auzoarekiko konexioa txertatuko da OR10 linearen bidez; gaur egun ez dago.

Oiartzun
•    Zerbitzu-eskaintza handiagoa egun osoan zehar, astelehenetik igandera, eta asteburuetako gaueko konexioak hobetuko dira.
•     Ospitaleekin eta Miramongo parke teknologikoarekin lotura duen linea bat izango du (OR08), lan-txandetara egokitutako ordutegiekin eta asteburuetan ere zerbitzuarekin. Linea hori irailaren 1etik dago martxan, E31 izendapenarekin. Urriaren 1etik aurrera, eguneko lehen zerbitzuaren irteera 15 minutu aurreratuko da (7:00etatik 6:45era), txanda-aldaketara egokitzeko.
•    Donostiako Unibertsitateen gunerako konexioa izango du asteburuetan, OR10 linearen bidez.

Pasaia
•    Donostiako ospitale-gunearekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioa hobetuko da OR07 (egungo E03) eta OR09 (egungo E07) lineen bidez. Lehenengoari dagokionez, bidaia-denborak hobetuko dira, linea zuzenagoa bihurtuz; gainera, langileen lan-ordutegira egokituko da. Ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuko da, eta asteburuetan zerbitzu gehiago eskainiko du. OR09 lineari dagokionez, bidaia-denborak ere murriztuko dira, Miramonera zerbitzua zabalduz eta asteburuetara luzatuz.
•    OR05 linean (egungo E09) 15 minutuko maiztasuna mantenduko da eskari handieneko orduetan, eta indargarriak egingo dira inor geltokian geratu ez dadin.
•    Lezo, Errenteria eta Donostiarekiko konexioa hobetuko da, astelehenetik ostiralera zerbitzuen %34ko igoerarekin.
•    Gaueko eta asteburuetako eskaintza handiagoa.
•    Konexio hobeak Donostiako autobus geltokitik iritsi eta irteten diren distantzia luzeko zerbitzuekin lotzeko.

Lezo
•    Ospitale-gunerako bidaia-denborak hobetuko dira, linea zuzenagoa bihurtuz eta langileen lan-ordutegira egokituz. Ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuko da, eta asteburuetan ere zerbitzua eskainiko du.
•    Zerbitzu kopuru handiagoa, batez ere Errenteria eta Donostiarekin, ostiraletik igandera 24 orduko zerbitzua eskainiz. Astelehenetik ostiralera, eguneko 98 zerbitzutik 130era igaroko da.
•    Konexio hobeak Donostiako autobus geltokitik abiatzen diren distantzia luzeko zerbitzuekin lotzeko.

Diputatuak gogoratu du hobekuntza guzti hauetaz gai, uzteiletik aurrera gaueko tarifa ez aplikatzearen neurriari gehitzen zaizkiola, beraz, gauean autobusa erabiltzeak ez du kostu handiagorik eragingo erabiltzaileengan.

Zerbitzua hobetzeko adimen artifiziala
Bestalde, diputatuak azaldu du Oarsoaldean eta Bidasoan Lurraldebusen zerbitzu berriak azken teknologiak eta baita adimen artifizialeko tresnak ere txertatuko dituela, zerbitzu “hobea eta eraginkorragoa” eskaintzeko.

Ildo horretan, adimen artifiziala erabiliko dela adierazi du eskariaren kudeaketa dinamikoa egiteko. Horri esker, erabilera-patroi historikoen bidez, flotaren kudeaketari buruzko erabaki hobeak hartu ahal izango dira. “Datu horiek aukera emango digute modu askoz zehatzagoan erabakitzeko noiz atera behar diren edukiera handiagoa duten autobus artikulatuak eta noiz kendu behar diren, horrela zerbitzu eraginkorragoa eskainiz”, azaldu du adibide gisa.

Era berean, flotara gehituko diren autobus berriek Smart-ramp sistema izango dute, mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten arrapalen mantentze-lan prediktiboa egiteko aukera emango duena. Halaber, Smart-clima sistema izango dute, autobusen klimatizazio-sistema monitorizatzeko eta haren funtzionamendua hobetzeko. Sistema horrek ibilgailuaren barruko tenperaturak une horretan kanpoan dagoen eguraldiaren arabera egokitzen ditu, autobus guztietan tenperatura egonkorrak bermatzeko.

Emakida berriari buruzko informazio guztia eskuragarri egongo da bihar, irailak 22, 14:00etatik aurrera, esteka honetan: https://lurraldebus.eus/emakidak/index

  

2376