Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azken Portuko biribilgune berriak norabide guztietako biraketak erraztu eta trafikoaren arintasuna hobetu du

Azken Portuko biribilgune berriak norabide guztietako biraketak erraztu eta trafikoaren arintasuna hobetu du

Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren lehen azpiegitura osatu du Aldundiak. Biribilgune berriak 756.961 euroko inbertsioa egin du eta, gainera, funtsezko egitura izango da Arbes-Oinaurreko AP-8 autobidearen etorkizuneko lotune osorako.

2026/10/22
Gipuzkoako Foru Aldundia

Azken Portuko biribilgune berria martxan da, ekainean hasitako obrak amaituta. Jarduketak auzoko eta inguruko trafikoa hobetzen du, noranzko guztietan biraketak egiteko eta trafikoa modu eraginkorragoan banatzeko aukera ematen baitu. Esku-hartze honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren lehen azpiegitura osatu du, eskualdeko mugikortasuna eta konexioak hobetzeko 50 milioi eurotik gorako inbertsio globala aurreikusten duen estrategiaren baitan. Hurrengo obrak azaroan hasiko dira Hondarribiko Amute auzoan, biribilgune berriaren eraikuntzarekin.

Azken Portuko biribilguneak Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko lotura hobetzen du, ibilgailuak modu eraginkorragoan banatzea ahalbidetzen duen trafikoaren berrantolaketari esker, eta ibilbideak sinplifikatzen ditu Irungo barne joan-etorriek zein Behobiatik, bereziki Iparraldetik, datorren trafikoak bat egiten duten ingurune batean. Horrela, jarduketak zirkulazio-fluxuak ordenatzen eta ibilbideak zuzenagoak egiten laguntzen du, udalerrirako sarbide horren funtzionaltasuna hobetuz. Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak 756.961 euro inbertitu ditu obra hori egiteko.

Biribilguneak, gainera, eginkizun nabarmena izango du inguruko bide-sarearen etorkizuneko garapenean. Haren konfigurazioa funtsezko elementua da etorkizunean AP-8arekin Arbes-Oinaurre eremuan egingo den lotune osoaren funtzionamendurako, konexio horretatik datorren trafikoa banatzeko eta hiriko errepide sarean hobeto txertatzeko aukera emango baitu.

Hurrengo obrak Amuten: biribilgunea eta bidegorria

Azken Portuko obren amaierak Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren lehen mugarria jartzen du. Plan horrek hainbat jarduketa biltzen ditu Irungo eta Hondarribiko sarbideak, konexioak eta mugikortasuna hobetzeko.

Hurrengo urratsa Hondarribiko Amute auzoan jarduerak garatzea izango da. Egungo bidegurutze semaforizatua ordezkatuko duen biribilgunea azaroan hasiko da eraikitzen, eta sei hilabeteko epea izango dute lanek. Auzoa, N-638 errepidearekin paraleloan, Hondarribiko erdialdearekin lotuko duen bidegorriari dagokionez, proiektua lizitazio fasean dago, laster gauzatzeko.

Bestalde, Mendelun bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide bat eraikitzeko eta ingurua bulebarizatzeko proiektua dagoeneko esleitu da, eta datozen hilabeteetan idatziko da.

Aldi berean, Aldundiak aurrera egin du planean jasotako beste jarduera batzuk prestatzen. Arbes-Oinaurreko loturaren proiektua idazten ari dira, eta datozen hilabeteetan izapidetzen jarraituko dute.

Era berean, departamenduak amaituta dauka GI-636 errepidean sartzeko erreia zabaltzeko proiektua, Plaiaundi parean, haren garapena luzatu eta Zubimuxuko irteerarekin zuzenean lotuko duena. Proiektua lizitatzeko prest dago, Irungo Udalak horretarako behar dituen lurrak lagatzeko zain.

  

1712