Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azkoitiko San Jose zentroko unitate psikogeriatriko berrituak indartu egin du dementzia duten pertsonentzako arreta espezializatua

Azkoitiko San Jose zentroko unitate psikogeriatriko berrituak indartu egin du dementzia duten pertsonentzako arreta espezializatua

Espazioaren birgaitze lanek ahalbidetu dute banakako logeletan 15 plaza egokitzea eta erabiltzaileen beharretara egokitutako ingurune bat sortzea. Jarduketak 3,39 milioi euroko inbertsioa ekarri du, eta Aldundia bultzatzen ari den zaintza-ereduaren eraldaketaren baitan kokatzen da.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Azkoitiko San Jose egoitzako unitate psikogeriatriko berriak dementzia duten adineko pertsonentzako arreta espezializatua indartu du, erabiltzaileen beharretara egokitutako eta arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko diseinatutako espazio berritu baten bidez.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Ana Azkoitia Azkoitiako alkateak gaur bisitatu dute baliabide berria. Zentroko lehengo unitate psikogeriatrikoaren birgaitze integralak 3.398.364,11 euroko aurrekontua izan du.

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, egindako berritze lanak Gipuzkoako egoitzetan egiten ari diren "eraldaketaren" barruan kokatzen dira, "gero eta zainketa iraunkorragoak eta komunitateari irekiagoak egiteko". "Egoitza-zentroak eta baliabide gero eta etxekoagoak sortzen ari gara, eta, gainera, mendekotasuna duten adinekoen intimitatea eta duintasuna zaintzen ere bada nahia. Udalerriz udalerri, zerbitzuz zerbitzu, Gipuzkoako zainketa-eredu konplexua zabaltzen ari gara lurralde osoan. Horrek eragin zuzena du adinekoen ongizate integralean", ziurtatu du.

Bestalde, Ana Azkoitia alkateak azaldu du: “Zaintzari sekulako buelta eman diogu herrian, Foru Aldundiarekin lankidetzan. Maiatzean inauguratu genuen Garbiñe Otegi Eguneko Zentroa 30 plazarekin, eta orain, guztiz eraberritutako Psikogeriatria Zentroa dugu herrian. Zerbitzu eta baliabide aldetik, herritarrak ahalik eta denbora luzeenean bizi kalitateari eusteko, eta goxo eta duintasunez zahartzeko ibilbide osoa dugu garatuta. Programak, zerbitzuak eta errekurtsoak baditugu, lantalde bat ere bai herriko beharrak aztertu dituena. Orain, ibilbidea osatzeko, apartamentu tutelatuak falta zaizkigu, eta beharbada, ikuspegi komunitarioa hobeto txertatzea. Eta gizarte gisa, baita pertsona nagusiak eta zahartzea beste begirada batetik ikustea, gizatasunetik, errespetutik eta enpatiatik”.

Erabiltzaileen beharretara egokitutako arkitektura

Unitate berriak 15 plaza ditu, guztiak banakako logeletan eta bainugela propioarekin. Horri esker, arreta pertsonalizatuagoa eta erabiltzaileen beharretara egokituagoa eskaintzea ahalbidetu da.

Unitatea erdiko patio zabal baten inguruan antolatuta dago. Patio horrek argi naturala ematen die barneko espazioei, eta, aldi berean, egoiliarrentzat kanpoaldeko espazio kontrolatu bat eskaintzen du. Antolaketa arkitektonikoak saihestu egiten du bi aldeetan logelak dituzten korridore luzeen ohiko egitura, eta espazioen antolaketa atseginagoa eta funtzionalagoa sustatzen du.

Logelak bi eremu bereizitan banatuta daude, eta horrek aukera ematen du ingurunea hobeto egokitzeko egoiliarren beharretara.

Banakako logelez gain, unitateak eguneroko bizitzarako eta arreta profesionalerako hainbat espazio ditu: jangela, egongela, office-a, deanbulaziorako korridorea, kontsulta gela, terapia gela, kontrol puntua, bainugela egokituak, garbiketa gela, biltegia eta erdiko patioa.

Baliabidearen diseinuak neurri espezifikoak jasotzen ditu narriadura kognitiboa duten pertsonen ezaugarrietara egokitutako ingurune seguru bat bermatzeko, eta, aldi berean, unitatearen barruan haien mugikortasuna eta autonomia errazteko. Unitate mota hauen baldintza material eta funtzionalak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren indarreko araudiak arautzen ditu.

Gaur egun, Azkoitiko San Jose zentroak 15 plaza ditu unitate psikogeriatrikoan eta 46 plaza oinarrizko arreta erresidentzialeko unitateetan.

Zaintza ereduaren eraldaketa

Jarduketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen zaintza-ereduaren eraldaketa prozesuaren baitan kokatzen da. Gaur egun, lurraldeko 43 egoitza-zentrotan ari da Aldundia aldaketak sustatzen. Kasu batzuetan, Azkoitiko San Jose zentroan egindakoaren moduko egokitzapen arkitektonikoak dira; beste batzuetan, berriz, zaintzen antolaketan, arreta-dinamiketan edo pertsonak laguntzeko moduan egiten ari diren eraldaketak.

Prozesu honek ez du soilik ekipamendu berriak eraikitzea edo plazak handitzea helburu; hau da, giza-ikuspegi handiagoko, pertsonalizatuago eta komunitatearekin lotuago dagoen laguntza eta zaintza-eredu baterantz aurrera egitea planteatzen du.

Pertsonengan oinarritutako eredua da, egoiliar bakoitzaren bizi-ibilbidea eta beharrak kontuan hartzen dituena. Ikuspegi honek ez du beharrei erantzutea soilik bilatzen; pertsonak duintasunez, autonomiaz eta bizi-kalitatearekin bizitzen laguntzea du helburu.   

  

1718