Basotik fase berri batean sartu da, Gipuzkoako basoen etorkizuna bermatzeko tresna estrategiko gisa
Basotik fase berri batean sartu da, Gipuzkoako basoen etorkizuna bermatzeko tresna estrategiko gisa
Fundazioak 200 basojaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditu, eta BasoHUBen bidez aliantzak aktibatu ditu basoen zaintza gizarte osoaren erronka partekatua izan dadin

BSTK Basotik Fundazioak 2025eko balantzea, egindako baso-lanen bilakaera, datozen hilabeteetako erronkak eta BasoHUBen bidez martxan dituen aliantza estrategikoak aurkeztu ditu gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Agerraldian parte hartu dute Xabier Arrutik, Basotik Fundazioko presidenteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Jon Ander Ostolazak, Fundazioko zuzendariak.
Bi urteko ibilbidearen ondoren, Basotik Fundazioa fase berri batean sartu dela nabarmendu dute: lehen urteetan zerbitzua egituratu, basojabeen eskaera jaso eta lan egiteko oinarriak finkatu ondoren, gaur egun baso-kudeaketa lanak gero eta presentzia handiagoa izaten ari dira Gipuzkoako mendietan. Horrez gain, BasoHUBen bidez, basoa gizarteko beste eremu batzuekin konektatzeko aliantza berriak aktibatu dira.
“Basotik Fundazioa Gipuzkoako basoen etorkizuna bermatzeko tresna estrategikoa da. Basoak CO2 xurgatzeko, biodibertsitatea indartzeko, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko ezinbesteko espazioak dira. Basoak modu jasangarrian kudeatzea Gipuzkoaren etorkizuna zaintzea da”, adierazi du Xabier Arrutik.
Basozaintza Aurreratua: basoa kudeatzea basoa zaintzea da
Arrutik azaldu duenez, Basotik behar bati erantzuteko sortu zen: Gipuzkoako baso askok kudeaketa aktiboa behar zutelako, eta basojabe askok laguntza teknikoa, jarraipena eta bermeak behar zituztelako beren basoen etorkizunari heltzeko. Ildo horretan, Basotik Fundazioak Basozaintza Aurreratua indartu nahi du: kudeaketa profesionala, planifikatua, jasangarria eta epe luzeko ikuspegia uztartzen dituen eredua.
Basotik Behatokiaren kontsultek ere informazio-behar handia erakusten dute: gipuzkoarren %86,5ek ez du ezagutzen, edo oso gutxi ezagutzen du, basoen egungo egoera; eta herritarren %66k uste du basoa kudeatzea basoa zaintzea dela. Fundazioaren arabera, datu horiek informazioa, sentsibilizazioa eta kudeaketa jasangarria indartzeko beharra berresten dute.
Basotik, hazten ari den tresna: 900 familia baino gehiago eta 1.800 hektarea kudeaketan
Basotik Fundazioak aurkeztutako datuen arabera, hasieratik gaur arte 900 familia baino gehiagok erakutsi dute Fundazioaren parte izateko interesa. Gaur egun, 200 kontratu baino gehiago daude sinatuta, eta horien bidez 200 basojaberen 1.800 hektarea baino gehiago ari da kudeatzen Basotik.
Horrez gain, 600 familia inguruk oraindik ez dute beren kudeaketa-proposamena jaso, eta datozen hilabeteetako erronka nagusietako bat izango da familia horiei proposamenak prestatzen eta aurkezten jarraitzea. Beste 70 familia inguruk dagoeneko jaso dute proposamena eta erabakia hartzeko prozesuan daude.
“Basotik Fundazioa fase berri batean sartu da: azken urtean ia bikoiztu egin da basojabe kopurua, eta dagoeneko 200 basojaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu. Orain, BasoHUBen bidez, Gipuzkoako eragile erreferenteekin aliantzak aktibatu ditugu, basoen zaintza gizarte osoaren erronka partekatua izan dadin eta basoek duten balioa herritarrengana hurbiltzeko”, adierazi du Jon Ander Ostolazak.
Ostolazak gogorarazi du erabaki horiek ez direla egun batetik bestera hartzen. “Familia-ondareari buruz ari gara, askotan belaunaldiz belaunaldi transmititutako basoei buruz. Horregatik, gure lana ez da kontratu bat aurkeztea soilik: zalantzak argitzea, aukerak azaltzea eta familia bakoitzari behar duen denbora eskaintzea ere bada”, azaldu du.
Basojabeen eskaerari erantzunez: informazio argiagoa eta txosten pertsonalizatuak
Iaz basojabeei egindako inkestak ondorio argia utzi zuen: oro har, satisfazio-maila ona da, eta Basotiken parte izatearekin pozik daude. Baina, aldi berean, eskaera zehatza jaso zen: basoetan egindako lan gehiago ikusi nahi dituzte, beren lursailen egoera ezagutu nahi dute, eta informazio argiagoa eta jarraipen pertsonalizatuagoa jaso nahi dute.
Horregatik, datozen hilabeteetan txosten pertsonalizatuak lantzen hasiko da Basotik, familia bakoitzak bere lursailen egoera, egindako lanak eta aurreikusitako jarduerak modu argian jaso ditzan.
Baso-lanak gero eta ikusgarriagoak dira Gipuzkoako mendietan
Prentsaurrekoan azaldu denez, Fundazioaren jarduera gero eta gehiago ari da islatzen basoetan bertan. Landaketetan, garbiketa-lanetan eta aprobetxamenduetan hazkunde nabarmena izan da azken urteetan.
Landaketei dagokienez, 2025ean 27 hektarea landatu ziren, eta 2026an dagoeneko 110 hektarea landatu dira. Garbiketa-lanetan ere bilakaera nabarmena izan da: 2025ean, 78 hektareatan egin ziren lanak; eta 2026an, dagoeneko 240 hektarea daude martxan edo planifikatuta.
Basotiken ikuspegitik, garbiketa-lanen helburua ez da basoa “garbitzea” edo landaredia guztia kentzea, baizik eta oreka bilatzea: zuhaitzen garapena erraztea, gehiegizko lehia saihestea, sute-arriskua murriztea eta biodibertsitatea errespetatzea.
Aprobetxamenduei dagokienez, 2025ean 16 hektareatan egin ziren lanak, eta 2026an 127 hektareako jarduerak daude prestatuta edo martxan. Fundazioak azpimarratu du aprobetxamenduak baso-kudeaketa jasangarriaren parte direla: ez dira soilik egurra ateratzeko jarduerak, baizik eta diagnostikoa, baimenak, plangintza eta ondorengo leheneratzea eskatzen duten esku-hartzeak.
“Basotik ez da kontratuak sinatzeko proiektu bat; basoak kudeatzeko eta zaintzeko tresna da. Gero eta neurri handiagoan ari gara helburu hori basoetan bertan gauzatzen”, nabarmendu du Ostolazak.
BasoHUB: basoa gizartearekin konektatzeko espazioa
Urteko balantzearekin batera, Xabier Arrutik eta Jon Ander Ostolazak BasoHUB egitasmoaren garapena ere aurkeztu dute. BasoHUB Basotik Fundazioak bultzatutako lankidetza-espazio irekia da, basoaren inguruan proiektu aitzindariak eta aliantza estrategikoak aktibatzeko sortua.
Helburua da basoa sektore forestaletik harago eramatea, eta ekonomiarekin, zientziarekin, berrikuntzarekin, gastronomiarekin, zaintzarekin, kulturarekin, kirolarekin, hezkuntzarekin eta herritarren parte-hartzearekin konektatzea. Orain arte, BasoHUBen baitan 115 gizarte-ekintza egin dira, eta 3.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte zuzenean, besteak beste zuhaitz-landaketa herrikoietan eta pertsonen ongizaterako jardueretan.
“Gipuzkoako basoen zaintza ez da sektore bakar baten ardura. Basojabeak, erakundeak, zientzia, enpresak, gizarte-eragileak eta herritarrak behar ditugu. BasoHUBek elkarlan hori egituratzeko eta proiektu berriak sortzeko aukera ematen digu”, nabarmendu du Arrutik.
BasoHUBen esparruan, Fundazioa hainbat eragilerekin ari da lanean. Ikerketa eta berrikuntza forestalean, NEIKERrekin LIFE SILFORE proiektuaren bidez silbopastoreoaren eta biodibertsitatearen aukerak lantzen ari da; HAZIrekin, REINFORCE proiektuaren baitan hostozabalen kudeaketa-ereduen bilakaera; eta UPNArekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, landaketen jarraipenerako GIS tresna.
Herritarren parte-hartzearen arloan, Real Sociedad Fundazioarekin zuhaitz-landaketa herrikoiak sustatzen ari da. Horrez gain, Euskadi Fundazioa txirrindulari taldearekin, OCETArekin eta Debako Udalarekin batera, Basotik Txirrindulari Festa antolatzen ari da, kirola, basoa, lurraldea eta herritarren parte-hartzea uztartzeko.
Ongizatearen eta zaintzaren arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politika Departamentuarekin ari da lanean, basoa egoitzetako pertsonei hurbiltzeko. Gastronomiaren ikuspegitik, berriz, Basque Culinary Centerrekin basoaren balio berriak lantzen ari da, gastronomia, jasangarritasuna, prestakuntza eta baso jangarria uztartuz.
Fundazioaren arabera, BasoHUBen bidez Gipuzkoa berrikuntza forestalean eta basoen zaintzaren inguruko elkarlanean erreferente bihurtzea da helburua.
Arrutik amaitzeko adierazi duenez, “gaur aurkeztu ditugun datuen atzean helburu handiagoa dago: Gipuzkoako baso-ondarea hurrengo belaunaldientzat egoera hobean uztea. Basotik ez da soilik gaurko behar bati emandako erantzuna; biharko Gipuzkoa prestatzeko tresna da”.
890