Basotik Fundazioak bere baso eredua sendotu du 2.000 hektarea kudeatuta
Basotik Fundazioak bere baso eredua sendotu du 2.000 hektarea kudeatuta
Fundazioak II. Batzarra egin du gaur Donostiako Kursaalen, eta 200 jabe eta erakunde laguntzaile baino gehiago hurbildu dira. Basotikek 230 kontratu baino gehiago formalizatu ditu dagoeneko, eta aliantzak estutu ditu BasoHUBen barruan, herritarrak baso-kudeaketa arduratsu baten inguruan ikertzeko eta sentsibilizatzeko.

BSTK Basotik Fundazioak II. Batzarra egin du gaur arratsaldean, Donostiako Kursaalen, eta 200 basojabe baino gehiagok eta fundazioarekin lankidetzan diharduten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute bertan. Topaketak aurtengo jardueraren balantzea egiteko, fundazioak aplikatzen duen kudeaketa aurreratuaren ereduan egindako aurrerapenak partekatzeko eta Gipuzkoako basoen etorkizuneko erronka nagusiei heltzeko balio izan du.
Bertan izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta Basotik Fundazioko presidentea, eta Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko gerentea. Era berean, hainbat adituk parte hartu dute batzarrean, hala nola Inazio Martinez de Aranok, Europako Baso Institutuko (European Forest Institute, EFI) Mediterraneoko Eskualde Bulegoko zuzendariak, Europako baso kudeaketaren erronka nagusiei buruzko hitzaldia eman duenak. Mahai inguruan, berriz, Isabel Albizuk, NEIKEReko ikertzaileak eta LIFE SILFORE proiektuarekin lotutako adituak, Imanol Zubelzuk, Basque Culinary Centerreko Mantala proiektuaren koordinatzaileak, Ainara Mugak, Real Sociedad Fundazioko proiektu zuzendariak, eta Iker Mansok, SanMarkosene egoitzako hezitzaileak, parte hartu dute.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hasiera eman dio ekitaldiari, basoen jabeei eta erakunde laguntzaileei Basotik ekimenean jarritako konfiantzagatik eskerrak emanez. Adierazi duenez, ekimen hori “helburu zehatz batekin sortu zen: lurraldean jabetza pribatuko basoen zaintzari eta kudeaketari dagokienez sortzen hasi zen beharrari erantzutea”, eta “hiru urte hauetan 2.000 hektarea baino gehiago kudeatu dira horrek erakusten duelarik ekimen hau abian jartzeak ekarri duen arrakasta”. “Basotik epe luzerako begirada eta lankidetza da. Oinarrian, baso-jabeok eta administrazioek partekatzen dugun ikuspegi eta erantzukizun bat dago: belaunaldi gazteenei baso zainduak uztea, Gipuzkoa hobeago bat, alegia”.
Era berean, baso kudeaketa aurreratu eta jasangarri baten inguruko ikerketa eta sentsibilizazioa bultzatzen laguntzen duten erakundeen lana aitortu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baso kudeaketa jasangarriari dagokionez duen konpromisoa berretsi du, lurraldeko ondare naturala zaintzeko.
Martxan jarri zenetik 900 familia baino gehiagok erakutsi dute interesa Basotik ekimenean. Fundazioak 230 kontratu formalizatu ditu orain arte, eta baso-azalera horien kudeaketan lanean ari da dagoeneko, basoberritzen, garbiketa- eta xehaketa-lanak egiten eta ingurune horiek zaintzen, kasu bakoitzean dauden beharren arabera.
Ildo horretan, Xabier Arrutik bere hitzaldian nabarmendu duenez, “basoen kudeaketa aurreratuaz hitz egitean, basoen ingurumen, ekonomia eta gizarte erronkei aurre egiteko tresna batez hitz egiten ari gara, biodibertsitatea babestetik eta suteak prebenitzetik bioekonomia garatzeraino”.
Batzarrean, fundazioaren azken aurrerapenak partekatu dira, eta baso kudeaketaren inguruko esperientziak elkar trukatu dira. Topaketak jabeekin elkarrizketa sendotzeko ere balio izan du eta, ondorioz, familia ondarea den bere lursailarekiko lotura bizirik mantentzeko. Ildo horretan, Jon Ander Ostolaza Basotik enpresako gerenteak azpimarratu du fundazioaren helburua kontratuak sinatzetik harago doala. “Basoak kudeatzeak berekin dakar jabeekin elkarrizketa aktiboa izatea, haien lurretan gertatzen diren lanak eta berrikuntzak ezagut ditzaten eta haien historiaren parte gisa sentitzen jarrai dezaten”, adierazi du.
Era berean, fundazioaren erakunde laguntzaileekin BasoHUBen esparruan egiten ari diren lanak azaldu dira. BasoHUB Basotik fundazioak bultzatutako gunea da, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetza sustatzeko.
BasoHUB iaz jarri zen martxan, baso-jabeen lehen Batzarrarekin batera, eta ordutik sektore anitzeko hainbat erakunde batu zaizkio. Xedea da proiektu berritzaileak, zeharkakoak eta elkarlanean garatutakoak abian jartzea, honako arlo hauetan: osasuna eta ongizatea; gizarte-sentsibilizazioa eta -partaidetza; kultura, nortasuna eta lurraldea; basogintza jasangarriaren kudeaketari aplikatutako I+G+b; bioekonomia; deskarbonizazioa; eta basoen erabilera berriak.
2467