Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea BateraLabs ekimenak klima-aldaketari aurre egiteko herritarren partaidetza-prozesu bat bat bultzatzen du Urola Kostan

BateraLabs ekimenak klima-aldaketari aurre egiteko herritarren partaidetza-prozesu bat bat bultzatzen du Urola Kostan

Prozesuaren helburua eskualdean klima-egokitzapenerako ekintza zehatz bat definitzea eta abian jartzea da, lurraldeko eragileekin lankidetzan eraikia.

2026/06/01
BateraLabs Urola Kosta

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklimak sustatutako ekimenak hogeita hamar bat eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu ditu Zarautzen, diagnostikoak partekatzeko eta klima-egokitzapenerako proposamenetan aurrera egiteko.

José Ignacio Asensio: “Klima-trantsizioa eraginkorra izango da soilik lurraldetik abiatuta eta herritarren parte-hartze aktiboarekin erantzun partekatuak eraikitzeko gai bagara”.

BateraLabsek lankidetzarako beste saio bat egin du gaur arratsaldean Urola Kostan, klima-aldaketaren aurrean tokiko erantzunak bultzatzeko. Topaketak Urola Kostako Mankomunitateko eskualdeko hogeita hamar bat eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu ditu, herritarrek parte hartzeko gune batean, klima-arriskuak identifikatzeko eta jarduketa-proposamenak batera eraikitzeko.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatu du, Naturklima Klima Aldaketa Fundazioarekin, lurraldeko udalekin eta eskualdeko garapen-agentziekin batera, lurraldearen ezagutza eta esperientzia klima-egokitzapeneko ekintza zehatz bihurtzeko.

Bileran José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Ion Arozena Urola Kostako Mankomunitateko presidenteak parte hartu dute, eta klima-aldaketaren ondorioei erantzun eraginkorrak emateko erakundeen, elkarteen eta herritarren arteko lankidetza indartzearen garrantzia nabarmendu dute.

Bertaratutakoen artean daude, besteak beste, Zarautz, Zumaia, Aia eta Getariako udalak, Merkatu Bizirik, URKOME, Kaixo Musto, Zarauzko Emakumeen Etxea, Zarautz Kirol Elkartea, Zarautz On, Zarauzko Surf Elkartea, Zarauzko Real Club de Golf, Zumaiena, Zarauzko Triatoloi elkartea, Mario Onaindia Fundazioa, Cáritas Zarautz, Projekta Urbes, Lakari, Eulen Grupo Ciclista eta Zumaiako Geoparkea.

José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “klima-egokitzapena lurraldetik eta tokiko eragileen inplikazioarekin eraiki behar da. Diagnostikoak entzutea, partekatzea eta elkarrekin lan egitea funtsezkoa da konponbide eraginkorrak eta sozialki bidezkoak garatzeko”.

Urola Kosta, klima-aldaketa gero eta biziagoaren inpaktuen aurrean

Jardunaldian Urola Kostako klima-diagnostiko espezifikoa aurkeztu da. Urola Kosta Gipuzkoan klima-kalteberatasun handiena duten eskualdeen artean dago, Goierrirekin eta Debagoienarekin batera. Urola Kosta bereziki baldintzatuta dago kostaldean duen esposizioagatik eta espazio natural jakin batzuen sentikortasunagatik.

Horien artean, Pagoetako eta Izarraitzeko Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) nabarmentzen dira, klima-aldaketaren ondorioen aurrean kalteberatasun-maila handiak identifikatzen baitira.

Aurkeztutako azterketak eskualdeko itsasertzeko esposizio handian ere jartzen du arreta, bereziki Zarautzen eta Zumaian, itsas uholdeei eta hondartzen atzerakadari lotutako arriskuak baitaude, itsas mailaren igoeraren ondorioz.

Era berean, diagnostikoak arrisku ertainak identifikatzen ditu tenperaturen igoerarekin, muturreko fenomeno meteorologikoekin eta prezipitazio-patroien aldaketekin lotuta. Horien artean, nabarmentzekoak dira abeltzaintza-ekoizpenean eta animalien ongizatean duten eragina, baso-suteen arriskua handitzea eta euri-jasek baso-eremuan dituzten ondorioak.

Hiri-ingurunean, azterlanak adierazten du, halaber, espazio publikoan estres termikoa izateko arriskua areagotu egiten dela eta itsas uholdeek eraikinei eragin diezaieketela.

Herritarren parte-hartzetik ekintza zehatzak abian jartzera

Saioa abiapuntu gisa erabili da bertaratutako erakundeen ekarpenak jasotzeko eta lehentasunezko jarduera-eremuak identifikatzeko. Lan horretatik abiatuta, prozesuak hurrengo bileretan jarraituko du. Bilera horietan, eskualdean klima-egokitzapenerako ekintza zehatz bat definituko da, parte hartzen duten eragileen artean adostuta.

Jasangarritasun Departamentuak teknikoki lagunduko du prozesu horretan, proposamenak jarduketa erreal eta bideragarri bihurtzeko, eta Ekintza Klimatikoen Herritarren Paper-zorroan integratzeko. Tresna horrek aukera emango du eskualdeetan sortutako ekimenak multzokatzeko eta koherentzia emateko, eta ekimen horiek lurraldean bultzatzea eta abian jartzea erraztuko du.

  

504