Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea BateraLabsk-ek herritarrek klima-aldaketaren aurrean parte hartzeko foro bat bultzatuko du Buruntzaldean

BateraLabsk-ek herritarrek klima-aldaketaren aurrean parte hartzeko foro bat bultzatuko du Buruntzaldean

Lehenengo saioa Lasarte-Oriako Antonio Mercero gunean egin da, eta eskualdeko hogeita hamar bat eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu dira.

2026/04/16
BateraLabs Buruntzaldea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak klimaren entzute- eta ekintza-prozesu bat sustatzen du, gutxienez proiektu zehatz bat garatuko duena lurraldeko eskualde bakoitzean.

José Ignacio Asensio: “BateraLabs herritarrei entzuteko eta klima-aldaketaren aurrean elkarrekin lan egiteko gune irekia da. Trantsizio ekologikoa bidezkoagoa eta eraginkorragoa izango da tokikotik eta lurraldeko sektore guztien inplikazioarekin eraikitzen bada”.

Herritarrek klima-aldaketaren aurrean parte hartzeko BateraLabs foroak Buruntzaldean ekin dio ibilbideari, Lasarte-Oriako Antonio Mercero espazioan egin den lehen lan-saioarekin. Lurraldeko hogeita hamar eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu dira jardunaldian, eskualdeko klima-erronkei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa kolektiborako gune batean.

Prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatzen du, Naturklima Klima Aldaketa Fundazioarekin, udalekin eta eskualdeko garapen-agentziekin lankidetzan, eta pixkanaka lurraldeko hamaika eskualdeetan garatuko da.

Saioan José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidenteak eta Agustín Valdivia Lasarte-Oriako alkateak parte hartu dute. Horiek nabarmendu dute garrantzitsua dela parte hartzeko guneak bultzatzea, klima-aldaketari tokikotik aurre egiteko.

Lasarte-Oriako Antonio Mercero gunean egindako saioan berrogeita hamar pertsona inguruk parte hartu dute, besteak beste, eskualdeko erakundeetako ordezkariek, gizarte eragileek eta elkarte sareak. Bertaratutakoen artean daude Lasarte-Oria, Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo Udalak; Aterpea, Berriak, Lasarte-Oriako Emakumearen Zentroa, Leitzaran bisitarien etxea, Gipuzkoako Eraikuntza Eskola, Urnietako Salestarrak, Urbil Merkataritza Zentroa, Chillida Leku, Goiz Eguzki, Hernaniko Elikagaien Bankua, Andoaingo Gurutze Gorria, Lasarte-Oriako Gurutze Gorria, Biyak Bat, Usurbilgo Lanbide Eskola, Nagusilan eta Lao Kultur Elkartea.

Buruntzaldea klima-agertoki zorrotzago baten aurrean

Jardunaldian, Buruntzaldeko klima-diagnostiko espezifikoa aurkeztu da. Diagnostiko horren arabera, datozen hamarkadetan muturreko klima-fenomenoen maiztasuna eta intentsitatea handituko dira.

Aurreikusitako agertokien artean, bero-boladen eta gau tropikalen kopuru handiagoa nabarmentzen da, bai eta irregulartasun handiagoa ere prezipitazioetan, lehorte-aldi luzeak eurite handiekin txandakatzen baitira, eta horrek uholde-arriskua handitzen du.

Hiri-eremuan, diagnostikoak kalteberatasun ertaina identifikatzen du ibai- eta euri-uholdeek eraikinetan eragin ditzaketen kalteen aurrean, eta horrek prebentzio- eta egokitzapen-neurrietan aurrera egiteko beharra indartzen du.

Lehen sektorean, analisiak tenperaturen igoerarekin lotutako arrisku ertainak aipatzen ditu, abeltzaintza-ekoizpenari eta animalien ongizateari eragin diezaioketenak. Era berean, baso-eremuan, sute-arriskua eta euri-jasak areagotzearekin lotutako arrisku ertainak identifikatu dira.

Testuinguru horrek agerian uzten du garrantzitsua dela klima-aldaketaren inpaktuei aurrea hartzea eta eskualde bakoitzaren errealitatera egokitutako erantzunak diseinatzea, lurraldearen erresilientzia eta herritarren bizi-kalitatea indartuz.

Diagnostikotik ekintza partekatura

Saioan parte hartzeko dinamika bat garatu da, parte-hartzaileek Buruntzaldeko klima-errealitateari buruz duten ezagutza eta esperientzia jasotzeko. Prozesu horren bidez, inpaktuak, ahuleziak eta jarduteko aukerak identifikatu dira, eta ondorengo lanerako lehen oinarri partekatu bat sortu da.

Lehenengo saio honek BateraLabs prozesuaren hasiera markatzen du Buruntzaldeko eskualdean. Bigarren fasean, hurrengo hilabeteetarako aurreikusia, eztabaida kolektiboa eta proposamen zehatzen definizioa landuko dira, neurri bideragarriak diseinatzeko, identifikatutako arduradunekin eta lurraldean benetako eragina dutenekin.

Prozesuaren elementu nagusi gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak konpromisoa hartzen du gutxienez proiektu zehatz bat bultzatzeko Buruntzaldean, partaidetza-prozesutik bertatik sortzen diren lehentasunetatik abiatuta. Ekimen horiek ekintza klimatikoen herritarren paper-zorro baten parte izango dira, eta udalei, eskualde-agentziei eta inplikatutako departaentuei helaraziko zaie, herritarren proposamenak jarduketa erreal bihurtzeko.

BateraLabs ez da ekintza puntual bat, prozesu jarraitua baizik. Klima-ekintza bultzatzeko beste modu bat: parte hartzeko guneak irekitzea, diagnostikoa partekatzea eta tokikotik jardutea trantsizio ekologiko bidezkoagoa, demokratikoagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko.

  

811