Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Batzar Nagusiek Aldundiaren 2026rako Aurrekontu Orokorrak onartu dituzte

Batzar Nagusiek Aldundiaren 2026rako Aurrekontu Orokorrak onartu dituzte

Gaur onartutako aurrekontuek aukera emango dio Aldundiari bere ongizate estrategian aurrera egiteko, zaintzan, sortzen ari diren errealitate sozialetan eta etorkizuneko ekonomia bermatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi berdea eman diote gaur osoko bilkuran 2026rako Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Foru Arau Proiektuari, EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemosen babesarekin. Akordio horri esker, Aldundiak aurrera egin ahal izango du bere 2023-2027 Estrategian. Estrategia horren ardatza lurraldearen ongizate integrala bermatzea da, hiru zutabeen bidez: soziala, ekonomikoa eta jasangarria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak momentua aprobetxatu nahi du, 1.296 milioi euroko aurrekontu errekorrarekin, lurralde estrategian aurrera egin eta hau indartzeko, arreta berezia jarriz zaintzan, sortzen ari diren errealitate sozialetan, ekonomiaren sustapenean eta komunitatearen indartzean.

Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazpenak egin ditu Batzar Nagusien osoko bilkuraren ondoren, eta bertan esan duenez, “aurrekontu hauek onartzea, zalantzarik gabe, albiste ona da Gipuzkoarentzat, Gipuzkoan bizi diren herritar guztientzat, herritarren ongizatea bermatzeko eta pertsonentzako eta enpresentzako aukerak eskaintzeko urrats berriak, urrats sendoak eta berritzaileak ematen jarraitzeko aukera emango baitu”.

Diputatu nagusiak 2025. urteak ekarri duenaren balantzea egin du. Urte horretan proiektu bereizgarriak gauzatu dira, lurraldeari anbizioan irabaztea eta etorkizunerantz aurrera egiteko jauzi kualitatiboa ematea ahalbidetu diotenak “gaur egun bizi dugun nazioarteko ziurgabetasun testuinguruaren aurrean beharrezkoa den zerbait” adierazi du. Mendozak gaineratu duenez, “aurrekontuak onartuta, indar handiagoz helduko diogu datorren 2026ari, Gipuzkoa indartuz eta lurraldeak dituen erronka nagusiei jarraipena emanez”.

Mendozak gogorarazi duenez, “legegintzaldia hasi zenean, akordioen legealdia izateko konpromisoa hartu genuen, eta hala izaten ari da”. Ildo horretan, Foru Gobernuaren zentraltasuna nabarmendu du, denbora honetan ezkerrarekin zein eskuinarekin adostasunak lortu baititu. Ildo horretan, diputatu nagusiak adierazi du “Legebiltzarreko talde guztiekin lan eta negoziazio hilabeteak izan direla, ahalik eta adostasun zabalena lortu ahal izateko. Zentzu honetan nire eskerrak eman nahi dizkiot Elkarrekin-Podemosi adierazitako prestutasunagatik. Azkenean, ondo zentratutako akordio bat lortu dugu, eta, zalantzarik gabe, albiste ona da Gipuzkoako herritar guztientzat”

Bere aldetik, José Ignacio Asensiok, lehen diputatu nagusi ordeak ziurtatu du, “aurrekontu hauek amaiera bikaina eman diotela legegintzaldi honi, gutxiengoan dagoen gobernua izan arren, akordioak lortzeko gaitasun handia izan bait du”. Asensiok azaldu duenez, urtebete da erreforma fiskala ere onartu dutela, "eta benetan pozik gaude horrekin. Gainera, Gipuzkoarako baliabidez hornitzeko aukera emango diguten aurrekontuak ditugu”.

Gipuzkoako Diputatu Nagusiordeak Elkarrekin-Podemos Gipuzkoaren lana eskertu du, "aurrez landutako ildotik joan den akordio bat ahalbidetu duelako, eta horri esker gizarte politikak, jasangarritasun politikak eta etorkizuneko proiektuak finkatu ahal izan ditugulako. Gobernu gisa, oso pozik gaude”.

  

3792