Bazkardoko lazoaren jendaurreko erakustaldia abiarazi du Aldundiak, N-I eta A-15 errepideen Andoaingo lotunean auto-ilarak desagerraraziko dituen proiektua
Bazkardoko lazoaren jendaurreko erakustaldia abiarazi du Aldundiak, N-I eta A-15 errepideen Andoaingo lotunean auto-ilarak desagerraraziko dituen proiektua
Bazkardoko lazoaren jendaurreko erakustaldia abiarazi du Aldundiak, N-I eta A-15 errepideen Andoaingo lotunean auto-ilarak desagerraraziko dituen proiektua
Bazkardo eta Sorabilla arteko mugikortasuna eta errepidearen integrazioa hobetzeko plan integral bat jarri da martxan, Mimendi auzo paretik igarotzen den errepide tartea erabat estaltzea ere barne hartzen duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bihar, ekainak 17, jarriko du jendaurrean N-I eta A-15 errepideak Andoainen lotzeko proiektua, 'Bazkardoko lazoa' izenez ezaguna. Hala, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak obrak urtea amaitu baino lehen esleitzea aurreikusten du, 57 milioi euroko aurrekontuarekin , eta ondoren obrei ekitea, 18 hilabeteko eraikuntza epearekin. Aldi berean, hobekuntza proiektu osagarrien lizitazioa bultzatuko du departamenduak; besteak beste, Mimendi auzo paretik igarotzen den errepide tartearen estaltzea eta udalerrirako sarbide berriak. Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “lazoak Bazkardoko eguneroko auto-ilarak konpontzea ahalbidetuko du, eta horrek ingurumen kalitatea hobetzea ere ekarriko du”, eta azpimarratu du jarduera guztiak “harago" doazela, "Mimendi edo Sorabilla bezalako eremuetarako behin betiko soluzioak ahalbidetuz, ingurumena errespetatuz", eta "inguruko auzoen bizi kalitatea hobetzeko helburua izango dute".
Berasaluzeren arabera, jarduketa horrek “Gipuzkoako korapilo nagusietako bati” soluzioa emango dio, eta Bazkardoko egungo zirkulazio arazoa konponduko du, “gaur egun lurraldean egunero auto-pilaketa gehien dituen gunea baita". Helburua da trafikoaren arintasuna hobetzea, herrigunean eraginik izan gabe, eta, aldi berean, hobekuntza-jarduketa programa integral bati bide emango dio.
Lazo formako lotunearen trazatua Atorrasagastiko tunelaren irteeratik abiatuko da eta bi errei mantenduko ditu Lasartetik datorren N-I errepidearekin lotu arte. A-15 errepidearen enborra N-I errepidearen eta Oria ibaiaren gainetik igaroko da, 595 metroko luzera duen lehen egitura baten bidez. Ondoren, bigarren egitura batek, 215 metroko begizta osatuko du, N-I errepidea eta Oria ibaia zeharkatuko ditu berriro, eta behera egingo du N-I errepidearekin bat egin arte, Tolosa-Lasarte tartean.
Lazoa, gainera, "Bazkardo eta Sorabilla auzoen arteko bide-ardatz osoa hobetzeko programa integral baten abiapuntua da. Aurreikusitako jarduketen artean, Mimendi auzotik igarotzen den errepide tartea erabat estaltzea nabarmentzen da, zarataren arazoa desagerrarazi eta hiri-espazio berri bat sortzeko aukera emango duena; baita udalerrirako sarbide eta irteera berriak gaitzea ere, SAPA-Bordaberri, Karabanen edo Txistoki bezalako eremuetan. Era berean, hobekuntzak aurreikusten dira Sorabillako bide-txirikordaketan, inpaktu akustikoa murrizteko neurriekin eta ingurumena eta segurtasuna hobetzeko jarduketekin batera”. “Asmo handiko programa da, Andoaingo egunerokotasuna hobetuko duena, eguneroko joan-etorriak erraztuz eta mugikortasuna hobetuz”, gaineratu du Berasaluzek.
Kamikazeen aurkako sistemaren instalazioa N-I-ean
Gainera, Diputatuen Kontseiluak onartu du N-I errepidean kontrako noranzkoan doazen ibilgailuak detektatzeko eta abisuak emateko sistema aitzindaria eraikitzeko, instalatzeko, zerbitzuan jarri eta mantentzeko proiektua, bai eta N-I eta A-15 errepideetan C-ITS (Garraio Adimenduneko Sistema Kooperatiboak) baliza berriak jartzea ere.
‘Kamikazeen aurkako sistema' datozen asteetan hasiko da instalatzen N-I errepideko 15 puntutan, eta urtearen amaieran pixkanaka martxan jarriko direla aurreikusten da. Dispositiboak Idiazabal, Lazkao, Ordizia, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Irura, Villabona, Andoain eta Lasarte-Oriako sarbideetan kokatuko dira. Sistema horiek teknologia aurreratua, 3D radar kamerak, adimen artifiziala eta matrikulen errekonozimendua izango dituzte, eta, horri esker, denbora errealean identifikatu ahal izango dira kontrako norabidean zirkulatzen duten ibilgailuak, eta automatikoki aktibatu ahal izango dira informazio panelak, inplikatutako gidaria eta errepideko gainerako erabiltzaileak ohartarazteko.
Paraleloan, 50 C-ITS baliza berri jarriko dira N-I eta A-15 errepideetan. Jada AP-8 eta AP-1 autobideetan martxan dauden 27 balizei gehituko zaizkie. Sare horrek aukera emango du ibilgailuen, azpiegituraren eta kontrol-zentroen artean denbora errealean informazioa etengabe trukatzeko, trafikoaren segurtasuna eta kudeaketa aurreratua indartuz.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, jarduera hori “beste urrats bat da Aldundiak etorkizuneko mugikortasunerako duen estrategian”, eta, aldi berean, segurtasuna eta berrikuntza indartzen ditu Gipuzkoako errepide sarean. Era berean, azpimarratu du teknologia horien hedapenak “sendotu egiten duela Europa mailan gidatze autonomoaren eta segurtasun aurreratuaren esparruetan proiektu pilotuak lidergoa hartzeko egiten den apustua”.
Diru-bilketak bilakaera positiboa maiatzean
Agerraldian, Ogasun eta Finantza departamentuak diru-bilketari buruz egindako azken txostenaren berri ere eman du bozeramaileak. Horrela, Gipuzkoako zerga itunduen bilketa metatua % 6,2 igo da maiatzera arte, aurreko urteko aldi berarekiko; hau da, 2.177,7 milioi euro bildu dira guztira bilketa likido gisa. Sarrera osoak % 6,2 igo dira, eta itzulketak, ostera, % 6,0.
Zerga-figurei dagokienez, zuzeneko zergen bilketa likidoa % 9,4 igo da, eta zeharkako zergena, aldiz, % 5,0. Berasaluzek azaldu duenez, "zerga-bilketaren bilakaera positiboa maiatzera arte, batez ere, lan etekinen gaineko atxikipenen, kapital higigarrien gaineko atxikipenen, ondare irabazien, BEZaren edo Ondarearen gaineko Zergaren diru sarreren hazkundeagatik izan da". Aitzitik, "BEZaren itzulketen eta PFEZaren kuota diferentzialaren igoerak moteldu egin du hazkundea".
Lan etekinen gaineko atxikipenak % 4,5 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 47 milioi euroko igoera. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak 9 milioi handitu dira (kontzeptu hori erdibana banatzen da PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren artean). Ondare irabazien gaineko atxikipenak 18 milioi euro handitu dira (kontzeptu hori % 15 banatzen da PFEZn eta % 85 sozietateen gaineko zergan). PFEZaren kuota diferentzial garbiaren itzulketak 0,7 milioi igo dira. "Kontuan izan behar da kanpainako sarrerak uztailean eta azaroan kontabilizatzen direla, eta kanpainako itzulketa gehienak apirila eta ekaina bitartean egiten direla”, azaldu du.
BEZaren bilketa % 5,3 hazi da, sarreren igoerak eta lurralde arteko doikuntzek bultzatuta, itzulketak handitu diren arren. Bestalde, zerga berezietan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 5,0 igo da, hau da, 2,7 milioiko igoera. Transakzio finantzarioen gaineko zergaren bilketa % 58,0 igo da, hau da, 3,4 milioiko igoera aurreko urtearen aldean.
1047